Kaskarotak eta zirtzilak Urruñan, denen pozgarri
Kaskarotak eta zirtzilak Urruñan –
Ihautea edo ihauteria Euskal Herri osoan ederra bada, Lapurdin oso errito, dantza eta kolore bereziak hartzen dituela erran beharra dago. Tokian tokiko pertsonaiak eta erritualak badiren arren, lapurtar kulturaren eremu osoan molde ihaute bakarra dugu. Kaskarotak ditugu udaberriko indarren ordezkari nagusiak eta zirtzilak neguko indarrak ordezkatzen dituztenak. Beraien arteko talka ezinbestekoa da; zirtzilek giroa zirikatuko dute, behin eta berriz, hasieran irabaziz eta bukaeran galduz. Urtearen zikloa irudikatzen dute; hasieran negua da nagusi, baina pittaka-pittaka, udaberria nagusituko da.
Hartza da, zalantzarik gabe, Lapurdiko ihautearen pertsonaia nagusia, ihaute osoaren ardatza. Negulo edo hibernazioan egona da, baina lehen eguzki printzak ikusi orduko, iratzarri eta euskal herrietara etorri zaigu. Hartzak ama-lurraren iratzartze ziklikoa irudikatzen du, udaberriaren etorrera, gizakiaren pizte nahia, laborantzaren arrapizte eta indartzea. Euskaldunok hartza arbaso totemikotzat hartu dugu, gure lehen arbaso zaharra hartza zela sinetsi baitugu luzaz. Hartza leize-zuloetan babesten zen, hortxe, ama-lurraren barruan egiten zuen bere neguloa, eta paleolito zaharrean, euskal gizakiek gauza bera egiten zuten. Eguzkia indartzean, hau da, udaberria iristean, lur-azal epelera itzultzen ziren, bizimodu berri baten bila, hartzaren antzera. Eta urtero errepikatzen den iratzartze hori oso garbi azaltzen zaigu lapurtar ihautean.
Kotilungorriak ere agertzen zaizkigu, sinbologia iluneko pertsonaiak izanki. Batzuek eritasunak irudikatzen dituztela diote, legena, batez ere, besteek lintzuretako izpiritu gaiztoak direla defendatzen dute, baina ez dago bat ere garbi.
Hartzarekin batera bada beste pertsonaia bat izugarrizko indarra eta garrantzia dituena; Zanpantzar izenekoaz ari naiz. Pertsonaia hau ihautearen pertsonifikazioa da eta ihauteko azken egunean, karrikaz karrika eramaten dute herriko plazaraino. Horren ondotik, epaiketa bat egiten diote, urtean herrian izan diren gaitz, eritasun, ezbehar eta gauza txar guztiak berari leporatuz. Epaia urtero bera da: heriotza errituala. Hori dela eta, kaskarotek eta zirtzilek su ematen diote, eta haren inguruan herritarrek euskal dantzak egiten dituzte, dantza-jauziak, zortzikoak eta fandangoak, gehienbat.
Urruñan, ihautea bi egunetan egiten da. Lehen egunean, larunbat batez, kaskarotak etxez etxe eta karrikaz karrika ibiltzen dira oleska, kantatuz eta dantzatuz, janez eta edanez. Etxeetako nagusiek atsegin handiz hartzen dituzte haien ateetan, eta jan-edanak eskaintzen dizkiete, zenbait kantu eta dantzaren truke. Kaskarotak eta zirtzilak etengabeko talkan ibiltzen dira, egun osoan, baina oraindik neguak nagusi izaten jarraitzen du. Hurrengo asteko larunbatean, ihauteko pertsonaiak Urruñako karriketara itzultzen dira, baina oraingoan Zanpantzar ezarri dute herriko plazan, epaiketa eginen diote era guztietako bekatu eta hobenak egotziz, eta azkenean su emanen diote. Hori izanen da udaberriaren eta kaskaroten garaipena sinbolizatuko duen momenturik gorena. Kaskarotak izanen dira garaile eta negua aldenduko da hurrengo urtera arte. Udaberriak ordezkatuko du negua urtearen zikloan. Aurten, Urruñan, Kaskaroten Eguna otsailaren 18an izan da eta Zanpantzar otsailaren 25ean.
Lapurdiko ihautea ez da Lapurdi osoan egiten, Lapurdiko ekialdeko herriak nafar euskalki eta kulturakoak baitira, eta herri horietan baxenafar ihautea egiten dute, hau da, santibatea, libertimendua, bolantak, zapurrak eta horrelakoak. Thierri Truffaut dugu, dudarik gabe, lapurtar ihautea hobekien aztertu eta interpretatu duena, eta bere liburuak eta ekarpenak oso kontuan hartzekoak dira. Biziki famatuak dira Beskoitzeko, Uztaritzeko, eta Donibane Lohizuneko ihauteak, baina herri guzti-guztietan prozedura eta jokaera bera dira. Urruñan, lan handia egiten dute Hazia elkarteko gazteek, beraiek ekartzen baitigute urtero ihautearen joko alaia gure herriko karriketara. Merezimendu handia dute. Beraientzat gure esker ona.
Euskal ihautea oso lotua dago euskararekin eta euskal kulturarekin, eta horiek gabe ezin izanen luke aitzina jarraitu. Kantuak, hitz jokoak, irudikapenak eta baita Zanpantzarren auzia ere, euskaraz egin behar dira. Ez du zentzurik euskaraz eta frantsesez egitea. Horrela egiten den herrietan, auziaren jokoa astuna, pisua eta aspergarria egiten da. Urruñan ere, horrela egiten zuten duela bospasei urte, baina euskara hutsez egiten denez geroztik, sekulako azkartasuna hartu duela erranen nuke nik.
Modu batean edo bestean, euskal ihautea izan behar da Euskal Herriaren, euskaraz bizi nahi duen herri honen isla, herri honen filosofiaren ispilu…, eta luzaz horrela izanen delakoan nago, euskarak galdutako lekua, berez berea den espazioa, berriz hartuko baitu. Geroak erranen!