Joxe Azurmendirentzat Saiakerako Euskadi Saria
Joxe Azurmendiren sariaz gain, Patxi Zubizarretak haur eta gazte literaturakoa jasoko dutela jakinarazi du gaur Eusko Jaurlaritzak, Ala Delta saria jaso zuen Xia Tenzinen bidaia miresgarria lanarekin; Miguel Sanchez Ostizek jasoko du gaztelaniazko saiakerari dagokion saria Sin tiempo que perder-ekin; Jokin Mitxelenak ilustrazioko Euskadi Saria irabazi du Ipuin kontalarien arbela lanagatik eta Jesus Mari Mendizabalek itzulpengintzakoa Horacio Quirogaren Eguzki kolpea-gatik. Atzo jakinarazi zutenez, Fermin Etxegoienen Autokarabanak irabazi du eusarazko saria eta Jose Fernandez de la Sotak gaztelaniazkoa. Hona hemen kritikak sarituriko liburu batzuei buruz esan zuena.
Azken egunak Gandiagarekin (Joxe Azurmendi)
Bixente Serrano Izko, Berria, 2010-02-28
“Ideia eta erudizio uholdeak ditugu Joxe Azurmendiren liburuak. Eta hitz-jario etengabe mugikorra, bizia, lasterrean doana, euskararen apar adierazkorrak biziberritzen dituena ubide-oztopo bakoitzarekin talka egiterakoan. (…) Gaurko honek, ezaugarri horietaz guztiez gain, badu bertze xarma bat, pertsonalagoa. Azken egunak Gandiagarekin liburuak Arantzazun bizi eta hil zen poeta handiaren azken egunak hartzen ditu ardatz eta oinarri. Agian 60-70eko hamarraldiak izan ziren euskal kulturari iraultzarik sendoena ekarri ziotenak, artegintzan, poesian, narrazioan, musikagintzan, filosofian…, eta bai Gandiagari bai Azurmendiri gauza anitz zor die iraultza kultural hark. (…) Gandiagaren heriotzak, bizitzak eta obrak sorrarazitakoak. Gai sakonak, sakonak direnez, ukitzen ditu Zegamako filosofo eta saiakeragileak, berak erabiltzen dakizkien erudizio, ideia-lotura eta euskara sortzailearekin garatuak: mitoak, fedea, erlijiotasuna, Jainkoa, ateismoa, arrazoia, herrikoi eta herritartasuna, natura, “hiria”, kultura, historia, balioak, bizitzaren zentzua, heriotza, bizitzatik haratagoko esperantza…, hainbat eta hainbat gai, Gandiagaren liburuen segidak jarri zituen bidarriei nola edo hala eutsiz. Azurmendiren bakarrizketak ditugu, bada, funtsean. Ezin egokiagoa generoa egile honen dohainak aske garatzeko, Gozamena da liburuaren irakurketa.
Felipe Juaristi, El Diario Vasco, 2009-10-09
Ba al dago Jainko faltsurik? galdetzen dio bere buruari Joxe Azurmendik liburu honetan. Mardula da liburua, eta sakona ere bai, tarteka. Etxe bat husten denean, berdin ateratzen dira gauza garrantzitsuak eta ez hain garrantzitsuak, eta gero gordetzen dira eta noizbait batzuk botatzen dira eta beste batzuk ez. Zergatik gauza batzuk beste batzuk baino garrantzitsuagoak ote diren ez dago zehazki jakiterik, unean bederen. Liburu hau, esaterako, Joxe Azurmendik Gandiagarekin igarotako azken egunei buruzko kronika izateko jaioa zen, baina, azkenik, Joxe Azurmendiren gogoetak biltzen ditu, Gandiagarekin hitz egindakoaren harira sortuak. Gandiaga liburuan dago; baina Joxe Azurmendik ekartzen eta erakartzen duen neurrian, azalarazten eta desagerrarazten duen neurrian. Gandiagaz haratago doan liburua, Gandiagaz honatago ere badator. Haren obsesioak aintzat harturik bere obsesioen mapa obsesiboa marrazten baitigu Azurmendik.
Xia Tenzinen bidaia miresgarria (Patxi Zubizarreta)
Imanol Mercero, Berria, 2009-06-21
Bidaia miresgarria Iragarri zigun Xabier Etxaniz Erlek bazetorrela Zubizarreta lan bikain honekin. Otsaila hastapenetan ginen eta Ala Delta Saria irabazi zuela jakin bezain pronto Zorionak, Patxi izenburupean gutun bat idatzi zuen egunkari honetan. Gu ere zorion horrekintxe saritu gaitu Patxik, ipuin erako abentura miresgarri honekin: Xia Tenzin, Tibeteko erraldoia, 2’40 m garai dena, zain dago noiz tximeleten euria egingo, itsasorainoko bidaia abiatzeko. Xia Tenzin erraldoia, lehengusuaren ezkontzan gonbidatu guztientzako lapikoa jan zuena, zain dago, itsasorantz abiatu zen aitaren bila joateko, eta itsasoa ikusteko, usaintzeko. Abiatuko da -arrebak koloretako kutuna jarriko dio lepoan-, Ibai Horia jarraituz, Txinako lurraldea zeharkatzen duen ibai erraldoiaren arrastoa jarraituz, herriz herri, «ttuku-ttuku, besoak dilindan eta gorputza herrestan». Eta herri bakoitzeko ikaspen bat, dar-dar bat, gordeko du bihotzean.