Joan Oñatekoaren espedizioak, hilketak eta beste balentriak
Joan Oñatekoaren espedizioak –
Amerikaren konkistan eta kolonizazioan asko izan ziren ibilitako euskaldunak: noble ttikiak, soldaduak, apaizak… eta egia errateko, aunitzetan krudelkeria handiak egin zituzten jatorrizko herrien kontra. Diru eta ohore bila joan ziren, eta horretarako lapurtu, bortxatu eta hil egin zituzten aurre egiten saiatu ziren guztiak. Batzuek ezpata eta arkabuza zeramatzaten eskuetan, besteek sarraskiak eta era guztietako bihozgabekeriak justifikatzen zituzten gurutzeak. Kolonizatzaileak eta ebanjelizatzaileak omen ziren, hau da, konkistatzaile sutsu eta beldurgarriak, bihotz gogorrenak lotsagorritzeko moduko hilketak eta ankerkeriak egin zituztenak. Horietako bat dugu, euskal jatorrikoa zen Joan Oñatekoa (Juan de Oñate erdal testuetan deitua).
1.- Euskal jatorria
Joan Oñate Salazar 1550. urtean jaio zen Mexikoko Panuco izeneko herrian. Aita Kristobal Oñate González de San Llorent gasteiztarra zuen eta ama, berriz, Katalina Salazar Cadena , biak Mexikoko noblezia hispano berrikoak, era guztietako karguak eta hondasunak zituztenak eta Alonso Lopez Haroko kronistak idatzi zuenez, Bizkaiko Jaunekin senideturiko bigarren mailako lerro batetik zetozenak.
Kristobal Oñate aita 1505an jaioa zen Gasteizen eta haren gurasoak Joan Perez Oñate eta Osana Gonzalez San Llorente izan ziren. Aitaren aldeko aitona Pedro Baeza, Oñatiko barrutian zegoen Narriahondoko jauna zen.
Kristobal Oñate Gaztelako Koroaren militarra eta funtzionarioa izan zen, Mexikoko lurraldeetan barna konkistatzaile moduan ibili zena. Guadalajara eta Zacatecas hirien fundatzaileetako bat izan zen eta baita Galizia Berriko erresumaren gobernadorea ere hiru alditan.
Beraz, lehen aipatu bezala, Joan Oñate Salazar, oraingo historiaren protagonista, konkistatzaileen noblezia agintarian ongi kokatutako pertsona zen, bere baitan botere handia biltzen zuena. 1588an Isabel Tolosa Cortes De Moctezuma noble kriolloarekin ezkondu zen eta bi seme-alaba izan zituzten: Joan eta Maria Oñate Cortes.
2.- Gazte-gaztetik militarra
Gazte urteetan militar gisa aritu zen eta espainiar kolonizazioari armekin aurre egiten zioten txitximeken aurka borrokatu zen. Ibilaldi militar horiek baliatuz, zilarrezko meategien jabe egin zen. 1592an, San Luis Potosiko lehen alkatea izan zen.
1595ean, gaur Mexiko Berria eta Texas deitzen diren lurraldeak konkistatzera igorri zuten. Harekin batera joan ziren lehengusu zituen Joan eta Vicente Zaldibar Oñate anaia militar ospetsuak. 1598ko apirilaren 30ean, Joan Oñateren agindupeko espedizioak Rio Grande izeneko ibaia zeharkatu zuen eta pueblo indioen lurraldeetaraino iritsi zen. Berehala, bertako biztanleak usatu ondoren, San Juan de los Caballeros izeneko herrixka eraiki zuen, gaur Pueblo de San Juan deitua dena. Bertako hopi eta zuñi herri indioen aurka borrokatu zen eta hurrengo 25 urtetan 50 eliza altxatu zituen Gaur Mexiko Berria deitzen den estatuan. Bera izan zen lurralde berri haien lehen gobernadorea.
Urte haietan guztietan, Joan Oñatek bere boterea eta ondasunak etengabe handitu zituen. Gogor borrokatu zen pueblo indioen aurka eta baita, konkistatutako lur eta aberastasunen banaketarekin ados ez zeuden gainerako buruzagi militarrekin ere. Gerora, Mexiko Berritik Texasko lurraldeetara pasatu ziren.
3.- Pueblo indioen matxinada eta Acomako sarraskia
Acoma izeneko eskualdera iritsi zirelarik, aliantzak egiten saiatu ziren bertako hopi eta zuñi herriekin, eta hortik abiatuta, Arizonako San Frantzisko izeneko mendietaraino hedatu ziren. Mendi horietan zilarra eta beste mineralak aurkitu eta ustiatu omen zituzten.
