[Kafe Aleak] Jon Martinek Ruido de Rabia

[Kafe Aleak] Jon Martinek Ruido de Rabia –

[Kafe Aleak] Jon Martinek Ruido de Rabia.

Ruido de Rabia

“Revolución cósmica” (Fobia/Duros sentimientos, 1994)

.
«Luna, dame el calor
Sol, dame la sangre
Serpiente, dame el conocimiento
Que nazca el guerrero espiritual»

.

Amerikako indioena dirudien kanta bati lotzen zaion bateria erredoble batek girotzen du diskoaren hasierako inbokazio moduko hau. Konturatu orduko, distortsio eta oihartzun korronte ekaitz baten barnean sartuak gara.

1994ko egunen batean disko honen kopia bat utzi zidaten, kasete batean grabatuta, informazio bakarra taldearen izena pegatina batean idatzita zelarik; eta zelako izena.

[Kafe Aleak] Jon Martinek Ruido de RabiaUme mokoa nintzenetik musikazale amorratua izan naiz eta nire bizitzako zenbait garai markatu duten diskoak ezagutu ditut. Honako hau disko berezi horietako bat da. Orduan oso gaztea nintzen, baina nire inguruko kointzidentzia batzuei esker, jadanik death metal estiloko musikan murgilduta nengoen. Nabarmenena nire anaia nagusia eta bere lagunen influentzia izan zen. Horietako lagun batek diskoak erosi, baina tokatarik ez zuenez, gure etxetik pasatzen zen ale horiek zintan grabatzeko. Berari esker, Terrorizer, Monstrosity, Audiorrea, Agathocles eta A.T.S. bezalako talde ezezagun asko ezagutu nituen, aurretik Cannibal Corpse edo Obituary moduko talde famatuak bakarrik entzunda nituela. Ruido de Rabiaren zinta berak pasatu zidan, noski.

Grabatutako zinta bat izanda ez ninduen harritu soinu arraro eta zaratatsua izateak. Gerora, disko originala lortu nuenean, soinua benetan horrelakoa zela ohartu nintzen. Lagun batek komuna baten barnean grabatua zirudiela esaten zidan barrezka; niri aldiz, soinuak kobazulo bat ekartzen zidan gogora. Antzeko lekuak azken finean, itxiak eta oihartzunetarako aproposak. Ahotsari, berez, halako oihartzun eta distortsio efektuak sartu zizkioten, baxuak ere distortsio zaratatsu samarra zeukan. Grindcorea jotzeko oso modu originala zeukaten, beste estiloetako soinuekin (Godflesh bezalako musika industriala, adibidez) uztartuta, baina oso era naturalean.

[Kafe Aleak] Jon Martinek Ruido de RabiaHonelako estiloa jorratzen duten taldeetan ohikoa da norberak kantariaren oihuen artean letra gutxiz jabetzea. Kasu honetan gaztelaniaz kantatzen zuten, noizbehinka esaldi batzuk ere ulertu ahal nituela, baina horiek esanahiaren bat argitu beharrean, misterioa handitu baino ez zuten egiten: “revolución cósmica”, “magia del tabú” (neuk hasieran ulertzen nuen bezala), etab… Ordura arte entzunda nituen antzeko estiloko taldeekin oso ezberdina zen.

Edozein modutan ere, ez nuen diskoa behar bezala estimatu Bilboko Likiniano Topagunetik pasatu, diskoa erosi eta honekin batera zetorren liburuxkako letrak irakurri nituen arte. Hilabete batzuk lehenago Pequeñas reliquias de un infanticida euren aurreko maketa erosi nuen leku berean, eta horrelako diskoak originalean, hitzekin batera, edukitzea merezi zuela ikusi nuen. Talde hau entzun bai, baina euren letrak irakurtzeko aukerarik izan ez baduzu, ezin izan duzu diskoak euren osotasunean gozatu, neuk behintzat horrela pentsatzen dut.

Soinua eta letrak bezala diskoaren aurkezpena ere oso bitxia da. Karpetaren azala eta atzealdea, liburuxka, biniloaren galletak,… guztiak benetan zainduta daude. Eskuz egindako marrazkiak, Detritusen azaleko pintura, eta erreferentziaz jositako liburuxka, argazkigintzari zein Tao Te King liburuari, adibidez. Txikitatik marraztea gustatu izan zait eta Iron Maidenen portadekin flipatu izan dut. Agian horregatik beti eta, gaur egun, are gehiago, preziatu izan ditut, hau bezala, horrenbeste landuta dauden objektuak. Garai horretan diskoak argitaratzea oso zaila zela pentsatzen dut, izan ere, HHH, MG-15 edo L´odi Social taldeek, besteak beste, atzerriko zigiluekin atera behar izan zituzten euren lehenetariko lanak. Gaur egun aldiz, hori guztia erraztu da, baina aldi berean uste dut asko ez direla diskoez gehiegi arduratzen.

Bolada horretan nire inguruko arazo sozial eta politikoez (intsumisioa, ekologia, gazteentzako lokalak…) kezkatzen hasi nintzen eta ildo horretatik disko hau oso garrantzitsua izan zen. Aldi berean, beste musika talde interesgarri pilo bat ezagutzeko giltza izan zen. HHH, Rouse, Escombro (Hijo del desecho!!), Gutural, Orgon, Akauzazte, Censura, Vitu´s dance, Dickcheese, Ira et Decessus,… disko honetako liburuxkan agertzen ziren, agurren atalean. Ordutik nire talderik kuttunenak, gehienak gipuzkoarrak, eta nire ustez, musika egin eta bizitzeko modu berezi baten adierazleak. Izan dudan influentzia handiena, haiengandik jaso dudana dela uste dut. Urteak pasa ahala, talde horietan ibilitako pertsonak ezagutzeko aukera izan dut eta poztasunez ikusi izan dut askok musika egiten darraiela. Jarrera berarekin, umiltasunez, ilusioz eta inoren mesedetara makurtu barik.  Aupa eurak!

.

Jon Martin (Leioa, 1980)

.

“Kafe aleak” liburuaz, Leire Lopez Ziluagak eta Ibon Rodriguez Garciak, argitalpenaren arduradunek
Jon Martinek Ruido de Rabia Jon Martinek Ruido de Rabia Jon Martinek Ruido de Rabia Jon Martinek Ruido de Rabia