Julian Gaiarre, Erronkaritik mundura kantuz
Julian Gaiarre, Erronkaritik mundura kantuz –
Erronkarin izan zen artzain gazte bat, ardiak utzi eta Iruñera kantatzera abiatu zena. Iruñetik Madrileko kontserbatoriora gero eta Madriletik mundura. Tenor handia izan zen, bere garaiko onenetakoa, diru aunitz egin zuena, baina beti umiltasunez eta hurbiltasunez jokatzen jakin zuena. Eta horrek egin zuen handi Julian Gaiarre, herritarren artean herritar bat gehiago izaten jakin baitzuen beti, eta herriak bihotzez estimatu zion eta bihotzean atxikirik oroitarazi du gaurko egunera arte.
1.- Haur eta gazte kontuak
Julian Gaiarre Garjon, Nafarroa Garaiko Erronkari herrian sortu zen 1844ko urtarrilaren 9an, laborarien familia batean. Aita Mariano Gaiarre zuen, eta ama Maria Ramona Garjon. Herriko eskolan oinarrizko ikasketak egin zituen, eta hamahiru urte zituelarik, eskola utzi behar izan zuen etxeko lanetan laguntzeko. Berehala artzain moduan hasi zen. Hamabost urte betetzean, gurasoek Iruñera bidali zuten dendari. Familian kontatzen zutenez, behin dendan zegoela, musika banda bat pasatu zen aitzinetik, eta liluraturik, denda utzi eta bandaren gibeletik abiatu zen. Musikarekin izan zuen lehen harreman horren ondorioz, dendatik bota omen zuten. Halabeharrez, Erronkarira itzuli behar.
Aitak, berehala lan berria aurkitu zion Irunberriko burdinola batean, eta hor aritu zen lanean hainbat urtetan. Hemezortzi urterekin Iruñera itzuli zen arotz edo errementari lanak egitera. Kontatzen denez, lanean beti kantuz aritzen omen zen, eta hori dela eta, bertako lankide batek sortu berria zen Orfeón Pamplonés-en izena emateko aholkatu zion. Orfeoiko Joakin Maia zuzendariak, Gaiarre gaztearen ahotsa entzun ondoren, taldean onartu zuen lehen tenor gisa.
2.- Musikaren bideetatik barna
Joakin Maia izan zen bere lehen musika irakaslea, eta ondoren, Burlatako Hilarion Eslava musika-maisu handia. Azken honek beka bat lortzen lagundu zion, eta horrela, 1865. urtean, Julian Gaiarre Madrileko kontserbatoriora joan zen musika ikasketak jarraitzera. 1868an, hogeita lau urte zituelarik, Madrilgo kontserbatorioak antolatzen zuen kantu lehiaketaren bigarren saria eskuratu zuen.
Sari horrek bultzaturik, zarzuelak eta operak kantatzen hasi zen korista bezala. Baina urte berean, hau da, 1868an, Espainiako gobernuan zegoen Seiurteko Demokratikoak beka guztiak bertan behera utzi zituen. Gaiarrek ez zuen dirurik bere musika ikasketekin jarraitu ahal izateko, horregatik Joakin Gaztanbide zuzendari nafarra Ameriketarako prestatzen ari zen bira lirikoan sartzen ahalegindu zen. Tamalez, Gaztanbidek ez zuen onartu, eta, hogeita bost urterekin eta porrot eginik, Gaiarrek Iruñera itzuli behar izan zuen.
Iruñean hainbat kontzertu emanez bizi izan zen bolada batez. Iruñeko adiskide eta babesleen bitartez, Nafarroako Diputazioak diru-laguntza eman zion Milanera joan zedin musika-ikasketekin jarraitzera. Horrela, 1869an, Milanera abiatu zen.
3.- Kantari profesional gisa
Milanen zazpi hilabetez ahotsa lantzen aritu zen eta horrek ahalbideratu zion jendaurrean kantatzen hastea. Lehenengoz Varesen, Giuseppe Verdiren Lombardi izeneko operan. Berehala sekulako fama bereganatu zuen, eta segidan, zazpi urtez, Europako antzoki ospetsuenetan kantatzen aritu zen. Zazpi urte emankor horien ondoren, Milanera itzuli zen, Scala antzoki ospetsura, Donizettiren La Favorita izeneko obra abestera. Arrakasta ikaragarri handia atzeman zuenez gero, Scala antzokiko nagusiek kontratua luzatu zioten Belliniren I Puritani eta Ponchielliren La Gioconda obrak kanta zitzan.
Milango denboraldia amaituta, Buenos Airesera joan zen, eta hango antzokietan arrakasta itzela lortu zuen. 1877. urtean Lodresko Covent Garden antzoki famatuan kantatzen hasi zen, eta zazpi urte eman zituen aipatu antzokian lanean. Euskal Herrian ere, hainbat kontzertu eman zituen 1882. urtean, Bilbon eta Iruñean, sekulako arrakasta handia lortuz. Tamalez, gaixotu egin zen, eta Erronkariko etxean, osasuna berreskuratzen, atsedenaldi bat hartu behar izan zuen.
