[Kafe Aleak] Beñat Sarasolak Ama Say
[Kafe Aleak] Beñat Sarasolak Ama Say –
.
Ama Say
“Say Ama” (Esan Ozenki, 1994)
.
Zerbait ezberdina
Laurogeita hamarreko hamarkadaren hondarrean deskubritu nuen Ama Say taldea. Ordurako taldea bananduta zegoen, eta beste behin ere, berandu iritsi nintzelako sentipen faltsua eduki nuen. Faltsua diot, zeren, besteren artean, orduan hasi bainintzen, halaber, Dut, Lisabo, Anari eta abar entzuten; esan nahi baita, bete-betean jardunean zebiltzan puntako taldeak entzuten. Baina, ordukoan, Kortatu eta Negu Gorriak ziren gure arteko euskal talde entzunenak. Horren aldean, Ama Sayk, bai eta Beti Muganek ere, musika forma aski berriak ekartzen zizkidaten. Garai hartan hasi nintzen, gutxi gorabehera, Neil Young, Sonic Youth, Pavement, Pixies eta enparauak aditzen, eta jakina, Ama Sayk egiten zuena entzutea sekulako ziztada zen; hain gustukoak nituen nazioarteko talde horien oihartzunak entzun zitezkeen Ortuellakoen diskoetan, beren euskanglish berezi horrekin.
Say ama izan zen entzun nuen taldearen lehenengo diskoa. Donostiako Udal Liburutegira joaten nintzen diskoak mailegatzera eta handik hartu nuen. Hasieran pentsatu nuen eskuztatzearen ondorioz portada maiztua zegoela, baina gero ohartu nintzen berez zela halakoa. Musikarekin ere antzera gertatu zitzaidan. Izan ere, etxean CD grabagailua musika katean genuen atxikia eta bertatik grabatzen genituen diskoak; ez zen ohiko ordenagailuko CD grabatzaile horietako bat. Aitaren kontuak. Gauza bitxia, sekula ez baitut beste inon ikusi halako CD grabagailurik. Bada, grabagailu hartan, grabatu aurretik baxu eta altuak neurtu behar ziren, eta ondo neurtu ezean, grabatutako CDaren soinua distortsionatua entzuten zen. Hasieran, beraz, pentsatu nuen nire grabazio akats baten kariaz entzuten zela hain distortsionatuta, portada ere xahututa zegoela pentsatu nuen bezalaxe. Soinu honengatik, iruditzen zait disko ezin egokiagoa litzatekeela biniloan entzuteko. Eta galdera bat bururatzen zait: inor animatuko al litzateke, berriki Lisabok Ezarian diskoarekin egin bezala, Say ama biniloan berrargitaratzen? Har beza nahi duenak enbidoa.
Edonola ere, agian artean soinu berezi hartara ohituta ez nengoelako, diskoko kantu entzunena, orduan, Mila kolore zen, bere hastapeneko zimikatze aratz-aratzekin. Astindu txiki bat behar izanez gero, Beti mugan zen entzun beharreko abestia, hain zuzen, Hondarribiko taldearen omenezkoa. Nagore Santamariak, Beti Muganeko kideak, aipatu bi kantuetan -eta Papillons noirs izenekoan- abesten du, eta uste dut hori dela disko hau aukeratu izanaren arrazoietako bat, eta ez Ikusi ditut umeak kalean ametsak akatzen, hura ere bikaina den arren. Nagoreren ahotsa Ibon Bilbaorenarekin ezin hobeki lotzen da. Hala ere, diskoko abesti guztiak dira apartekoak. Entzun hasiera, esaterako, Leolo. Hortik aurrera nekez egingo duzu atzera, eta bata bestearen atzetik entzungo dituzu kantu guztiak. Ez du huts egiten diskoak.
Taldea deskubritu eta denbora gutxira, Ttanttakun irratian musika programa bat egiten hasi nintzen. Irratiak txosna bat jartzen zuen Porrontxo jaietan eta gogoan dut nola ipini nuen Zerbait ezberdina txanda egokitu zitzaidan egun batean. Tipo bat erotu beharrean igo zen barrara “Give me something! Gime me something!” oihuka. Zerbait ezberdina nahi zuen hark ere, agidanez.
.
.
Beñat Sarasola (Donostia, 1984)
.