Juana Asurdui, hamaika borrokatan zaildua

Juana Asurdui –

Gizateriaren historian barna, eta mundu zabaleko herrialde guztietan emakumeak erakutsi du denetarako gauza dela, onerako eta txarrerako, gizona bezalaxe. Gizarteak ainitzetan emakume horien ekintzak isildu baditu ere, haien oihartzuna gurera bizi-bizirik iritsi da. Horixe da aitaren aldetik euskal jatorria zuen Juana Asurdui borrokalariarekin gertatu dena.

 

1.- Asurdui familiaren euskal jatorria

Iduriz, Asensio Martinez Azurdui, XVI. mendeko erdi aldean,  Gipuzkoako Oñatitik Ameriketara abiatu zen soldadu gisa. Panaman ibili ondoren, Mexikoko Charcas aldera igorri zuten, Pedro Lagascarekin batera, Pizarroren aurka borrokatzera, eta gerora, ordain gisa, Bolibiako La Plata aldera (gaur Sucre deitua) igorri zuten enkomienda baten buru. Honen semeetako bat Pablo Martinez Asurdui Otalora izan zen, eta Joxe Asurdui Otalora aurrekoaren semea. Gerora bigarren Joxe Asurdui Otalora bat izan zen, eta honen ondotik izen bereko beste hirugarren bat.

Hirugarren Joxe Asurdui hori Paula Valencia izeneko emakume indio noblearekin ezkondu zen. Hauek izan ziren Juana Asurduiren aitona-amonak. Isidro Asurdui izeneko semea Juliana Llanos izenekoarekin ezkondu zen eta Juana senar-emazte hauen alabetako bat izan zen. Asurdui-Llanos familia nekazaria zen, kriolloa, eta espainieraz eta kitxuaz mintzo ziren.

2.- Juana Usurduiren nondik norakoak

Juana Asurdui, 1780. urtean, Chuquisaca hiriaren inguruko Toroca herrixkan  jaio zen. Urte berean, Tupac Catari buruzagi kitxuak Chuquisaca (gaur Sucre deitua)  hesitu zuen Tupac Amaru lagundu nahian.  Gurasoak ustekabean hil ziren Juanak zazpi urte zituenean eta tutoreek komentu batean sartu zuten, baina neska gazteak bertako diziplina maite ez zuenez, liskar handiak izan zituen moja-nagusiarekin, eta hamazazpi urte zituela, komentutik bidali zuten. Hortik Torocako etxera itzuli zen.

Asurdui eta Padilla familiak elkarren ondoan bizi ziren, auzoak ziren, eta askotan elkarrekin egiten zituzten laborantzako lanak. Juana Asurdui Manuel Padillarekin ezkondu zen 1799ko maiatzaren 19an. Juanak orduan 19 urte zituen. Senar-emazteek lau seme-alaba izan zituzten, bi mutiko eta bi neskatxa. Bi familiak kriolloak ziren eta garaiko indio matxinaden aldekoak. 1809ko maiatzean Chuquisacako Iraultza edo Matxinada izan zenean, senar-emazteek parte hartu zuten beste matxinoekin batera. Ekintza honek haien bizitza osoa bideratu zuen, hortik aitzina, gerrillan eta sasian bizi behar izan zutelako.

Armada kolonial espainiarrak matxino iraultzaileak garaitu zituen Huaqui izeneko gatazkan, eta horren ondorioz, Padilla-Asurdui familiari lur eta ondasun guztiak kendu zizkioten. Manuel Padillak ihes egin bazuen ere, Juana Asurdui eta bost seme-alabak preso hartu eta inguruetako basetxe batean atxiloturik izan zituzten. Gau batez, Padilla isilpean hurbildu zen basetxera, eta haren etorreraz jakitun zen Juanak zaindariak hil, eta familia osoak ihes egiteari ekin zion.

