[Kafe Aleak] Julen Azpitartek Lookey Dookey

[Kafe Aleak] Julen Azpitartek Lookey Dookey –

[Kafe Aleak] Julen Azpitartek Lookey Dookey .

Lookey Dookey

-Bilduma- (Crypt Records, 2000)

.

[Kafe Aleak] Julen Azpitartek Lookey Dookey Tim Warren rock’n’roll arkeologo eta Crypt Records diskoetxe zantarraren jabeak 50eko hamarkadako rhythm and blues artista ezkutuekin onduriko bilduma da Lookey Dookey. Aipaturiko zigiluak etxera bidali zidan katalogoan aurkitu nuen. Egunkarietako paper finarekin eginiko izendegi mardul bezain taliban hura 50’s R&B, 60s early 70’s soul/funk, 60s Punk, Instrumentals & Surf, eta antzeko ataletan atonduta zegoen. Hain zuzen ere, 50’s R&B horretan agertzen ziren diskoen iruzkinetako adjektiboei erreparatzen nien zur eta lur, hala nola, cheesy (kalitate txarrekoa, baina xarmaduna), greasy (grasatsua), frenzy (frenetikoa), edo stomping (gogor zanpatzen duena). Grabazio horietako artisten izenek ere nire jakin-mina piztu zuten ziztuan, tartean, Esquerita, Richard Berry, Young Jessie edo Screamin’ Joe Neal. Hala, musika beltzaren esparru koipetsu horretan murgiltzen hasi nintzen, The Gories hirukotearen diskoek eragindako estreinako zirrara tarteko.

Unibertso horretan sartu eta berehala bilduma hau eskuratu nuen. Bertan, gerora niretzat askoz ere ezagunagoak egingo ziren musikariak entzun nituen lehendabizikoz: King Coleman soul eta r&b kantariaren ahots baxu eta oihularia (bildumak bere kantutik hartzen du titulua); Jerry McCainen aho-soinua; Big Maybelle andre drogazalearen ahots urratua; Detroiteko Fortune diskoetxearen labelarekin zetorren Andre Williams lizuna; Bunker Hillen garrasi lunatikoak… eta horrela 20 kantu bildu arte, tartean, Bobby Long & His Satellitesek jasotzen duten Mojo Workout, nire ustez diskoko doinurik onena.

Bildumak oraindik biziki maite dudan beltz ezezagun mundrunezko zingira deskubritu zidan. Gerora rock’n’roll izenarekin ezagutuko genuen estilo zuriaren betunez blaituriko jatorria. Kantu motzak; erritmo bizi eta basatiak; musika tresnak, batez ere, bateria, gitarra, saxo eta pianoak, eta ahotsak mugara eramanez, alegia, soinu-adierazgailuetako orratzak gorrian jarri arte; gehienetan ordu gutxi batzuetan grabaturikoak, eta sosik eragin ez zutenak. Testu hau amaitzen dudan artean, Xabier Montoiaren azken liburuari izenburua ematen dion kontakizuna datorkit burura, alegia, Fucking Artists narrazioa. Kontatzen dena irakurri beharra dago Artista Puta horiek sorrarazten duten miresmen irrazionala ulertzeko. Hortaz, totally smokin’ 50s R&B hoot!

.

Julen Azpitarte (Bermeo, 1971)

.

“Kafe aleak” liburuaz, Leire Lopez Ziluagak eta Ibon Rodriguez Garciak, argitalpenaren arduradunek
[Kafe Aleak] Julen Azpitartek Lookey Dookey  [Kafe Aleak] Julen Azpitartek Lookey Dookey  [Kafe Aleak]