Karten historia laburra
Karten historia laburra
Pixkanaka ari da eguna luzatzen, eta ohartzen hasten gara hilabete eskas geratzen dela udaberriaren iritsiera ofizialerako. Neguko egun motz eta ordu ilun luzeetan denbora gehiago igaro ohi dugu lau hormen artean, zeregin, plazer eta denborapasa artean. Mintza gaitezen azkenekoaz.
Karta joko zaleak gara asko eta asko, eta ez dakigu deus ere beren historiari buruz. Erlijio, hizkuntza eta nazio dezente baino zaharragoak dira kartak, eta hurrengo mus partidan interesantearena egin nahi bazenute hona hemen handik eta hemendik bildu dudan material apur bat.
Batzuen arabera Txinan dute jatorria, bertan asmatu baitziren lehen inpresio eta estanpatu teknikak. Adostasun aski handia dago historialarien artean kartak, hasieran bederen, igarleek erabiltzen zituztela baieztatzerako orduan. Lehenik, beraz, etorkizuna irakurtzeko funtzioa zeukaten, eta beranduago jokorako.
Txinan diru paperaren antzeko materiala baliatzen zuten. Indian karta jokoa XVI mendean zabaldu zen bereziki, mongoliarren inperiopean. “Dasavatara Ganjifa” izeneko jolas batean aritzen ziren, eta karta-sortako hamar adarrak Vishnu jainkoaren hamar berraragiztatzeetan oinarritzen ziren: arraina, dordoka, basurdea, lehoia, ipotxa, aizkora, arkua eta gezia, karakola eta zaldia. Japonian Karuta izeneko jokoa ezaguna da oso, eta bi karta-sorta dauzkate: Hanafuda eta Uta-Garuta.
Kartak, seguraski, arabiarrek ekarriko zituzten Ekialdetik Europa konkistatzeari ekin ziotenean; agian Gurutzadetatik itzuli zirenak ekarriko zituzten; baliteke bi aukerak balizkoak izatea. Lehen bertsioak badu helduleku bat: arabiarren sortak txanponak, kopak, zimitarrak eta makilak zeuzkan. Sorta horren eboluziotik sortuko zen Europako lehen karta bilduma.
Kartek, bai arabiarren eta bai iberiarren kasuan, garaiko jendartearen klase nagusiak sinbolizatzen zituzten:
- Urrea: komertzioa, burgesia (burgoetan bizi zena), artisautza, azoka…
- Bastoia: nekazaritza, jopuak, lurra lantzen zutenak, basoa, lana, herria…
- Kopa: Eliza, bere hierarkia osoa, erlijioa, fedea…
- Ezpata: monarkia, noblezia, armadak, indarra…
Eta non egin ziren lehen karta sorta horiek maila industrialean? Gasteizen, tren geltoki ondoan.
1875ean Heraclio Fournierrek karta sorta bat diseinatzeko agindu zien Marrazketa Eskolako Emilio Soubrier irakasleari eta Ignacio Diaz Olano margolariari. 1889an, Augusto Riusek zenbait ukitu eman zizkion karta sorta horri eta ia egungoaren itxura hartu zuen. Brontzezko domina jaso zuten Parisko Mundu Erakusketan, bere karten diseinu eta kalitatearengatik.