Juana Asurdui

Gerora, seme-alabak familia indio bati utzi zizkioten zaindu zitzaten, eta senar-emazteak armada iraultzailean sartu ziren. Orduz geroztik, dena izan zen borroka eta odol isurtze Manuel eta Juanarentzat. Iraultzaileak La Laguna inguruan kokatu zirenean, Padilla-Asurdui familiak seme-alabak errekuperatu eta beraiekin batera eraman zituzten. Baina zortea ez zen beraien alde, eta iraultzaileen porrot berrien ondotik, berriz banatu behar izan ziren. Juana eta haurrak Segurako lintzuretan ezkutatu ziren, eta Manuelek armada iraultzailearekin borrokatzen jarraitu zuen.  Bi semeak malariaz gaixotu eta gutxira hil ziren. Anartean, alabak ondoko herrian batean utziak zituen, malariaz kutsa ez zitezen, eta egoera horretan zeudela, soldadu kolonialek ezagutu eta preso eraman zituzten.

Manuelekin berriz bildu zelarik, nesken bila abiatzea erabaki eta inguruetako etxe batean preso zituztela jakitean, bertara hurbildu ziren. Zaindariak hil ondoren, ohean katez loturik zeuden neskatxak askatu zituzten. Tamalez, ordurako malariaz jota zeuden biak eta hortik gutxira biak zendu ziren.

Lau seme-alaben galerak Manuel Padilla eta Juana Asurduiren bihotzak izugarri gogortu zituen eta orduz geroztik preso hartutako guztiak gupidarik gabe hiltzen zituzten. 1810ean alaba berri batez erditu zen Juana, baina Manuelek ia ez zuen ezagutu ere egin, armada kolonialaren aurrerapena gelditzera armada iraultzailearen buruzagi gisa bidali baitzuten. Egoera larria ikusirik, Juanak haur jaio berria familia indio bati utzi zion zaindu zezan, eta armadara itzuli zen senarrarekin batera.

Juana Asurdui

3.- Manuel Padillaren heriotza

Manuel eta Juana hamar mila soldaduz osaturiko armada iraultzaile baten buru ibili ziren luzaz, Tinteros izeneko herrian irabaziz. Haatik, bi armada kolonialek inguratu  eta 1816ko irailaren 13an senar-emazteen armada suntsitu zuten La Lagunan. 14an Manuel Padilla borrokan hil zuten tiro batez, eta burua moztu ondoren, pika baten puntan eraman zuten garaikur gisa.

Juanak, larriki zauriturik bazen ere, ihes egin ahal izan zuen, eta Segurako ibarrean ezkutatu zen bere soldaduekin batera. Berekin batera zeraman Junta Iraultzailearen altxor guztia, 60.000 ogerleko, orduko agirietan zehaztuta azaltzen den bezala.

Juana Asurdui

4.- Independentzia ondorengo urteak

Bolibiako errepublika independentea 1825eko abuztuaren 6an sortu zen, eta orduz geroztik Juana Asurdui Chuquisacan bizi izan zen Luisa alabarekin batera, eta Simon Bolibar askatzaileak Manuel Padillak eta Juana Asurduik egindakoa jende aurrean eskertu eta aintzat hartu bazuen ere, gerora, gauza batengatik edo besteagatik, errepublika berriak ez zuen Juana diruz gehiegi lagundu, eta hil arte, pobre samar bizi izan zen. 1862ko maiatzaren 25ean hil zen Chuquisaca hirian.

Juana Asurdui

5.- Omenaldiak eta oroitzapenak

Ehun urte beranduago, Argentinako Errepublikak omenaldi publiko bat eskaini zion eta bere izena eta irudia jasotzen dituen zigilua eta billetea plazaratu zituen. Film bat ere egin zuten emakume borrokalaria ohoratzeko. Bolibian, aberriaren askatzailetzat hartu zituzten Manuel eta Juana, bada probintzia bat bien izena duena eta hamar pesoko billeteetan bere irudia agertzen da.

Juana Asurdui borrokalari nekaezina izan zen bizitza guztian, dena Amerikako herrien askatasunaren alde eman zuena. Larrutik ordaindu zuen, senarra eta lau seme-alaba galdu baitzituen bere ibilbidean. Gaur egun, Argentinan eta Bolibian heroitzat hartzen badute ere, oroitu beharra daukagu Juanak bere bizitzaren azken urteak pobrezia osoan eman zituela, espainiarrek senar-emazteei ebatsi zizkieten lur eta ondasunak ezin berreskuratuz. Euskal jatorriko emakume hau ezohikoa izan da gure artean, eta Katalina Erauso eta Marga Andurainekin aldera genezakeelakoan nago.

 

Juana Asurdui  Juana Asurdui  Juana Asurdui  Juana Asurdui

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude