Kantuetan Dantzan, “dantza eman behar jakolako maite dan askatasunari”
Kantuetan Dantzan, “dantza eman behar jakolako maite dan askatasunari” –
-
Ruper Ordorika, Antton Valverde, Itziarren Semeak, Andrea Bidart eta Mikel Markez, Oreka TX eta Korrontziren abesti ezagunen koreografiak dantzatuko ditu Mungiako Amilotx Dantza Taldeak, baita Mikel Laboa eta Xabier Leterenak ere
-
Larunbatean arratsaldeko 20.00etatik aurrera oholtzaratuko dituzte Euskalduna Jauregian zuzeneko musikari, dantzari, abeslari eta Xabi Paya bertsolariaren partehartzearekin
-
Sarrerak Euskalduna Jauregiko webgunean eta, egunean bertan, leihatilan eskuratu daitezke
“Dana eman behar jako maite dan askatasunari” idatzi zuen Lauaxetak XX. mende hasieran, eta Mungiako Amilotx Dantza Taldeak herriko poetaren esaldia bere egin eta Kantuetan Dantzan ikuskizun berezi eta bakarra sortu du, “dantza eman behar jakolako maite dan askatasunari”.
Datorren larunbatean, urriaren 6an, arratsaldeko 20.00etatik aurrera, Euskalduna Jauregian oholtzaratuko dute zuzeneko musikari, dantzari, abeslari eta Xabi Paya bertsolariaren partehartze bereziarekin. “Abeslariek, musika taldeek, dantzariek eta bertsolariak batera ikuskizun oso berezia sortu dugu, bihotza ukitzen duen horietakoa. Kantuak eta kantu horiek interpretatzen dituzten dantzak batera ikusteko emanaldia izango da Euskalduna Jauregian”, aurreratu dute.
Berezia eta bakarra
Kantuetan Dantzan ikuskizunean sei musika taldek partekatuko dute Euskaldunako oholtza. Euskal Herriko musika eszenan izen handia duten taldeak izango dira: Ruper Ordorika, Antton Valverde, Itziarren Semeak, Andrea Bidart eta Mikel Markez, Oreka TX eta Korrontzi. “Eta dagoeneko gurekin ez dauden, baina beren kantuekin hilezkor bihurtu diren Mikel Laboa eta Xabier Lete”, zehaztu du.
Kantu horien koreografia gehienak Amilotx Dantza Taldeak sortu ditu. “Euskal dantzetan oinarrituta gure estilo propioa sortu dugu, dantza klasikoa eta garaikidearen eraginarekin. Guztira hogeita zazpi dantzarik parte hartuko dute. Amilotx Dantza Taldeko dantzariontzat sari handia da larunbatekoa. Ez gara profesionalak, maite dugun euskal dantzak batzen gaitu eta horrelako ikuskizuna martxan jartzeko indarra ematen digu. Azken urteetan lan asko egin dugu eta egindako ibilbidearen errekonozimendua da. Emanaldia iristeko irrikan gaude eta gure onena emango dugu geuk dantzan sentitzen duguna ikusleengan pizteko”, azaldu du.
Ekitaldia Xabi Payak gidatuko du, ohiko aurkezle lanak ezohiko moduan eramango ditu aurrera eta bertsoen bidez ikusten eta sentitzen duena helaraziko die ikusleei. “Artista bakoitza ikuskizunaren zati bat, puzzlearen pieza garrantzitsua da. Irudi osoa lortzeko pieza guztiak beharrezkoak dira. Bat faltaz gero ez da irudia bere osotasunean ikusiko, ezta sentituko ere. Kantu-dantza sinbiosi hori da denon artean egiten dugun ekarpena eta sinbiosi hori da ikuslearengan eragina izatea espero duguna”.
Ikusizunak “harrera bikaina” izan dutela nabarmendu dute eta dagoeneko 1.500 sarrera inguru saldu dira. Kantuetan Dantzan berezia eta bakarra izango da. Sarrerak Euskalduna Jauregiko webgunean (www.euskalduna.eus) eta, egunean bertan, leihatilan eskuratu daitezke oraindik. Sarreren prezioa 20 eurokoa da.
Hori horrela, eskerrak eman dizkiete ekitaldia aurrera ateratzen lagundu dieten Bizkaiko Foru Aldundiari, Mungiako Udalari eta Euskalduna Jauregiari, eta nola ez, Kantuetan Dantzan ekitaldian parte hartzeko gonbita onartu duten musika taldeei eta emanaldiaren gidari berezian bilakatuko den Xabi Payari. “Gure musika eta dantzaren historian orain arte ez da egon horrelako ikuskizunik. Euskal dantza eta musika maite dituen orok une ahaztu ezinez bizitzeko eta disfrutatzeko aukera paregabea izango du datorren larunbatean”, aurreratu du Gorizelaiak.