Sautrela 391. saioaren aurrerapena (Javier Aramendi)
Badira gaztetako beroaldiak jota lehen aldiz argitaratzen duten idazleak. Horietako ugarik poesian ematen dituzte lehen urratsak. Badira, halaber, bizitzak urte luzez emandako eskarmentuaz baliaturik nagusitxo direla publikatzen dutenak beren opera prima. Azken multzo honetakoa dugu Javier Aramendi. Aurretik han hemenka aldizkari literarioetan aleren bat argitara eman izan badu ere, Erein etxearekin atera berri zuen Verba polita poema liburua du bere lehen obra. Poema liburu jostaria inondik ere, izenburuak berak aditzera ematen digunez. Poemategi zabala da gai eta estiloz, umoretik nahiz hotsanditik duena, eta aukera polita, beraz, autore berri bat ezagutzeko hari egindako elkarrizketa bidez.
Erreportaje berri bat ere atondu dugu, Francis Scott Fitzgerald idazle estatubatuarraren inguruan. Idazle ezaguna dugu, XX. mendeko idazle estatubatuar handienetako, batez ere bere nobelengatik duena entzutea. Euskaraz horietan famatua dugu irakurgai, Gatsby handia, Xabier Olarrak itzuli eta Igela argitaletxeak plazaratua. Alabaina, ipuingile aparta zen orobat Fitzgerald. Garaiko hainbat aldizkaritan eman zituen ipuinok argitara, bizibidea ateratzeko balio ziotenak. Berriki argitaratu du Elkar-ek Fitzgeralden ipuinen antologia bat, Plazeren gau ilunekoak, Garazi Arrula-k eta Iñigo Roque-k itzuli eta prestatua. Horren aitzakian Fitzgerald ipuingileari buruz gehiago jakin nahi izan dugu.
Azkenik, saioaren bukaeran, Beñat Sarasola Jokin Muñozen lehen nobelaz, Joan zaretenean-ez, jardungo zaigu. Gerora Muñoz gure literaturako narratzaile handienetakoa bilakatuko bazen ere, oraindik ia idazle hasiberria zen 1997an liburua argitaratu zuenean.
Ohiko legez, larunbatean izango dugu ikusgai Sautrela, 15.00etatik aurrera, ETB1en.