Kalbario mendia Daniela Albizu gogoan
Kalbario mendia Daniela Albizu gogoan –
Duela 30 urte inguru, Urruñara, nire familiarekin batera, bizitzera etorri nintzela, Daniela Albizu, emazte atsegin, irribarretsu, jakintsu euskaltzale eta abertzalea ezagutu nuen. Egia aitortu behar badut, bere idatziak jadanik ezagutzen nituen, batez ere, Maiatz literatur aldizkarian plazaratzen zituenak.
Elkar ikusten genuen aldiro, mintzatzen ginen, eta harekin beti-beti ikasten nuen zerbait berria, aberats eta zabala baitzen Danielaren jakituria. Enetako plazera zen Danielarekin hitz egitea eta ikastea, eta beti banuen galderaren bat edo beste prest, urruñar emazte handiari egiteko. Berehala ematen zizkidan erantzunak eta era guztietako zehazkizunak. Buru onekoa zen, eta bihotz zabalekoa.
Horrela jakin nuen Kalbario (edo Galbario) mendian den gurutzeaz. Bera harro zen, Leon Albizu aita hargina izan baitzen gailurrean ipini zuten lehen gurutzea altxatzeko arduradun nagusia. Gainera, irri artean, beti aipatzen zuen bere aita, komunista izanki, izan zela Urruñan zegoen gurutze handiena altxatu zuena. Eta hori berarentzat ohore handia zen, Daniela, haren ama Nizeta Berasategiren antzera, giristino sinestuna baitzen.
Behin, Sarako Idazleen Biltzarrean, liburu ttipi bat aurkezten eta saltzen ikusi nuen. “Kalbarioa. Le mont du Calvaire” izena zuen, eta Sokorriko Amaren Adiskideen elkarteak eskaturik egina. Pozik zegoen esku artean zuen liburuttoa erakutsiz. Hori bai, hizketan hasi, eta berehala sumatu nion bihotzean sarturik zuen arantza zein zen, liburua frantsesez, soil-soilik, egiteko agindu baitzioten. Danielak, hala ere, liburuaren atalburuak euskaraz eta frantsesez ematen ahalegindu zen.
1.- Liburuaren nondik norakoak
Lehen aipatu bezala, liburua ez da handia. Hogeita hamasei orrialde baititu bakar-bakarrik, baina bai mamitsua eta bihotzez egina. Zenbait ataletan banatua da: historia, ezaugarriak, ikerketak, eraikina, elorri zuria, inaugurazioa, eta abar. Bukaera gisa, azken berriak izeneko ataltxoa. Atal horien arteko loturak: Danielaren luma erromantikoa eta mendia, baseliza eta gurutzearekiko maitasun eta miresmen sakona.
2.- Kalbario mendiko baseliza
Hastapenean, galdera bat egiten dio bere buruari: zergatik du halako izena Xoldokogaina mendiaren aitzinean kokaturiko muino edo mendixka horrek? Eta segidan ematen du erantzuna: oso garai zaharretatik mendixka horretan kalbario bat zegoelako. Noiztik? Ez dakigu, baina iduriz, garai zaharretatik hor kokatua zen.
Eta berehala gogoeta zentzudun bat dakarkigu gogora. Aro zaharretan, eta planeta osoan, baita Euskal Herrian ere, gure arbaso zaharrek natura gurtzen zuten, sakratua zelakoan, eta mendietan, jainko-jainkosa zaharren babesa eta laguntza bereganatu nahian, beren leku santuak eraiki zituzten. Gaur Kalbario deitzen dugun mendixkan horrelako zerbait gertatu zela uste zuen, neolito aroan, inguruetan trikuharri eta harrespil franko eraiki baitzituzten, gaur oraindik ikus ditzakegunak. Gerora giristinoen etorrerarekin kalbarioa ezarri zuten mendixkan.
Urruñan hori gertatu zela garbi dago, eta horrela XIV. mendean, inguruetako mendi eta mendixketan kapera giristinoak altxatu zituzten, ziur aski, lehenagotik leku sakratu jentilak ziren tokietan: Larrunen, Kalbario-mendian, Sokorrin… Bi azken izen horiek berriak direla garbi dago, erlijio berriarekin loturikoak. Ene ustez, eta bertako toponimiari begiratuz, nik erranen nuke gaurko Sokorri mendixka Zuhigarai edo antzeko izen bat zuela. Zuhi hitz zaharrak erran nahi du ezkur-zuhaitzak (haritzak, ametzak, arteak…) diren tokiak direla. Eta nik Danielaren zerrenda honi beste mendixka bat gehituko nioke: Urrunaga, hau da, gaur Urruñako eliza altxatzen den muinoa. Toponimoak garbi adierazten du hurritz edo hurrondo bat bazela muino horretan, inguruetatik ikusgai zena. Gerora, ziur aski, eliza gainean eraiki zuten.
J.B. Daranatz kanonigoak idatzirik utzi zuenez, Aprendiztegi apeza izan zen, 1650. urte irian, bere ondasun guztiak Kalbarion zegoen baselizatxoa konpontzen eta egokitzen ari izan zena, eta iduriz, ondoko eraikin batean bizi zen. Orduz geroztik, irailaren 14an, prozesio bat antolatzen zuten Kalbario-mendiko baselizan zegoen gurutzeraino.
Hortik goiti, ainitzetan suntsitu zuten Kalbarioko baseliza, ebasleek, zein, frantses eta espainolen arteko gerletan, hortik pasatutako soldaduek.
1967ko abuztuan, René Dhers-ek udako kolonietako zenbait neska-mutilekin, hondakinetan zen baseliza garbitu zuen. Urte bereko irailaren 26an, Jean Fourcade urruñar kronista eta ikerlariak gutun bat igorri zion herriko auzapeza zen René Soubelet jaunari, lehen aipatu gazteek Kalbario mendian egin garbiketa goratuz, eta baseliza berri bat egiteko eskatuz. Soubelet jaunak Urruñako herria prest zegoela baseliza berriaren eraikuntzan laguntzeko, erantzun zion. Eta horrela, abendurako, oinarrizko lanak egiten hasi ziren. 1968ko bukaerarako dena egina zegoen, baita gurutze luze eta galanta altxatua ere, eta 1969ko udaberrian inaugurazioa egin zuten. Gurutzea altxatzeko lanetan Leon eta Pierre Albizu aita-seme harginak buru-belarri aritu ziren. Zurgin lanak Jean Dhérin zokoarrak egin zituen. Inaugurazio egunean, Joseph Gosterratxu jaun erretorak baseliza eta gurutze berriak benedikatu zituen bertara igo ziren urruñar guztien aitzinean.
1990ean Antton Etxegorri jaun erretorak garai bateko prozesio zaharra berreskuratu zuen eta orduz geroztik, Garizumako lehen igandean egiten da. 1997an, ekaitzek eta euriteek ordurako izugarri hondatua zuten gurutzea beste berri batez ordezkatu zuten herriko langileek. 2007ko azaroan haizete handiek bigarren gurutze hura ere birrindu zuten eta 2008ko apirilaren 4an, gurutze berria ezarri zuten aurrekoaren toki berean. Horixe da orain Urruñako bazter guztietatik harro ikusten dena.
Daniela Albizu, 2015eko otsailaren 26an zendu zen, 78 urte zituela. Bera izan da Urruñak izan duen euskal erreferentzia ezinbestekoa, herriko etxean lehen hautetsi abertzalea, iraganaren oihartzuna eta geroaren igarlea, denbora berean. Ainitz utzi zion Urruñari, baita Lapurdi eta Euskal Herri osoari ere, eta gaur urruñarren bihotzean atxikirik dela erran genezake. Ongi merezi du karrika edo plaza bat bere izenean, herri honen alde dena eman zuenak gure esker on eta oroitzapena ukan ditzan. Anartean, hor ibiliko da, Urruñako mendietan barna, Sokorrin, Xoldokogainan, Kalbarion, Larrunen… gure izadiaz eta paisaiaz gozatuz eta Euskal Herriaren etorkizun aske eta emankorrari bidea seinalatuz. Hori ere etorriko baitzaigu. Ziur!