Zinemaldiko euskal ekoizpena, inoizko oparoen

Zinemaldiko euskal ekoizpena, inoizko oparoen –

Irailaren 21etik 29ra izango den Donostiako 66. Zinemaldiak inoiz bainio euskal ekoizpen gehiago pantailaratuko ditu; hogei film guztira, gehienak gaur aurkeztu den Zinemira atalean.

Ekoizpen guzti hauetatik hamabostek Zinemaldian izango dute mundu mailako estreinaldia, eta Euskal Zinemaren Irizar saria lortzeko lehiatuko dira. Bestalde, Zinemirak Ramon Agirre antzezlea sarituko du, irailaren 25ean, Euskal Zinemaren Galan.

Euskal ekoizpen gehienak Zinemira atalean proiektatuko dira, arestian esan bezala, ez guztiak ordea. Azken urteotan legez, aurten ere euskal film bat egongo da Sail Ofizialean, lehiaz kanpo bada ere, Telmo Esnalen “Dantza”.

Beste euskal film bana dute atal hauek ere: Zuzendari Berriak (Koldo Almandozen “Oreina”), Zabaltegi (Maddi Barberren“592 metroz goiti” laburra), eta Perlak (Raúl de la Fuente eta Damian Nenow-ren “Un día más con vida” animaziozko filma). Aparte, bi euskal ekoizpen izango dira Culinary Zinema atalean: Miguel Ángel Jiménez Colmenarren “Y en cada lenteja un dios”, zein Aitor Bereziartua eta Ander Iriarteren “Bihar dok 13”.

Guzti hauekin batera, Euskal Zinemaren Galan pantailaratuko den Josu Martinezen “Jainkoak ez dit barkatzen” eta EiTB Galan proiektatuko den Victor Cabacoren “Vitoria, 3 de marzo” filmek osatzen dute, Zinemirako hamabi lanekin batera -azpian dituzue, banan banan-, lehen aipatu dugun hogei ekoizpeneko sorta.

.

Zinemira

Zinemaldiko euskal ekoizpena, inoizko oparoen
Zinemira aurkezteko agerraldia, gaur Tabakaleran (Zinea.eus).

Gaur aurkeztu den Zinemira atalari dagokionez, guztira hamabi izango dira proiektatutako ekoizpenak, fikziozkoak, ez fikziozkoak zein animaziozkoak.

Saila Ana Schulz eta Cristobal Fernándezen “Mudar la piel” filmak inauguratuko du -Locarnoko Sail Ofizialean estreinatua-, eta Fermin Muguruzaren “Black is beltza” animaziozko filmak itxi, izen bereko nobela grafikotik salto egin duen filmak.

Aipatutako biez aparte, bi dira azpimarratu gura ditugun ekoizpenak. Bata, sortzaile askoren artean egin eta Joseba Sarrionandiaren unibertsoa oinarrian duen “Gure oroitzapenak”.

Bestea, “Margolaria”, ZUZEUko kide Oier Aranzabalen estreinako lan zinematografikoa. Sorkuntza-prozesuaren gakoei helduko die filmean, Mikel Urdangarin abeslariak Alain Urrutiaren margolan bat bilatzeko egingo duen bidaiaren bitartez.

Gainontzean, zerrendatutako hogei ekoizpenetatik hamabost izango dira Euskal Zinemaren Irizar Saria eskuratzeko aukera izango dutenak; beste zinema jaialdi batzuetan estreinatutako filmak (“Mudar la piel”, “Un día más con vida”, “Bajo la piel del lobo” eta “Errementari”), eta film laburra den “592 metroz goiti” ez beste guztiak.

 

 

ZINEMIRA

Euskal zinemari eskainitako saila da Zinemira, Donostia Zinemaldiak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak antolatua; Irizar eta EITBk babestuta eta Euskadiko Filmategiaren, EPEren, IBAIAren eta Zineuskadiren lankidetzarekin garatua.

«Margolaria / The Painter»  (Oier Aranzabal)

Mikel Urdangarin musikariak eta Alain Urrutia margolariak goiz batean Skype bidez elkarrekin iandako elkarrizketa batean abiarazitako bidaia-kontakizuna.

Margolariak bere obretako bat eskainiko dio Mikeli, opari, baina baldintza batekin: musikariak itsasoan zehar, ferryan, joan beharko du Londresera opariaren bila. Bidaia aitzakia harturik, bere lanaren emaitzaz bizitzearen alde apustu egiten duen artista baten egunerokoan barrenduko gara, artista ororen laborategiaren erdigunean ezkutatzen den giltzarrira iritsi arte, bilaketa guztiak baitira egiaz bidaiak; eta sorkuntza-prozesua ere berez baita bidaia.

.

«Gure Oroitzapenak»

(Oskar Alegria, Mireia Gabilondo, Özcan Alper, Asier Altuna Iza, Eugène Green, Itziar Leemans, Josu Martinez, Fermin Muguruza, Ane Muñoz Mitxelena, Maider Oleaga, Carlos Machado Quintela, Maialen Sarasua)

Joseba Sarrionandiaren aurpegia poliedrikoa da; ez literatura-adierazpideko molde guztiak ukitu dituelako soilik, baita bere iruditeria, ezin konta ahala munduz osatua, sortzeko gai izan delako.

Beraz, literaturaren munduan agertzen diren elementuetako asko agertuko dira hemen, zalantzarik gabe: itsasoa, portua, haurtzaroa, trenak, deserrotzea, ihesa, nora eza, erbestea, gerra, suntsipena, amodioa, deriba, mina, fantasia, misterioa, iniziazioa, tortura…

.

«Izaro»  (Txuspo Poyo)

Izaro dokumental/saiakera bat da, eta Izaro irlaren identitatearen, historiaren eta legatuaren erretratu zatikatua eguneratzen du, haren diasporaraino.

Izaro izenak sortu ditu hainbat botere-praktika, irlaren jabetzari buruzko aldarrikapen juridikoak, teilaren jaurtiketaren moduko festak, Izaro Films Presenta ekoiztetxea, bere talaia Windsor dorrearekin, emakumezkoen nahiz gizonezkoen izen bereziak eta Bermeoko armadoreek eraikitako azken belaunaldiko atun-ontzi bat, Indikoko uretan arrantzatzen duena, Seychelleko ikurrinaren pean.

.

«Basque Selfie»  (Joaquín Calderón)

Agus Barandiaranek, mundu osoan euskal musika eta dantza tradizionalaren enbaxadore izandakoak, euskaldun batek izan dezakeen amesgaizto latzenari egin behar dio aurre: bere 1540ko baserria eraitsi nahi dute, errepide berria egiteko.

Agusek gertakarien aurka jo beharko du bere sustraiak babesten saiatzeko. Izan ere, euskal kulturan, lau horma baino askoz ere gehiago da “etxea”. Basque Selfie istorio tristea da, baina onbideratzailea, eta tradizioa du ardatzean: norberaren ezaugarriak bizirik mantentzeko tradizioa.

.

«Errementari»  (Paul Urkijo)

Zortzi urte igaro dira 1833ko Karlistadaz geroztik. Arabako herrixka batean, Alfredo izeneko gobernu-komisarioa basoaren sakonean dagoen errementeria ilun bateraino iritsiko da gertakari bat ikertzen ari denean. Patxi izeneko errementari arriskutsu eta bakartia bizi da han.

Inguruko herritarrek lapurretei, hilketei eta deabruzko itunei buruzko istorioak kontatzen dituzte hari buruz. Harik eta, egun batean, halabeharrez, Usue izeneko umezurtza errementeria misteriotsuan sartzea lortzen duen arte. Orduan, agerira ekarriko du Patxi errementariaren atzean ezkutatzen den egia lazgarria.

.

«Black is Beltza»  (Fermin Muguruza)

1965eko urria. San Fermineko erraldoien konpartsak New Yorkeko Bosgarren Etorbidean desfilatzeko gonbidapena jaso du, baina ezingo dute denek desfilatu: arrazarekin lotutako kontuak tarteko, estatubatuar agintariek erraldoi beltzek ekitaldian parte har dezatela debekatu dute.

Benetako gertakarietan oinarrituta, Muguruza, Cano eta Alderetek Manex Unanueren istorioa kontatuko dute, erraldoi beltz horietako bat eramateko ardura duen fikzio pertsonaiarena. Konpartsako kideek inposatutako erabakia onartu izana deitoratuz, etxera berriz ez itzultzeko erabakia hartuko du Manexek.

Gaztearen begiradaren bitartez, 60ko hamarkadaren erdialdean gizartea irauli zuten gertakariak ezagutu ahal izango ditugu: Malcolm Xen heriotzagatiko mobilizazioak, Warholen tailerreko giro bitxia, Black Pantherren eta Kubako zerbitzu sekretuaren artean eratutako harremana eta hippie mugimenduaren hastapenak, musikako lehenengo makrojaialdien giro psikodelikoaz inguratuta.

.

«Mudar la piel»  (Ana Schulz eta Cristóbal Fernández)

Juan ETAren eta Espainiako gobernuaren arteko bakea lortzen ahalegindu zen bitartekari bat da. Roberto haren bizitzan urte luzez infiltratutako zerbitzu sekretuko espioi bat da. Mudar la piel haien istorioa da: Juanena, zuzendariaren aitarena, eta Robertorena, hura zelatatu zuen gizonarena.

