Juan Parellada de Cardellac, euskara eta euskaldunak
Juan Parellada de Cardellac, euskara eta euskaldunak –
Laurogeiko hamarkadaren hasieran, hogeita bost urte inguruko gaztea nintzela, Juan Parellada de Cardellac ipar-katalanak gizateriaren jatorriaz idatzitako liburua irakurri nuen. “La lumière vint-elle d´occident?” izena zuen eta Parisen argitaratu zuten lehen aldiz 1976. urtean. Lau urte berantago, hau da, 1980an espainolezko bertsioa plazaratu zuten, “El origen de los vascos” izenburu berriarekin. Jakintza zabaleko liburua zen eta nire baitan hainbat bide eta zalantza piztu zituena. Von Humboldt hizkuntzalari ospetsuaren ikerlan eta liburuetan oinarritu eta honek sortutako hizkuntzalaritza konparatuaren bideetatik barna aritzen zen. Europako eta mundu zabaleko herri zaharrak aztertzen zituen: ligurrak, iberoak, pelasgoak, hebraikoak… eta zerrenda luze horretan euskaldunak ere aipatzen zituen. Horrek piztu zidan aipatu liburuarekiko grina. Europako zibilizazio zaharra, euskaldunak barne, mendebaldean sortuak omen dira, eta ez ekialdean. Hauxe zen bere teoriaren mamia.
1.- Liburuaren egitura
Parelladak bere liburua lau atal zabaletan banatu zuen, eta horien barruan badira azpiatal ugari. Ikus ditzagun:
Lehen atalak izenburu luzea eta iradokorra du: Jatorrien bila tradizio sekretuaren eta antzinateko agiri zaharren barna. Kapitulu honetan eraikin megalitikoak, ligurrak, iberoak, pelasgoak, hebraikoak, tartesoak, zeltak, Galietako ibero-ligurrak, Korsika, Sardinia, Sizilia, Italia eta Britainiar Uharteetako iberoen aztarnak, galdutako zibilizazioak, Egiptoko zodiakoaren antzinatasuna, Iberiar Penintsulako aro mitikoak, Herkulesen hilobiko inskripzio bitxiak… eta beste zenbait arlo aztertu zituen jakituria handia erakutsiz eta bere teoria pittaka-pittaka josiz eta eraikiz.
Bigarren atalak Mitoaren eta protohistoriaren artean izena du eta bertan mendebaldeko kultura zaharretan, Grezian, Egipton…, sortu eta zabaldu ziren mitoak aztertu ondoren, antzinateko hainbat historia eta kontakizun ekartzen ditu gogora: argonautak, Platon eta atlanteak, Troiako gerla, Homero, galoak, zeltak eta zeltiberoak, Rodas eta Frigia, Iberiako kostaldeko feniziarrak, Cadizeko Herkulesen tenplua, kartagotarrak, Etiopia zaharra, Egiptoko kontuak, Marseillaren sortzea, Himilkonen eta Hannonen itsas bidaiak, gerrate punikoak, erromatarrak Iberiar Penintsulan, Numanzia…
Europako lehen biztanle zibilizatuak izenburuko hirugarren atalean
iberoak eta euskaldunak aztertzen ditu, baita beraien mintzairak ere, hau da, iberiera eta euskara; eta bien arteko antzekotasunak aipatzen ditu. Parelladaren ustez, euskara iberieraren adarra omen da. Horretaz luze mintzatu ondoren euskara beste hainbat hinkuntzarekin alderatzen ditu, hebraierarekin, Siberiako mintzaira zaharrekin, dravidikoarekin, hizkuntza hamito-semitikoekin, Kaukasiako mintzairekin…, eta abar. Parelladaren irudikoz, paleolito zaharrean izan zen Europako mendebaldean sortutako hizkuntza zahar bat mundu osora zabaldu zena eta hortik omen datozkigu aipatu hizkuntza horien artean diren antzekotasunak eta oinarrizko egiturak. Euskara beraz, ibero-ligurra izaki, hizkuntza zahar horren ondorengo zuzena dugu.
Jainko-jainkosak eta sinesmenak izeneko laugarren atalean, kultura zaharretan azaltzen diren kondairak, pertsonaiak eta sinesteak aztertu ondoren, haien arteko antzekotasunak edota paralelismoak ekartzen dizkigu gogora. Denak omen dira, Parelladaren teoriari jarraituz, antzinako sinesmen eta erritoetatik sortuak. Hori dela eta, iberoen sinesteak, druidenak, zelten Lug jainkoa, Pirinioetako dibinitate zaharrak, eta euskal mitologian azaltzen diren pertsonaiak eta istorioak aipatzen eta ikertzen ditu. Ondorioa zera da, denak Europa zaharrean zen kultura zahar horretatik sortuak eta eratorriak dira.
2.- Euskara eta euskaldunak Parelladaren teorian
Parelladak liburu honetan aditzera ematen duen teorian, historiaurrean, paleolitotik Europako mendebaldean herri aurre-indoeuropar zahar bat hedatzen zela erraiten digu. Glaziazioa bukatzean ekialdera zabaldu omen ziren, eta hortik iparraldera, horrela zabalkunde zabala hartuz: Europako mendebaldea, Britainiar Uharteak, Maroko, Saharako ipar-mendebaldea, Siria, Kaukasoa eta Indiako hegoaldea.
Hizkuntza zaharra zuten, eta ligurra, iberoa, pelasgoa, euskara… mintzaira horren adarrak ziren. Bizirik gelditu den bakarra euskara. Beste mintzairak galdu ziren eta haien kulturak eta etniak nahasi egin ziren indoeuroparrekin. Euskaldunak omen gara, Parelladaren irudikoz, azken arrasto bizia. Hori dela eta, euskara da, ikerlari katalanaren ustez, ezinbesteko erreminta antzinateko kultura zahar hura aztertu ahal izateko. Hitzez hitz honela eraiten digu Parelladak: Euskara historiaurreko hizkuntza da, gaur egun oraindik bizirik dena. Bera da Europako mendebaldean den hizkuntza monumenturik zaharrena. Ene ustez, euskara da ibero-ligur hizkuntza zaharraren ondorengo zuzena, Rodano ibaitik Iberiar Penintsulako Mediterraneoko kostalderaino egiten zena. Ez da nahasi behar, kartagotar eta erromatarren garaietan, aipatu eskualdean egiten zen neoiberoarekin. Euskara lurralde ibero-ligurretako mintzaira paleolitikoa da. Ez da inondik etorri, bertan sortua da.
Parelladaren teoriak badu zerikusirik, nire ustez, Louis Charpentier-ek Le mystère basque liburuan plazaratu zuenarekin, edota Federiko Krutwig-ek, beranduago, Garaldea liburuan aldarrikatu zuenarekin. Parelladak erabilitako bibliografian, Humboldt eta Schuchardt zabalkiro aipatzeaz gain, garaiko ikerlari euskaldunen berri bazuela erakusten digu, Joxemiel Barandiaran, Koldo Mitxelena, Antonio Tovar, Julio Caro Baroja eta Martin Ugalde, besteak beste, gogora ekartzen baitizkigu.
Irakurtzeko moduko liburua delakoan ekarri dut lerro hauetara. Niri, bederen, hainbat gogoeta piztu zidan.