Sautrela 411: Kepa Altonaga, Tomas Tranströmer eta Tigre ehizan
Ez dira ugariak, tamalez, euskal letretara hurreratzen zaizkigun zientzia-emakume eta gizonak, ez bederen liburuak idaztera animatzen direnak. Horien artean handienetarikoa dugu Kepa Altonaga biologoa, hainbat saiakera nabarmen argitaratu dituena. Oraingoan euskal prosari buruzko saiakera kritiko batekin etorri zaigu, Back to Leizarraga, ziur aski eztabaida eragingo duena. Neogarbizalekeriaren kontra, euskal prosa aberastu beharra aldarrikatzen du nolabait, maileguak hartzeko beldurra kentzea zehaztasunaren mesedetan. Azken urteetan Xabier Amurizak planteatutako zenbait ideien ildotik, bada, zenbait testu eta itzulpenen zatiak xeheki aztertu ditu ikerketa zoli eta buruargi batean. Ze mankantza ote ditu egungo euskal prosa hedatuak? Nola aberas ote liteke? Horiexek guztiak izango ditugu elkarrizketan.
Erreportajean, idazle zendu berri bati buruzkoak izango ditugu. Martxoaren akaberarekin hil zen Tomas Tranströmer poeta suediarra, besteak beste 2011n Literatura Nobel Saria eskuratu zuena. Poesia molde aski berezi bat ondu zuen, sotil bezain neurtua. Haren lan osoa itzuli zuen Juan Mari Agirreurretak, eta harekin mintzatu gara poetaren soslaia ezagutze aldera. Horrekin batera Kirmen Uribek ere emango digu bere ikuspegia, idazlearen obraren jakitun ez ezik haren zenbait ale itzulitakoa baita.
Beñat Sarasolak, azkenik, Aingeru Epaltzaren nobela bati buruz jardungo zaigu, Tigre ehizan-i buruz. Euskadi Saria eskuratutakoa, bi planotan eraikitako kontakizuna dugu, 1944. urtean kokatua.
Ohiko legez, larunbatean izango dugu ikusgai, 15.00etatik aurrera, ETB1en.
Saioa osorik ikusteko klikatu hemen