Kantu egile bat margolari
Kantu egile bat margolari –
… edo margolari bat kantu-egile?
Oier Aranzabalek zinemarako zuzendutako lehen lana, «Margolaria», pantaila handian ikusteko aukera izan dugu, Zinemaldian estreinatu baino lehen egin den prentsarako emanaldian.
Gure lankide Oierrek egitasmoaren berri eman zigun hartan, “Mikel Urdangarin ardatz duen lana” gauzatu behar zuela-eta, Dock Of The Bay jaialdirako, pentsatu nuen nire artean; “Zinemaldian estreinatu nahi nuke”, zafratu zigun berak. Baita lortu ere, Zinemira atalean parte hartu eta Euskal Zinemaren Irizar sarirako lehiatuko baita. “Duela bi urte, bakarrik abiatu nuen proiektua da “Margolaria”, orain lan talde eder batekin bukatu dudana”, adierazi du Aranzabalek proiekzioa baino lehen, ondoan Iker Treviño (zuzendariaren ondokoa) eta Ritxi Lizartza (ekoizlea) zituela.
Dock of the Bay aipatu dugu arestian, Donostian musikari buruzko dokumentalak erakusten dituen jaialdia delako, eta “Margolaria” ere, bere horretan, musikari bati buruzko dokumentala delako. Orain frogatu ahal izan dugunez baina, zuzen zebilen Aranzabal buruan Zinemaldia zerabilenean, Mikel Urdangarini buruzko filma, sorkuntzaz harago, isiltasunaz, hustu beharraz eta bakardadeaz mintzo baita.
.
Sorkuntzaren bidea
“Margolaria” bidaia bat da, espazioan eta denboran zehar, Gasteizen abiatuta Okinawara arte helduko baita Urdangarin -japoniako musikariekin elkarlan bitxian-, eta oholtza gainean bi hamarkada bete dituen honetan atzera begira ere jarriko baita, hastapenak -eta orduan hartutako erabakiak- akorduan. Eta tartean, zornotzarrak Londonera joko du Alain Urrutia lagun margolaria bisitatzera -filmaren gidoiari, zuzendariarekin batera Martin eta Xabier Etxeberria anaiek idatzia, osotasuna emango dion joan etorrian-.
Bidaia bat, sorkuntzarena. Alain Urrutiarekin aurrena eta Kirmen Uriberekin gero, bi lagun baino ez aipatzearren, musikaria sorkuntzaz mintzatuko da, bere jarduna margolari eta idazlearenarekin alderatuta. Horrela ezagutuko dugu artistak duen etengabeko hustu beharra, eta monomitoaren eskema (filma ikusi beharko duzue, Urrutia zertaz mintzo den jakiteko).
Sorkuntza, bakarlari deitzen dugun arren orain gutxira arte bakarrik jotzen ausartu ez den musikariarena; Urdangarinek berak egiten duen aitortzaren arabera, beti musikari bikainez inguratua izan dela baitio. Izan ere, zornotzarraren azken lanaren izenburua ere baden “Margolaria” dokumentalak, Mikel Urdangarinengan begirada jarrita, bere familia eta lagunak ere aurkeztuko dizkigu, Elisabeth Macklin, esaterako -euskarazkoak nagusi badira ere, gaztelerazko, ingelesezko zein japonierazko ahotsak ere badira filman-; noiz edo noiz bidaide izan dituen musikari eta gertuko dituen taldekideekin batera: Aragaki Mutsumi sanshi jolea edo orkestra sinfonikotik kalean jotzera igarotako Nika Bitchiashvili georgiarra, besteak beste.
Eta noski, fokupean Mikel Urdangarin dagoenez, bere kantuek daramate dokumentala. Sorkuntza prozesuaren parte diren entseguetan joak, musikariak giro barean direla; baita jendeaurreko zuzeneko arrakastatsuetan ere. Eta belarriak gozotzeaz gain, batez ere, emanaldi aurreko tentsio uneak haztatzeko aukera ere emango digu filmak. Baina musika bezainbat ekarriko dizkigu isiluneak, bere baitan denean artista biltzen duen isiltasuna; lan arrunta, soldata ziurra utzita, musikaren aldeko hautua egiteko ausardia izan zuen gizonaren bakardadea.
Hau guztia, zuri-beltz dotorean, Alain Urrutiaren margolana bailitzan. Honatx lagina: