Kalean da Elhuyar aldizkaria, diseinu eta formatu berriekin

Kalean da Elhuyar aldizkaria, diseinu eta formatu berriekin –

Elhuyar aldizkariak diseinua eta formatua berritu ditu. Hala, lehen baino txikiagoa, garbiagoa eta erosoagoa da, irakurtzeko eta eskutan ibiltzeko atseginagoa.

Edukia ere eraberritu du, neurri batean. Izan ere, betiko helburuari eusten dio: zientzia eta teknologia munduan gertatzen denaren berri ematea, era zorrotz eta entretenigarrian. Orain, baina, orri gehiago ditu, eta zientzialariek berek, pertsonek, dute lehentasuna.

Hala, elkarrizketak, analisiak, iritzia eta ikertzaileek egindako artikuluek osatzen dute aldizkaria. Horrez gain, gaurkotasuneko erreportajeek eta albisteek ere leku nabarmena dute. Eta bestelako atalak ere baditu aldizkariak, hala nola Istorioak, zientziaren historiaren pasarteekin, edo Ikusmiran, kalitate handiko zientzia-argazkiekin.

Kalean da Elhuyar aldizkaria, diseinu eta formatu berriekin

Aldizkari berrituaren lehen zenbaki honetan, Eva Poveda López birologoa da elkarrizketatu nagusia. Hiesaren birusean aditua da, eta abenduaren 1a da, hain juxtu, Hiesaren Aurkako Nazioarteko Eguna.

Erreportajeak, berriz, hauek dira:

  • Gorputza ere bagara. Gorputzaren bidezko bizipenek garunean eta haren funtzioetan duten garrantziari buruz.
  • Tinto ibaia, beste mundu bat. Tinto ibaiko berezitasunen eta han egiten diren ikerketen gainekoa.

Urteko harpidetza 16 € da.  Lau zenbaki argitaratzen dira paperean, eta egunero eskaintzen dira eduki berriak webgunean.

Kalean da Elhuyar aldizkaria, diseinu eta formatu berriekin

Elhuyar 1972an jaio zen zientzia eta euskara uztartzeko asmoz. Elhuyarrek Kultur Elkarte bezala egin zituen lehen urratsak eta 2002an Fundazio bihurtu zen. Ordutik, Elhuyar Fundazioak etengabe dihardu lanean zientzia eta teknologia gizarteratzeko eta euskararen garapena bultzatzeko. Elhuyar Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da eta hainbat diru-iturriri esker dirau lanean: bazkideen ekarpenak, diru-laguntza publikoak eta Elhuyarrek ekoizten dituen produktuetatik lortutako mozkina. Elhuyarren xedea hauxe da: Euskara zientzian, teknologian eta gizartean sendotzen eta harentzako arlo berriak eraikitzen egiten dugu lan, euskal komunitate aktiboa eta kritikoa helburu.