[Kafe Aleak] Jon Eskisabelek Tindersticks

[Kafe Aleak] Jon Eskisabelek Tindersticks –

[Kafe Aleak] Jon Eskisabelek Tindersticks

.

Tindersticks

“The first Tindersticks Album I(This Way Up / Rough Trade, 1993)

.

[Kafe Aleak] Jon Eskisabelek Tindersticks Gaur egun ia ezinezkoa da disko bat erostea egileari buruz apenas ezer jakin gabe, are gutxiago haren kanturik aurretik entzun gabe. Munduko talde ezezagun guztiak eskura ditugu Interneten, eta disko bat erostea erabakitzen dugunerako hamaika aldiz entzun dugu ordenagailuan. Geure buruari harridura, onean eta txarrean, eragiteko plazera -zer dela eta erosi dut hau?- desagertu da. Diskoak erostea ekintza aspergarri bilakatu da. Baina garai batean arriskatu beharra zegoen. Aldizkariek edota irratiko esatariek esaten zutenaz fidatu beharra zegoen. Meloiak bezala, ireki arte ezin jakin. Ona ateratzen zenean, satisfazioa bikoitza zen. Horregatik, xarma berezia dute niretzat garai batean katalogo bidez eskuratutako hainbat diskok. Discoplay-rekin hazitako eta hezitako belaunaldikoa naiz, baina une bat iritsi zen hura ez zela nahikoa, bilatzen nituen diskoak ez nituela bertan topatzen, eta Madrilgo Discos del Sur denda bihurtu zen nire eta ni bezalako beste askoren salbatzaile. Discos del Surren dena zegoelako. Nahi nituen diskoak eros nitzakeen bertan, inguruko dendetara inoiz iritsiko ziren kezkatu behar izan gabe. Gero Amazon heldu zen, eta akabo katalogoa, akabo Discos del Sur, eta akabo xarma.

Hamazazpi urte igaro dira postariak Tindersticksen lehen diskoa etxera ekarri zidanetik, eta oraindik gogoan dut biniloa jogailuan estreinakoz jarri nuenean eragin zizkidan zirrara, urduritasuna, zure inguruko beste inork ezagutzen ez duen zerbait deskubritu izanak sortzen duen harrotasun gordea, kalera atera eta mundu guztiari kontatzeko gogo bizia… 1994ko urriaren 15ean amaitu zen itxaronaldi luzea. Hilabete batzuk, urte erdi bat, tartean uda oso bat igaro zen aldizkari batean diskoari buruzko kritika kartsu bat irakurri nuenetik Discos del Surren katalogoan aurkitu nuen arte. Ez dut prezioa gogoratzen baina ez zen merkea izango, izenburuaren alboan import jartzen zuelako. Kartoizko bildukia hautsi eta karpeta haztatzen hasi orduko sumatu nuen esku artean nuena handia zela. Suzanne Osborneren azalaren ederretik hasita: flamenko dantzari bat ageri da kobazuloa izan litekeen inguru ilun batean, bi besoekin soineko gorriaren parpailak zabaltzen ari den unean, eta atzean ijito familia bat du txaloka.

Ez ditut disko luzeak gustuko. 40 minututik gorakoari irizten diot luzea. Tindersticksen estreinaldia hogeita bi kantuk osatu zuten -CDan Fruitless falta da- 77 minutu. Gehiegikeria bat edozein talderentzat, are gehiago hasiberri batentzat. Aurretik Asphalt Ribbonsen ibilitakoak ziren taldekideetako batzuk, Nothingham jaioterrian, baina apenas zeramaten urtebete elkarrekin kantuok grabatu zituztenean. Besterik grabatuko ez dutelakoan lehen diskoan material guztia sartzea askok egiten duten akatsa da, baina ez da kasua. Betelanik ez dago disko honetan, eta segundo bakoitza justifikatua dago. Kantuetatik bakar bat ere ez da baztergarria, eta aldiz, asko dira Tindersticksen onenetakoen artean daudenak: Marbles, City Sickness, Raindrops, whiskey & Water, Blood, Her, Jism, Patchwork, Paco de Ronaldo’s... 17 urte geroago oraindik harrigarriak egiten zaizkidan kantu anbiziosoak, ausartak, zaratatsuak, apasionatuak, pertsonalak, hunkigarriak, arriskuzaleak, erromantikoak, seduktoreak… Oraindik ez dut esan Tindersticksen diskorik onena dela?

Brit-pop taldeak (Blur, Oasis, Pulp, Suede…) ezagun egiten hasi ziren momentuan azaldu zen Tindersticks Londresko bihotzean, anomalia zoragarri bat bezala. Ez baitzen ohiko talde ingeles harroputz eta sasiglamourosoa. Galtzailearen estetika dekadente eta bazterrekoari lotzen zitzaion seikotea, Stuart Staples abeslariaren ahots sakon eta nagiak gidaturik. Logikoa zen beraz, lehen aipamenetan Nick Caverekin lotzea taldea -disko hau kaleratu ostean Bad Seedsen Europako biran lagundu zion australiarrari- baina harenak baino agerikoagoak eta esanguratsuagoak diren eraginak daude Tindersticksen musikan: zinemako musika konpositoreena, John Barry eta Midnight Cowboy-rena esaterako (Claire Denis zuzendariaren hainbat filmetarako musika sortu du taldeak); Lee Hazlewood & Nancy Sinatra bikotearena (lehen singleetako batean A Marriage Made in Heaven grabatu zuten Isabella Rossellinirekin, eta geroztik ia disko guztietan, honetan izan ezik, egin dute kanturen bat emakumezkoren batekin), soul musikarena (urteak pasa ahala are pisu handiagoa hartu zuen) edota Townes van Zandt kantautorearena (garai hartan Kathleen jotzen zuten zuzenekoetan, baina Texaskoaren St. John the Gambler entzutea nahikoa da haren eraginaz jabetzeko).

Hain liluratuta nengoen, Discos del Surren hurrengo katalogo batean izenbururik gabeko Tindersticksen beste erreferentzia bat ikusi nuenean hura ere erosi egin nuen bitan pentsatu gabe. Paketea irekitzean, hura zaputza! Disko bera zen! (eskerrak gutxienez CDa eskatu nuela…). Diskoak katalogo bidez erostearen xarmak hori ere bazuen.

Jon Eskisabel (Lasarte, 1969)

.

“Kafe aleak” liburuaz, Leire Lopez Ziluagak eta Ibon Rodriguez Garciak, argitalpenaren arduradunek
[Kafe Aleak] Jon Eskisabelek Tindersticks [Kafe Aleak] Jon Eskisabelek Tindersticks  [Kafe Aleak] Jon Eskisabelek Tindersticks