Mixel Etxegorria pirata donibandarra

Mixel Etxegorria pirata donibandarra –

XVII. mendean Lapurdiko kostaldea pirata eta kortsarioen habia zen. Itsasgintza zen lapurtarrentzat bizibide eta dirubide oparoa. Hori dela eta, bakailaoaren eta balearen arrantza itsas-lapurreriarekin eta kortsoarekin txandakatzen zuten. Lanbide horiek guztiek elkar osatzen zutela erran daiteke.

Hendaiatik Baionara lapurtarrak holako jardueratan aritzen ziren. Gaur pirata eta bihar arrantzale, edota alderantziz. Gizon horietako bat dugu Mixel Etxegorria donibandarra, historiara Le Basque edota Euskalduna ezizenaz pasatu dena.

Mixel Etxegorria pirata donibandarra

1.- Mixel Etxegorriaren hastapenak

Arestian erran dudan bezala, Mixel Etxegorria Donibane Lohizunen sortu zen. Gazte-gaztetik itsasgintzari lotua, sekulako balentriak egin zituen Bizkaiko itsasoan zehar nabigatzen zuten ontziak erasotzen, osten eta hondoratzen. Lapurreria horietan zebilela, ospe handia hartu zuen garai hartako pirata eta kortsarioen artean. Horretarako, Donibane Lohizuneko ontzioletan egindako “La Providenceitsasontzia zerabilen. Hamasei kanoi zituen eta berrogei gizon inguru Larralde kapitainaren aginduetara. Denak euskaldunak.

Espainol merkataritza-ontzien gibeletik Ameriketaraino joan zen eta han adiskidantza handia egin zuen garaiko pirata odoltsuenarekin, hau da, Jean David Nau Olonesarekin. Biak anbizio handikoak ziren, eta horretaz gain, arras ankerrak eta bihozgabeak. Berehala bikote bikaina osatu zuten. Krudelkeria handiak kontatzen dira pirata biez, Olonesaz batez ere. Garaiko kroniketan kontatzen zutenez, azken pirata honek etsaiei bihotza kentzen zien eta oraindik bero zegoela jaten omen zuen.

Gauza da, Mixel le Basque eta Olonesa elkarrekin ibili zirela Karibe aldeko hiriak eta portuak izutzen, ebasten eta zakuratzen. Bi pirata hauen izen aipatze berak laborria sortzen eta zabaltzen zuen hango kostaldeetako herritarren artean. Halako batean, La Margarita espainiar belaontzia eraso eta preso hartu zuten borrokaldi luze baten ondoren. Ontzian miloi bat peso zeramaten. Horrekin aski ez, eta egun berean, Panamako Portobelo hiria eraso eta arpilatu zuten.

.

2.- Marakaibo arpilatzeko plana

Mixel eta Olonesa Tortuga uhartean babesten ziren eta bertan atxikitzen zuten haien ontziteria. 1666an sekulako erasoaldia pentsatu eta prestatu zuten Venezuelako golkoan ziren Marakaibo eta Gibraltar portu-hiriez nagusitzeko. Merkataritzatik aberastutako burgesia indartsua bizi zen bi hirietan. Gau batez, Tortuga uharteko ostatu ziztrinean, bertan ziren piraten aitzinean, haien plana aurkeztu zuten. Honela kontatzen digu Koldo Landaluzek 2008an, Astero argitaletxearen bitartez, plazaratu zuen “Crónicas de piratas, corsarios y filibusteros” izeneko liburuan:

“Deabruak entzuna zuen Tortuga uhartean ziren Mixel Etxegorriaren eta Olonesaren gaiztakeria handiaz eta konpetentzia egiten zioten bi pirata horietaz kontatzen zutena egia ote zen jakiteko, bertara abiatu omen zen. Gau batean, honakoa ikusi omen zuen Tortuga uharteko ostatu zikin-ustelean:

Hiru arrabitari jotzen ari ziren eta mahai baten gainean bi gizon, guztiz horditurik, dantzatzen ari ziren. Ostatua piratez lepo zen eta denak oihuz eta irrintziz segitzen zituzten bi dantzari mozkortien dantza urrats baldarrak. Pirata ainitzek pipa luzea zuten ahoan eta sortzen zuten ke-hatsa, airean kiribiltzen zen eta kresal, odol eta izerdiaren usainarekin nahasten zen, sekulako kiratsa sortuz. Giroa itogarria zen. Bat-batean, ostatuko atea kolpe bortitz batez zabaldu zen eta hainbat gizon sartu ziren. Bandera eta ikur beltzak zeramatzaten. Gizon hauek ere, mozkor-mozkor eginda zeuden, eta eskuetan rhon botilak erakusten zituzten.

Barre eta iseken artean, horien arteko lau gizon barrara aitzinatu ziren: Bartholome portugaldarra, Roch brasildarra, Mixel euskalduna eta Olonesa. Azken bien artean, kapelu lumadun batez jantziriko giza hezurdura bat zeramaten. Mahai baten inguruko kadira batean hezurdura ezarri zuten eta inguruetako jarlekuetan eseri ziren lau piratak. Ostatuan ziren gizon guztiak jakin-minez hurbildu zitzaizkien. Ikusi beharrekoa zen hango pirata azienda nolakoa zen. Baziren begibakarrak, besomotzak, herrenak, hortzik gabeak,.. den-denak zikin-zikinak eta usain ustel batez apainduak. Hitz zatarrez eta basa garrasiz mintzo ziren denak.

Mixelek pirata mozkorti eta salbai haiek guztiak isilarazi zituen eta gero, mahai gainera, oihal beltz baten puska jaurti zuen. Trapuan brodaturik honako mezua irakur zitekeen: “Gupidarik ez espainiarrentzat”

Denak aho zabalik gelditu ziren hura ikusita. Exquemelin izeneko sasimedikuak oihala hartu eta ozenki irakurri zuen. Orduan, Mixelek azaldu zien oihal beltz hori zintzilikatu behar zuela, bandera moduan, “La Providence” itsasontziko masta nagusian.

Gero, Olonesak hartu zuen hitza, eta erran zien Mixel bere kapitain nagusia zela eta berehala, historiako ontziteri pirata handiena bildu behar zutela Marakaibo hartzeko eta arpilatzeko. Horretarako gizon adoretsu eta bolondresak behar zituzten. Ostatuan ziren piratak zutitu ziren eta oihuen artean, brindis bat egin zuten espedizioaren alde. Mahaiburu Joly Rogers zegoen, hau da, kapelu lumadunez jantziriko hezurdura. Izen hori zen bandera piratari ematen zioten ezizena. Hari ere rhon pixar bat eman zioten”.

Eta horrela, 1666ko uztailaren 31n, Tortuga irlako portutik zortzi ontzi itsasoratu ziren. Marakaibo aldera zihoazen eta bertan laurehun gizon inguru zeuden, denak odol eta urre ametsez gainezkaturik.

.

3.- Marakaibo eta Gibraltar zakuratu zituztenekoa

Piraten zortzi itsasontziak Venezuelako golkoan barneratu ziren eta ondoren Marakaibo hiriaren inguruan ziren lehorreratu. Zeuden tokitik, pirata erdiak, gauaren isiltasuna baliatuz, hiriko harresietara hurbildu ziren. Besteek itsasoz eraso egin zuten. Hiri barruan berrehun eta berrogeita hamar gizon armatu zeuden eta hamalau kanoi, baina ezin izan zuten deus egin ustekabeko erasoaldiari aurre egiteko. Piratek hiria defendatzen zuen La Barra izeneko gaztelua hartu eta defendatzaile guztiak hil zituzten egun oso bat iraun zuen borrokaldiaren ondoren.

Gaztelua hartzeko izan zen borrokaldi luzeak denbora eman zien Marakaiboko herritar askori, haien gauzarik baliotsuenak hartzeko eta zenbait kilometrotara zen Gibraltar hirixka gotortura ihes egiteko. Han bilatu zuten piraten aurkako babesa. Bitartean, piratek Marakaibo zakuratu eta erre egin zuten, bertan gelditu ziren biztanle guztiak labainez pasatu ondoren.

Baina Marakaibon lapurtutako aberastasunekin nahikorik ez, eta Gibraltar erasotzea deliberatu zuten. Hori ikusirik, hirixkan zirenek urrezko 20.000 txanpon eta 500 ganadu buru eskaini zizkieten, hirixka eraso ez zezaten. Olonesa eta Mixel Le Basque ez zeuden deus onartzeko prest eta hirixka itsasoz eta lehorrez eraso egin zuten. Bertan ziren 500 soldaduak hil zituzten eta espainiar gobernadorearen burua harresietatik zintzilik jarri zuten. Herritar gehienak torturatu eta gupidarik gabe hil zituzten. Aberatsenak gatibu gisa hartu zituzten erreskateak eskatu ahal izateko. 260.000 urrezko txanpon, bitxiak, zilarrezko lingoteak, zeta baliotsuak eta esklabo ugari atzeman zituzten. Mixelek elizako ezkila, gurutzea eta kopoiak beretzat hartu zituen, Tortuga uhartean egin nahi zuen eliza hornitzeko.

Urtebete berantago, hau da, 1667an, Mixel Etxegorriak Gibraltar eraso eta zakuratu zuen, berriz ere. Hiriak ez zuen nehoiz bi erasoaldi eta arpilatze horiek gainditu ahal izan, eta hortik aitzina garrantzirik gabeko herria izatera pasatu zen.

Emilio Salgari idazle famatuak ederki kontatu zituen Kortsario Beltzaizeneko eleberrian 1666an Marakaibon eta Gibraltareen izandako triskantza eta sarraskiak.

.

4.- Mixel Etxegorriaren azken ekintzak

Marakaibon eta Gibraltarren gertatutakoaren berri eduki zuenean, Cartagenako gobernadore espainiarrak ontziteri indartsu bat prestatu zuen Mixel eta Olonesa zigortzeko. Zenbait borrokaldi izan ziren Karibeko uharteetan eta itsasoa odolaren gorritasunez tindatu zuten. Dena den, Mixelen bi bergantinak aski izan ziren espainiarren ontziteria garaitzeko. Mixel Etxegorriak itsasontzi ederrak bereganatu eta soldadu ainitz preso hartu zituen. Soldaduak libre utzi zituen eta gobernadorearengana gutun batekin igorri. Gutunak honela omen zioen: Milesker oparitu dizkidazun itsasontzi ederrengatik.

Hortik aitzina, Mixel Le Basqueren arrasto guztiak galdu ziren. Orduz geroztik, inork ez daki, ziur, zer gertatu zen pirata donibandarrarekin. Ikerlari gehienek diotenez, Mixel, bildutako altxorrarekin, nonbait bizi izan zen, lasai ederrean, hil zen arte. Baina bada legenda moduko bat, Mixel urakan baten erdian hil zela erraiten duena. Urakanaren erdian, Mixelek, lemari loturik, La Providence ontzia gobernatzen zuen, euskal kantuak abestuz. Halako batean, itsaso haserretuaren olatu handiek itsasontzia irentsi omen zuten betiko.

Mixel Etxegorria pirata donibandarra
Mixel Etxegorria pirata donibandarra  Mixel Etxegorria pirata donibandarra

Euskaltzalea eta irakasle-ohia