Traizioa gorabehera, adiskidetasun bitxia landu dute biek. Mudar la piel, orobat, zinemagileek espioiarekin izandako harremanaren eta haren identitate labaina harrapatzeko zailtasunaren kronika da.

.

«Bajo la piel de lobo» (Samuel Fuentes)

Bajo la piel de lobo filmak tranpa-jartzaile bakarti baten istorioa kontatzen du. Martinón mendialdeko herri urrun bateko azken biztanlea da.

Udaberrian soilik izaten du kontaktua beste gizaki batzuekin, harrapatzen dituen animalien larruak salerosteko bailarara jaisten denean. Hala ere, haren bizitzan emakume bat agertzen denean, sentimendu berriak bizitzen hasiko da. Topaketa berezi horren ondorioz aukeratu egin beharko du: bere kalteberatasuna aurkitu edo bere alderdi basatienera abandonatu bere burua.

.

«Baúles (Kutxak)»  (Juanmi Gutiérrez)

1931. urtea. Loisen, Espainiako Leongo mendialdeko herri batean, Julián Lópezek kutxa handi batean sartuko ditu bere gauzak eta, haren emazte Candelasek ezer jakin gabe, Mexikorako bidea hartuko du.

1970. urtea. Candelas duela hiru urte hil zen. Ustekabean, Mexikotik gutun bat iritsiko da Loisera, Julianen heriotzaren berri emateko. Riañoko familia-etxean, txoko batean, Julianek Mexikora eramandakoaren antzeko kutxa zaharra aurkituko dute.

.

«Gallo»  (Antonio Díaz Huerta)

Aitor sortzetiko glaukoma batekin jaio zen, eta eskuineko begiko ikusmena galdu zuen hamalau urte soilik zituenean. Sendagileek berriz ere surfik ez egiteko gomendatu zioten, baina hala ere haien aholkuei kasurik ez egitea erabaki, eta surf egin bitartean ikusmena galdu zuen zorigaiztoko istripu batean. Orduan, 39 urte zituen.

Gaur, istripua gertatu zenetik 5 urte igaro direnean, desgaitasuna dutenek edozein erronkari aurre egin diezaioketela erakutsi nahi du Aitorrek, baina horretarako, fisikoki eta mentalki prestatu beharko du. Batez ere, itsu utzi zuen istripua gogora ekartzeak sortzen dizkion zalantzak eta beldurrak gainditu beharko ditu.

.

«Lady Off»  (David Rodríguez Losada)

Ana aktore gazteak, tamalez, ezin du antzezle profesionala izan. Astelehenetik larunbatera denda batean saltzaile dabil, lanaldi erdian, eta horrekin uztartu behar ditu bere antzerki-ekoizpen txikiak, halakoren batean lekurik aurkitzen duenean. Baina orain, rol berri bat buru-belarri prestatzen dabil Ana: Shakespeareren Richard III antzezlanean Lady Ana hezurmamitzeko aukeratu dute, Madrilgo off antzoki txiki batean.

Ekoizpen xumea izan arren, Anari ilusio handia egiten dio aukera horrek, baina ilusioak berehala egingo du topo antzelanaren zuzendariaren borondate gogorrarekin; izan ere, Richardek eszenatokian (metaforikoki) hertsatu, iraindu eta are umiliatu ere beharreko jostailu soiltzat ulertzen du Lady Anaren pertsonaia.

.

«La noche nos lleva»  (David González Rudiez)

Jorge saskibaloi-jokalari profesionala izan zen hogeita hamabost urteak bete arte. Orain hogeita hamazazpi ditu, eta ez daki zer egin bere bizitzarekin aurrerantzean.

Egunero berandu jaikitzen da, bideo-jokoetara jolasten da, zabor-janez betetzen da eta ondoren gauera arte oinez ibiltzera ateratzen da. Ia-ia ez du harremanik beste inorekin, eta burbuila batean bizi da; baina isolamendua akaso urrunegi eraman duela ohartzen denean, burbuila hori hausten saiatuko da.

 

Zinemaldiko euskal ekoizpena, inoizko oparoen
Zinemaldiko euskal ekoizpena Zinemaldiko euskal ekoizpena Zinemaldiko euskal ekoizpena Zinemaldiko euskal ekoizpena Zinemaldiko euskal ekoizpena Zinemaldiko euskal ekoizpena Zinemaldiko euskal ekoizpena Zinemaldiko euskal ekoizpena Zinemaldiko euskal ekoizpena Zinemaldiko euskal ekoizpena Zinemaldiko euskal ekoizpena Zinemaldiko euskal ekoizpena Zinemaldiko euskal ekoizpena Zinemaldiko euskal ekoizpena Zinemaldiko euskal ekoizpena

ZUZEUko erredakzio kide