Jorge Oteiza eta Itziar Barrioren lanak, Shanghaiko Bienalean ikusgai

Jorge Oteiza eta Itziar Barrioren lanak, Shanghaiko Bienalean ikusgai –

Atzotik aurrera, Jorge Oteiza eta Itziar Barrioren lanak Shanghaiko Bienalean izango dira ikusgai, Etxepare Euskal Institutuaren ZABAL programaren baitan

Atzo, azaroaren 9an, zabaldu ditu ateak “Cosmos Cinema” izenburupean Asiako arte-ekitaldi garrantzitsuenak.

Jorge Oteizaren bost artelan eta Itziar Barrioren bideo-instalazio bat hartuko ditu biurtekoak.

Etxepare Euskal Institutuak gonbidatuta, Shanghaiko Bienalaren komisario Anton Vidoklek egindako bisita du oinarri euskal artisten parte-hartzeak.

Jorge Oteiza eta Itziar Barrioren lanak, Shanghaiko Bienalean ikusgaiAtzo hasita eta 2024ko martxoaren 31ra, Jorge Oteiza eta Itziar Barrio euskal artisten hainbat lan izango dira Shanghaiko Biurtekoaren 14. edizioan, ZABAL programaren esparruan egindako lanaren ondorioz. Izan ere, joan den uztailean Anton Vidokle biurtekoaren komisarioak euskal museoak, artisten estudioak eta beste hainbat espazio bisitatu zituen euskal testuinguru artistikoan murgiltzeko, Etxepare Euskal Institutuak gonbidatuta. Euskal sorkuntzaren nazioarteko zabalkundea helburu duen ZABAL ekimenari esker, euskal artisten obren presentzia egongo da Shanghain.

Zehazki, atzo abiatu den bienalak Jorge Oteizaren (1908-2003) bost lan erakutsiko ditu, bere heriotzaren 20. urteurrenean. Aukeraketa hiru eskulturek eta bi collagek osatzen dute, eta  Altzuzako Jorge Oteiza Fundazio Museotik heldu dira Shanghaira. 50eko hamarkadan, arte abstraktuaren inguruko hainbat esperimentazio egin zituen Oteizak, non hutsaren, espazioaren eta metafisikaren gaia ikertu zuen, hark eskulturari egindako ekarpenaren muina izan zena. Lanetako bik, ‘Kutxak Harrian’ (1958) izenekoak, marmol zuriz zizelkatutako eskulturak dira, erretxinazko inkrustazioekin. hirugarren eskultura ‘Malevitx unitate irekiaren bidezko espazio errotazioa/ Malevitxen omenez’ (1957) da, forjatutako altzairuz osatutako eskultura. Hautaketa osatzen duten paper gaineko ikatz-paperezko bi collageak artista oriotarrak sortu zituen 1958an

Bestalde, New Yorken bizi den Itziar Barrio euskal artistak, ‘A Demon that Slips into Your Telcopes while You ‘re Dead Tired and Blocks the Light’ (2020) bideo-instalazioa erakutsiko du Shanghaiko Bienalean datozen hilabeteetan. Bideo-saiakera honek elementu dokumentalak eta fikziozko elementu espekulatiboak konbinatzen ditu, irudi astronomikoaren eta ezagutza zientifikoaren giza eraikuntza azaltzeko xedez.

Shanghaiko Bienalaren edizio honek, ‘Cosmos Cinema’ izenburupean, unibertsoaren funtzionamenduari eta bertan dugun lekuari buruz hausnartzeko espazio-denbora eskainiko die bisitariei. ‘Cosmos Cinema’ erakusketak mundu osoko 80 artista baino gehiagoren lanak bilduko ditu, XX. mendearen hasieratik gaur egunera artekoak. Shanghaiko Biurtekoa Txinako arte garaikidearen nazioarteko lehen biurtekoa eta Asiako ekitaldi artistiko garrantzitsuenetarikoa da.

Jorge Oteiza eta Itziar Barrioren lanak, Shanghaiko Bienalean ikusgai

.

ZABAL programa

Etxepare Euskal Institutuak atzerrian euskal kultura eta euskal artisten nazioarteko zabalkundea bultzatzeko helburuz, ZABAL ekimena jarri zuen abian 2019an, Artingenium-en laguntza teknikoarekin. Programak euskal sorkuntza garaikidearen nazioarteko proiekzioa bultzatzea du xede, sortzaileen, profesionalen, eragileen eta tokiko erakundeen arteko epe luzeko trukea eta lankidetza sustatzeko nazioarteko sareak garatuz eta nazioarteko arte erakusketa garrantzitsuenekin lankidetza ildoak sortu eta harreman iraunkorrak ezarriz.

Azken batean, euskal artistei aukera berriak eskaini eta nazioarteko testuinguruarekin loturak sortu nahi ditu ZABAL ekimenak. Eta horretarako, Institutuak nazioarteko komisarioak, arte kritikariak edo eta museo zuzendariak gonbidatzen ditu Euskal Herriko testuinguru artistikoa ezagutzera, harreman zuzenaren bitartez euskal artistekin elkarlana sustatzeko.

ZABAL programaren baitan baita ere, São Pauloko biurtekoan ikusgai dago egun hauetan eta abenduaren 10era arte Juan van der Hamen-en ‘Katalina Erauso, Moja Alferezaren erretratua’ obra, Kutxa Fundazioaren bildumaren baitako lana.

.

Informazio gehiago:

Jorge Oteiza eta Itziar Barrioren lanak, Shanghaiko Bienalean ikusgai