Espainiarren anbizioa handia zen, eta gero eta gehiago eskatzen eta ebasten zieten bertako biztanleei. 1598ko urrian, Oñateren soldaduek, Acomako indioek negua pasatzeko beharrezkoa zituzten elikagaiak eskatu zizkieten, eta hauek, neguan bizirauteko beharrezkoak zituztelakoan, emateari uko egin zioten. Horren ondorioz, zenbait borrokaldi izan ziren soldadu espainiarren eta indioen artean, eta horietako batean indioek hamahiru militar espainiar hil zituzten, Joan Zaldibar Oñate beraien artean.
1599an, Joan Zaldibarren anaia zen Vicente Zaldibar Oñatek mendeku lazgarria hartu zuen. Indioei eraso egin eta 800 pertsona (emakumeak, haurrak eta adinekoak barne) erail zituen, baita 500 preso hartu ere. Ordurako, Arizonatik iritsi berria zen Joan Oñatek oso agindu krudelak eman zituen; preso hartuta ziren indioei ezkerreko oina mozteko agindu zuen (24 eta 80 artean zirela diote orduko kronikek) eta 500 pertsona esklabo gisa hartu zituen, inolako errukirik gabe.
4.- Joan Oñateren espedizio berriak
1601eko ekainaren 23an, Joan Oñateren espedizio berria Lautada Handietara abiatu zen, Quivira izeneko herri mitikoaren altxorraren bila. Berekin batera, 130 soldadu, 12 apaiz, 130 indio eta 350 zaldi eta mando zeramatzan. Mexiko Berria zeharkatu zuen eta Texasen sartzean apatxeekin egin zuen topo. Hasierako harremanak baketsuak izan baziren ere, laster borrokaldi handiak izan zituzten, espainiarrak indio gazteak bahitzen aritu baitziren apaizek dotrinatu eta kristautu egin zitzaten. Aberastasun handiak aurkitu ez zituztenez gero, azkenean Joan Oñateren soldaduek lur haiek abandonatu behar izan zituzten.
1604an, espedizio berri bat gidatu zuen Colorado ibaiaren behe aldeko lurraldeetara. 1605eko urtarrilean, Kaliforniako golkora iritsi ziren. Haien asmoa portu egoki bat egitea zen, gainerako kolonia espainiarrekin itsas harremanak errazteko. Ezin izan zuten haien xedea bete eta atzera egin behar izan zuten.
Gerora beste espedizio bat antolatu zuen Lautada Handietara, Texas, Arizona, Arkansas, Oklahoma… baina ez zuen inon berak bilatzen zituen aberastasun handiak topatu.
5.- Joan Oñateren gainbehera
Azkenean, buru militarren arteko liskarrak nagusiko ziren, eta zenbait buruzagi espainiarrek Koroaren aurrean salatu zuten. Indioen aurkako gehiegizko bortizkeria, hilketak eta lapurreriak alde batetik, eta zenbait kapitainen exekuzioa bestetik leporatu zizkioten. Auziperatua izan zen eta baita kondenatua ere. Titulu eta kargu guztiak kendu zizkioten, diru kopuru handia ordaindu behar izan zuen zigor gisa, eta Mexiko Berritik kanporatu zuten betiko. Mexiko hirian ere lau urtez sartzea debekatu zioten. Auzi luze baten ondoren, kontrako ebazpen guztiak kendu zizkioten eta Espainiara joan zen, non erregeak erresumako meategietako ikuskarien buru izendatu zuen. 1626ko ekainaren 3an zendu zen, gaur Sevillako probintzia den Guadalcanal hirian.
Gerora, zenbait estatua eraiki zituzten Mexikon eta Mexiko Berrian haren oroitzapenez. El Paso hirian, adibidez, 2007ko apirilaren 21ean, 18 tona eta goierako 10 metro zituen brontzezko estatua eskaini zioten. Mexiko Berriko pueblo indioen ondorengoek protesta handiak egin zituzten. Sei urte beranduago, eskuineko hanka moztu zioten Acoman egin zuen sarraskia oroitu nahian. Hurrengo urteetan, indioak, behin eta berriz, konkistatzailearen estatuak lurrera botatzen saiatu ziren eta azkenean, 2020an haren omenezko estatua guztiak kendu zituzten betiko. Orduz geroztik Mexiko Berriko populazio indioak gogor arbuiatu eta zapuztu ditu Joan Oñatekoaren oroimenean zeuden estatua, eta gainerako oroitzapen eta aipamen ofizial guztiak. Haien ustez, jatorrizko herrien genozidek ez dute inolako onarpenik merezi.
“Haien ustez, jatorrizko herrien genozidek ez dute inolako onarpenik merezi.”
Norbaitek uste du halako historiala duen gizatxar batek merezi duela onarpen publikorik?
Gauza bat da historia ezagutzea, eta bestea halakoei estatuak jartzea plazetan.