Katalin Antxia: “Irabazteko ezer badugu, bezeroekiko kontaktu zuzena da”

Katalin Antxia –

Moda ulertzeko beste modu bat da Katalin Antxia diseinatzailearena (Aretxabaleta, 1988). Iraupen luzeko material organikoak, eskuzko josketa, soiltasuna eta txikitasuna maite ditu. Poitiers hirian finkatua du The Modubat bere proiektuaren tailerra. Handik dihardu, poliki-poliki, inertziak irauli nahian.

Katalin Antxia

Zergatik abiatu zenuen The Modubat bezalako ‘slow’ egitasmo bat?
Beharrizanez izan zen –barrez–. Moda diseinu munduan muturra sartzen duzunean, adoptatuko zaituen mezenas bat ez baduzu behintzat, aurrekontu oso txikiekin mugitzen zara. Ni neu neure poltsikotik hasi nintzen oihalak erosten. Orduan, argi izan nuen materialek gutxienez hurrengo hamar urteetarako balio behar zutela. Iraunkortasunaren txipa halabeharrez aktibatu nuen hasieratik, eta halaxe eboluzionatu du proiektuak.

Zein motatako erabakitan gauzatzen da txip hori?
Ehun naturalak erabiltzen ditut nagusiki: kotoia, lihoa, kalamua, artilea, zeta… Nahiz eta aitortu behar dudan hau ere halabeharrez izan zela, oihal sintetikoek alergia eragiten didatelako –barrez–. Garbiketa askori eusten dioten materialak dira, eta denboraren iragana hobeto jasaten duten koloreak ere aukeratzen ditut: urdina, zuria, grisa… Bestalde, lerro sinple eta soilak jarraituz mozten ditut patroiak, halako arropa gustatzen zaidalako, eta oinarrizkoek ez dutelako inoiz aspertzen. Prototipoak prest ditudanean lagunen artean banatzen ditut, erabil ditzaten, eta gero iritzia eskatzen diet: non behar duten lasaiera gehiago, nondik jaso, non jarri botoiak… eta abar. Azken emaitza behar bezain pentsatua, neurtua eta probatua izan dadin gustatzen zait.

Prozesuari dagokionez, zein da zure markaren balio erantsia?
Orain arte ekoiztu ditudan bildumetatik hiru nik neuk josi ditut goitik behera, ez zirelako oso handiak. Gainerakoak Elx-eko (Alacant) jostun tailer batera bidaltzen ditut. Espetxetik irten berri izanik bazterkerian erortzeko arrisku handia duten emakumeak aritzen dira han, lan merkatuan berriz sartzeko bidea zabaltzen diete nolabait. Kutsu soziala duten ekimenekin saretzen saiatzen naiz. Proiektu txikia da hau, txiki izaten jarraitu nahi dutena gainera, baina ni neu honetatik bizitzeko ez ezik, beste batzuei lana emateko ahalegina ere egiten dut. Askoz aberatsagoa iruditzen zait komunitatea proiektu txiki eta anitzez betetzea, handi gutxi batzuek dena fagotizatzea baino.

Hala ere, zaila edo ia ezinezkoa izango zaizu zure idealekin %100ean koherente izatea, ezta?
Ba bai, guk aldarrikatzen ditugun ideiak ez direlako iritsi, adibidez, azokak edo moda asteak antolatzen dituztenen moduetara. Slow fashiona egiten duen diseinatzaile batek ez luke presioa sentitu behar urtean bi, lau edo hamar bilduma egiteko, baina pasarela edo showroom jakin batzuetara heldu nahi badugu, euren erritmora egokitu beste aukerarik ez dugu izaten, gure printzipioak alboratuz. Bestalde, materialen erabilerari dagokionez, zintzoena litzateke kotoi edota liho ekologikoa aukeratzea adibidez, pestiziden erabilera arbuiatuta. Baina, badakizu zer gertatzen den? ‘Eko’ joera hau bogan dagoela moda industriaren baitan ere, eta marka handiek bere egin nahi dutela. Horretarako, ziurtagiriak eta halakoak sortu dituzte, oso garestiak, soilik eurek eskura ditzaketenak; txikiok material konbentzionaletara kondenatu gaituzte, ez dugu dirurik ziurtagiriek monopolizatutako material merkatu horretan erosteko. Hortaz, bai, praktikan zaila da gure ideiei eustea.

[…]

JARRAITU IRAKURTZEN: GAZTEZULO.EUS

Katalin Antxia

Euskal Herri osora hedatzen den euskara hutsezko gazte hilabetekaria da Gaztezulo. 2000 urtean hasi zuen bidea aldizkari gisa, baina egun askotariko euskarriak dituen proiektu komunikatibo osoa da. Gazteen topalekua.