Joan Migel Orkolaga eta Igeldoko Behatokia

Joan Migel Orkolaga eta Igeldoko Behatokia –

Gaztetan maiz joaten nintzen, lagunekin batera, Donostiatik Igeldora eta baita Oriora ere. Bidea oinez egiten genuen, Eta Igeldoko plazan den tabernan ogitartekoak eskatu, eta botila bat sagardoz lagunduta, askari ederra egiten genuen, umore onez gainera, kantuz eta askotan kartetan ere arituz. Aipatu ibilaldi haietan Igeldoko Behatokiaren aurretik pasatzen ginen, eta Joan Migel Orkolaga josulagun metereologoaren oroitzapenez jarritako oroigarria jakin-minez irakurtzen nuen beti. Gauza bera egiten nuen Igeldoko plazan, bere omenez dagoen harrizko oroigarrian den euskarazko inskripzioaren aurretik pasatzean, honela dio bertsoz:

“Enbatak arro zekarrenean / itxas gizonen galpena / oiuka garaiz salatu zuan / eraso aien kemena / arrigarriak bai ziren bere /  jakinduria eta sena / Kantauriaren kolkoan dabil / Orkolagaren izena.”

Gurasoei eta ezagunei gizon hartaz galdetuta inork ez zekien deus erantzuten. Azkenean, berrogei urte inguru nituela Orkolagari buruzko zenbait aipamen eta artikulu irakurri ondoren, gaztetatik nuen jakin-mina ase egin ahal izan nuen. Miresmen horretatik dator, Orkolagaren oroimenez, egin dudan artikulu labur hau.

Joan Migel Orkolaga eta Igeldoko Behatokia
Orkolagaren omenezko oroigarria

1.- Joan Migel Orkolagaren haur eta gazte urteak

Joan Migel Orkolaga Legarra 1863ko urriaren 13an jaio zen Gipuzkoako Hernani herrian eta 1914ko irailaren 22an hil zen Igeldon. Hasiera-hasieratik osasun makalekoa izan zen, hori dela eta, gorpuzkera ahul eta gaixotia izan zuen beti. Ezin zuen bere adineko mutikoekin garaiko jolas eta kiroletan aritu, eta hori izan zen haren nortasun barnerakoi eta bakartiaren eragilea. Beste mutikoak jostetan ari ziren bitartean, Orkolaga behatzen eta barne gogoetan murgilduta ematen zuen denbora. Fraide josulagun izateko gogoa azaldu zuelarik, Buenos Airesera bidali zuten, klima aldaketak on eginen ziolakoan. Baina tamalez Argentinan ez zuen osasunez hobera egin, eta 1880. urtean, berriro Euskal Herrira itzuli zen, Gasteizko seminariora bere ikasketak bukatzera.

2.- Behaketa metereologikoan murgilduta

Joan Migel Orkolaga eta Igeldoko Behatokia1888an graduatu zen, presbitero ordenatu zuten eta Beizamako parrokiara ekonomo gisa igorri. Inguruetako katedral batean kalonje plazaz jabetzen ahalegindu zen, eta 1893an, Gasteizko katedralean lanpostu bat betetzeko azterketa batzuk egin zituen, baina, dirudienez,  arrakasta handirik gabe. Urte berean, Zarautzera bidali zuten, eta hantxe egin zituen bere lehen behaketa metereologiko sakonak. Behatoki ttiki bat antolatu zuen eta hantxe egindako ikerketei esker, 1900. urteko azaroaren 15ean izan zen galerna handia aurreikusi ahal izan zuen, eta Gipuzkoako Aldundia eta portuetako agintariak arriskuaz ohartu ondoren, marinel eta arrantzale askoren bizitza salbatu ahal izan ziren.

Bere ikerketetan garrantzi handia eman zion barometroari, beste tresna eta gailu batzuk baztertuz. Hori dela eta, oso kritikatua izan zen garaiko beste metereologoen artean, Orkolagaren behaketa ez zela zientifikoa, senarekin lotutakoa bizik, leporatzen baitzioten.

1901eko maiatzaren 6an, Joan Migel Orkolagak Igeldon behatoki bat sortzeko eskaera egin zion Gipuzkoako Aldundiari. Haren asmoa eguratsaren aldaketak aztertzea zen eta horrela galernak aurreikustea eta gure arrantzaleen bizitzak salbatzea. Azkenean, 1905an, Igeldoko Behatokia eraiki eta zabaldu zuten. Orduz geroztik, hor ari izan zen Orkolaga bere ikerketak egiten eta garaiko aldizkarietan plazaratu zituen artikuluak idazten. Zoritxarrez, 1914ko irailaren 22an zendu zen. Dudarik gabe, esan dezakegu inolako beldurrik gabe, Joan Migel Orkolaga hernaniarra izan zela euskal metereologiaren aitzindarietako bat, eta ez nolanahikoa gainera.

Joan Migel Orkolaga eta Igeldoko Behatokia
Igeldoko Behatokia 1905ean
Joan Migel Orkolaga eta Igeldoko Behatokia Joan Migel Orkolaga eta Igeldoko Behatokia

Euskaltzalea eta irakasle-ohia