1884an antzokietara itzuli zen, eta lehen kontzertua Parisen egin zuen Lucrecia Borjia obrarekin. Eta Parisetik abiatuta bira handia egin zuen munduan zehar, Turinen, Bartzelonan, Valentzian, Sevillan… antzoki guztiak Nafarroako Urretxindorrari entzun nahi zioten entzuleez mukuru betetzen. Arrakastaz arrakasta ibili zen, atsedenik gabe. Hurrengo urtean, Pariseko Opera nagusian abestu zuen eta 1889an Madrilen. Ordurako gaixo zegoen, garai hartan sendaezina zen bronkoneumoniak jota. Hala ere, Madrilen Bizeteren Les pêcheurs de perles kantatzeko egin zioten eskaintza onartu zuen. Horretan ari zela eztarrian zerbait sumatu eta ezin izan zuen obra bukatu, konortea ere galdu baitzuen. Gaixoaldi luzean murgildurik ibili zen orduz geroztik, antzokietara ezin itzuliz. Honek depresio sakona eragin zion. 1890eko urtarrilaren 1ean, berrogeita bost urte zituela, Madrilen hil zen sukar handiak jota. Hil zenean, ezkongabea bazen ere, jakin badakigu Maria Mantilla sopranoarekin izen bereko alaba eduki zuela, testamentuan horrela onarturik utzi baitzuen.
4.- Julian Gaiarreren euskaltasuna
Gaiarre euskalduna zen, ttiki-ttikitatik erronkarieraz mintzatzen zena. Euskaltzale eta foruzalea zen, eta bere biretan, hiri handietako antzokietan kantatzen zuenean, Parisen, Bartzelonan, Buenos Airesen, Madrilean, San Petesburgon, Milanen…, funtzioaren amaiera gisa, Gernikako Arbola kantatzeko ohitura zuen. Aipa dezagun ere, Arturo Kanpion euskaltzale handia bere adiskideetako bat zela.
Munduan barna zebilela, gutunak bidaltzen zizkien Erronkariko senide eta lagunei. 1950ean Isidoro Fagoagak, Erronkarin, Julian Gaiarreren senitarteko batzuen etxean, 1884ko abenduaren 19an, Bartzelonatik Julianek izeba bati igorritako gutuna aurkitu zuen. Euskaraz idatzita, erronkariera ederraz eta berorikaz. Horra hor, nik gaurko grafiaz idatzirik:
“Ene tia Juana maitia. Eugenio xin da arront ongi. Kemen gaude anizko ongi guziak, eta hori nola dago? Nahi dia xin kona itsasoaren ekustra? Anizko handi da, tia Juana; nahi badu nik dud anizko deuri horrentako, bidajearen pagatako eta kemenko ostatiaren pagatako. Eztu egiten kemen hotzik batrere. Xaten dugu kemen anizko onki eta gero hartan dugu hiror neskatxi postretako, eta gazte eta pollit.
A! Zer bizia! Tia Juana maitia, hamar urte txikiago bagunu…! Goraintzi guzientako eta piko bat neskatxi pollit Erronkariko guziat. Julian.”
Ez da erran beharrik gutun hau guztiz baliosa zaigula garai bateko erronkarieraren ezaugarriak ezagutzeko eta aztertzeko.
5.- Gaiarreren omenez eta oroitzapenez
Zoritxarrez, gaur egun ez dugu Gaiarreren grabaziorik ezagutzen, garai hartan lehenak egiten hasiak baziren ere. Horregatik, baliteke egun batean, horietako bat aurkitzea eta Gaiarreren ahotsa berriz entzun ahal izatea. Bitartean, berari buruz idatzi diren artikulu eta liburu ugariekin konformatu beharko. Ospetsuenen artean honako liburuak aipa ditzagun:
- Florentino Hernandez Girbal. Julian Gayarre. Lira argitalpenak. Madril, 1970.
- Julio Enciso Robledo. Memorias de Julián Gayarre. Laida Edición e Imagen, S.A. Bilbo, 1990.
- José María Sanjuan Urmeneta. Gayarre. Nafarroako Gobernuaren argitalpenak. Iruñea, 1991.
- Oscar J. Muñoz Salvoch. Julián Gayarre, como el de casa ninguno. Julian Gaiarre Fundazioa. Erronkari, 1999.
- Marta Herrero Subirana eta Francisco Moreno Bardaji. Julián Gayarre: un tenor histórico, un navarro universal. Autoedizioa. Madril, 2003.
- Oscar Salvoch. Julián Gayarre. La voz del paraíso. Eunate argitalpenak, Iruñea, 2015
Horretaz gain, hiru film egin dituzte Erronkariko semeari buruz: Pepe Romeuk 1930ean egindako La muerte del ruiseñor izenekoa, Domingo Viladomatek 1959an plazaratu zuen Gayarre izenekoa eta Jose Mari Forquek 1986an plazaratu zuen Romanza final (Gayarre) izenekoa.
Gaiarre Madrilen zendu bazen ere, testamentuan idatzirik utzi zuen bezala, Erronkarin ehortzi zuten, Mariano Benlliurek haren omenez egindako hobi ederrean. Erronkarik ez du inoiz ahantzi bere sorterria horrelako pasioz maite zuen semea, Gaiarrek, beste zenbait gauzaren artean, herriko eskolak eta frontoia ordaindu baitzituen. Horrela gaur, Gaiarreren sortetxea bere izeneko museoa da, Gaiarre Fundazioak harrotasun handiz kudeatzen duena. Iruñean ere, ez dute inoiz Erronkariko tenor handia ahantzi, eta 1902an Gaiarre antzokia zabaldu zuten, orduz geroztik, Nafarroa osoan musika arloan ezinbesteko erreferentzia dena.
Halaber, 1950ean Iruñeko Takonera parkean Victor Eusa arkitektoak eta Fructuoso Orduna eskuturgileak egin monumentu ederra ezarri zuten. Horretaz gain, badira Gaiarreren izeneko kaleak Euskal Herriko hainbat herritan eta baita mundu zabaleko beste hainbat hiritan ere. Julian Gaiarrek Erronkari pasio handiz maite zuen, behin eta berriz erakutsi zuen bezala, eta oraindik gaur egun ere, erronkariarrek pasio handiz oroitzen dute herriko tenor handia.