Joan Batista Gamiz, XVIII. mendeko olerkari arabarra
Joan Batista Gamiz, XVIII. mendeko olerkari arabarra –
XVIII. mendean Aita Manuel Larramendi andoaindarra izan zen Hegoaldean euskararen aldeko sua indarrez piztu zuena. Bere teoriak, bere hiztegi ospetsua, El imposible vencido izeneko gramatika, bere hitzaldi gartsuak, bere trikimailuak… eta ongi irabazitako ospea izan ziren garai hartan jarraitzaile sutsuak sortzeko eta bultzatzeko erein beharreko hazi naro eta emankorrak. Kardaberaz, Ubillos, Mendiburu…, ainitz izan ziren Larramendiren bideetatik gaindi, euskaraz idazten eta euskara lantzen, abiatu zirenak. Euskarak izan zuen Hegoaldeko lurraldeetan susperraldi ederra, eta susperraldi horretan izan ziren lehen mailako idazleak, denok ezagutzen ditugunak, eta gainerakoak, horren ezagunak ez zaizkigunak. Azken horietako bat dugu Joan Batista Gamiz arabarra.
1.- Joan Batista Gamizen nondik norakoak
Lehen aipatu bezala, Joan Batista Gamiz XVIII. mendeko olerkari arabarra dugu. 1696ko apirilaren 8an, Sabando herrixkan sortua. Familia umil samarreko semea, hogei urterekin Jesusen Lagundian sartu zena. Horretarako Valladolidera joan behar izan zuen. 1720tik aitzina Coruñako josulagunen ikastetxean izan zen sukaldari, Valladolidera berriz igorri zuten arte. Orain baina, aipatu hiriko San Iñazio ikastetxeko diruzain laguntzaile gisa ezarri zuten.
1728 inguruan, Euskal Herrira ekarri zuten, zehazkiago erranik, Iruñeko La Anunciada izeneko ikastetxera, bertako diruzain gisa. Eta hortxe egon zen luzaz, 1767an, Espainiako Karlos III.ak jesuitak bere erresumetatik igorri zituen arte. Horrela, jakin badakigu, Gamizek, gainerako jesuitekin batera, Gartagenako portutik Italia aldera abiatu zela, eta Boloniako Casa Lequio izeneko etxean bizi izan zela, 1773. urtean zendu zen arte.
Badakigu kultura handiko gizona zela. Gamizentzat bizileku eta lantegi izan zen Valladolideko La Anunciada ikastetxean lau mila liburu inguru zituen liburutegi aberatsa zegoen, eta hil zelarik, Boloniako bere gelan, berrehun eta zortzi liburu aurkitu zituzten. Hor baziren matematika, erlijio, historia eta literaturazko liburuak; tartean baziren garaiko euskal idazle eta predikari ospetsuen hainbat liburu, Larramendiren hiztegia, Kardaberaz eta Mendibururen liburuak…, eta abar.
Joan Batista Gamizek euskal folklore eta etnografiarekin loturiko hainbat idazlan labur utzi digu. Horietako batean, Tafalla, Zangoza, Gares eta Oteitzan erabiltzen ziren izengoitien bilketa egin zuen. Hainbat olerki idatzi zuen euskaraz, eta baita gaztelaniaz ere. Gaur egun, euskarazko bi olerki luze eta lau labur ezagutzen ditugu.
Gamizen idazlanak isiltasunean, ilunpean izan ziren luzaz, 1920ko hamarkadan Joakin Azpiazu, Antonio Perez eta Iñazio Elizalde josulagunek egindako ikerketetan plazaratu zituzten arte. Olerkietako gai nagusia maitasuna bada ere, hitz jokoak eta olerki apaingarriak ere agertzen zaizkigu. Osora 238 lerro ezagutzen dizkiogu. Hendrike Knörr euskaltzain arabar zenduak Gamizen euskara aztertu zuen 1974an Euskera aldizkariaren 19. zenbakian plazaratu zuen artikuluan eta Arabako hitzak eta erramoldeak Iruñea aldekoekin nahastuta erabiltzen zituela erakutsi zigun.
