[Kafe Aleak] Kattalin Minerrek Chavela Vargasen “Macorina”

[Kafe Aleak] Kattalin Minerrek Chavela Vargasen “Macorina” –

[Kafe Aleak] Kattalin Minerrek Chavela Vargasen "Macorina"

.

Chavela Vargas

Macorina” (RCA, 1996)

.

Ni naiz Macorina, ez beste inor

Batzuetan saiatzen gara gauzek berezi izaten jarrai dezaten. Begiak ixten ditugu gogor, itsutu nahian bezala, ez ikusteko nola norberarentzat hain berezia den hori, beste askok ere berezitzat duten. Musikarekin begiak ez ezik, belarriak ere estali behar izaten ditugu, kantu hori edozein lekutan ez entzutearren. Baina askotan onartu behar izaten dugu guretzat orain hain berezia dena, ez dela betiko.

[Kafe Aleak] Kattalin Minerrek Chavela Vargasen "Macorina"12 urte dituzula izebak kotxea hartu eta Madrila eramaten zaitu, kontatu dizulako bertan, Thyssen museoan Frida Khaloren koadro bat dagoela, ekarri berri dutela eta denbora gutxi iraungo duela bertan. Gogoratzen duzu nola, ezin loak hartu pasatzen duzun aurreko gaua, Olentzeroren existentzia apurtu zizutenetik gogoratzen duzun zirrara indartsuena biziz bezala. Gogoratzen duzu, loak ezin hartu eta mesanotxeko argia piztuta banan-banan errepasatzen dituzula Taschen liburuko Fridaren koadro guztiak, galdetuz bihar ikusiko duzuna zein izango ote den. Bai, 12 urte dituzu eta jada friki mitomano bat zara.

Gogoratzen duzu, inuzenteki orduan ere, uste zenuela Frida berezia zela, kasik zurea bakarrik, edo enkualkierkaso zurea eta izebarena, gero handitzen zoazen heinean, konturatzen zara Che berri bat dela eta haserretu egiten zara. Baina hori ere ikasi egiten da.

Oraindik begiak gogor itxiz gero, Fridaren koadro txiki hura ikusteko gai naiz batzuetan, eta nola izebak bizkarra zaindu zidan museo batean egin daitekeen bekatu handiena egiteko: koadroa pixka bat laztandu.

Kotxean itzuleran baina, galdetu nion izebari ea musikarik bazuen, eta berak ezetz, ez behintzat niri gustatuko litzaidakeen ezer. Ni kaseteen artean saltsan nenbilen eta han aurkitu nuen: Chavela Vargas. Agian izebak ez du jakingo, baina Chavelaren istorioa kontatzearekin bat, nire bigarren maitasun platonikoa pizten hasi zen. Gogoratzen dut orduan, nola egin genuen bidaia osoa, gogotik abesten “¡Ponme la mano aquí Macorina, ponme la mano aquí!” Oihuka, garrasika, hura imitatzen saiatuz.

Eta orduan izan nintzen bigarren aldiz ume friki mitomanoa, gelako paretak Fridaren eta Chavelaren argazkiz beteta dituen 12 urteko ume friki mitomanoa. Gero denbora pasatzen da, eta lesbiana egiten zara (bai, batzuetan pasatzen da, lasai, ez da horren horriblea), eta gainera feminista, eta konturatzen zara zure bi lagun berezi horiek gero eta gehiago ikusten dituzula edonon. Hala ere jarraitzen duzu, Chavelarekin kantuan, eta tarteka pentsatzen duzu, bizitza azaldu ere egiten dizula, zuri kantuan dabilela, zure bizitza eta amodioak ulertzen dituela. Bai, jada lesbiana dramatiko bat bilakatu zara, eta hor ez dago atzera bueltarik. Baina gero, konturatzen zara ez zarela zu hain berezia, bihotza apurtuta kalean zehar dabilen lesbiana askok darabilela kaskoetan Chavela (ezin daiteke neurtu zenbat min egin dion Chavelak lesbianen bizitzari). Eta haserretu egiten zara. Hainbeste haserretu, Chavelaren disko denak gorde egiten dituzula, txoko batean, eta gorrotatu egiten duzula eta esaten diozula argazkiari begira: “para eso escucho a Bebe, ¿sabes?”. Bere errua izango balitz bezala edo.

Baina urteak berriz ere pasa egiten dira, eta amaren etxera itzultzen zara udara batez, eta atzetik dabilkizu esaten ea garbiketa bat noiz egingo duzun zure gelan, eta horiek dira momentu klabeak. Han aurkitzen duzu, behin maitatu zenuen andre hura, hautsez beteta, Macorina dioen CDan begirada galduaz, serio.

Momentu horiek dira urrea balio dutenak. Play sakatu, zuzenean azkeneko kantua jarri, eta kotxe hartan bazina bezala, behin eta berriz, gelditu gabe, “¡Ponme la mano aquí Macorina, ponme la mano aquí!” garrasi egiten duzu eta mundua popatik hartzera bidaltzen duzu, esanez, “zu betiko zara berezia niretzat, beste horiek ez dakite deus… Zu eta ni Chavelita, zu eta ni”.

.

Kattalin Miner (Hernani, 1988)

.

“Kafe aleak” liburuaz, Leire Lopez Ziluagak eta Ibon Rodriguez Garciak, argitalpenaren arduradunek
[Kafe Aleak] Kattalin Minerrek Chavela Vargasen “Macorina” [Kafe Aleak] Kattalin Minerrek Chavela Vargasen “Macorina”