Biografia ttipi honekin bukatzeko, aipatu beharra daukat zehazkizun gehien-gehienak Auñamendi Eusko Entziklopediatik jasoak ditudala. Haiena da, bada, merezimendu guztia eta haientzat nire esker ona.
2.- Jan Batista Gamizen olerkiak
Arestian erran bezala, olerkari sabandoarrak hainbat olerki idatzi zuen. Gaur bakarrik bi olerki luze, Dabilzentxoak eta Euskaraz gaiztoetan izenekoak, eta lau labur, Oñekotxoa, Beste bat, arendako, Beste bat ere bai arendako eta Beste tunutxo berri bat ezagutzen ditugu. Ikus dezagun hainbat pasarte gaurko grafiara ekarrita:
Amodioa da gai nagusia. Dabilzentxoak izeneko lehen olerki luzean honela aldarrikatzen digu: Zure begietan dago / ene suertea / nahi baduzu bizia / edo heriotzea / ene laztana / zugatik egingo dut / nik ahal daidana. // Duzu begitxo batzuk / ta aurpegitxo bat / a hegaz joateko dut / tentazio bat / gaude geldi / hobeki da ondo egon / ta ez gaizki ibili.
Euskera gaiztoetan izeneko bigarren olerki luzean, amodio kontuetan jarraitzen du. Ikus dezagun: Esperantzaz bizi gara / egoteko zeruetan / ta han ezta izango ausentziarik / beti egon alkarregaz. // Haratxe bai joan behar degu / haratxe ene maitea / horrekin gure amistade / sekulako izango da.
Lehen olerki laburrean, Oñekotxoa izenekoan, maitasun ezinaren berri ematen digu: Bai, bai, / ez, ez, ez, ez, ez, / zugatik ene begiak / daude negarrez / ez, ez / bai, bai, bai, bai, bai / ni joan nahi zurekin eta / zuk eztuzu nahi.
Gainerako olerki laburrak, bestelakoak dira, eta tartean izan badira hitz jokoak edo errepika apaingarrien itxura dutenak. Ikus ditzagun hiruak: Beste bat harendako izenekoan: Lakrinkron fararirairena / lakrinkron fararirairon. Beste bat ere bai harendako izeneko hirugarren olerki laburrean honela dio: Goazen goazen goitira / goazen ballera / goazen errekaldetik / gaur paseatzera. Badirudi amodio ezina gogoan harturik idatzia dela.
Azken olerki laburrak Beste tunutxo berri bat izena du. Erranahia ez da bat ere garbi, eztei hurbil batez mintzo zaigu, baina gehiago argitu gabe. Horratx: Mutil batek esan dust / naizela galanta / badakit hori / karrikatik noanean / jantzirik ongi / agradatzeko / esan dio alkateari / ene bihotzeko / farala ralareki / esan dio aitari ta / dio bihurtu bedi / amari esan ta dio / ikusiko dugu. / Errepuestea ezta gaizto / bodak daukagu / uda irago baino lehen / behar degu ezkondu.
Bitxia bada ere, Joan Batista Gamiz arabarraren olerkiak maitasunezkoak dira, eta zenbaitetan kutsu autobiografikoa dutela dirudi. Bitxia da kontuan izanda egilea jesuita zela. Hainbat ikerlek iradoki dute Gamizen olerkiak beretzat eginak zirela, hau da, ez zirela inon plazaratzeko eginak. Horregatik barneak erraiten ziona paperean idatzi zuen, inolako beldurrik gabe. Baliteke! Modu batean edo bestean izanik, euskaldunok garaile atera gara Gamizen olerkien berri edukitzean, bai literatura arloan eta baita hizkuntz arloan ere, bietan ikertzeko moduko laginak baitira.