Jaurlaritzaren diruak

dirua5.jpg

Liburugintzari buruz egindako orain arteko lau aipamenetan, adibide bera erabili dugu: puntako euskal idazle batek bere azken eleberriaren mila alde saldu ditu 15 eurotan. 15.000 euroko negozioa beraz. Diru horretatik 1.500€, geratzen zitzaizkion egileari, 2.500 editoreari, 22,25 liburudendakoari eta 2.225 banatzaileari. Zein da, ordea, Jaurlaritzak honetan guztian daukan politika? Nola laguntzen dio euskal liburugintzari?

Bon, bon, bon. Ez dakit askorik, baina oso oker ez banago, iaz arte 300 ale erosten zizkion liburu bakoitzetik editoreari. Aurten, txoritxoa gezurtia ez bada, 250era jaitsi da kopuru hori. Liburu horiek gero liburutegi publikoetan banatzen ei dira. (Asko hobetu da horretan. Gogora datorkit duela urte asko gertatu zitzaidan kontu bat. Lakuara deitu zidan liburuez arduratzen zen jeltzale aparatero batek. Hor nonbait segituko du orain ere, denon kontura Euzkadi salbatzen. “Beitu hau” esan zidan, eta gela bateko atea ireki zidan aurrez-aurre. Liburuak zeuden ehunka eta milaka, nola-hala hantxe pilatuta. “Konkurso bat asmatu behar dok telebisiorako, sari moduen liburuok emoteko. Ez dakit zer egin eta”). Bai, asko aurreratu da. Esate baterako, idazleon artean hain eredugarri, garden eta maitea den Euskadi Saria ere tartean dago. Motorista eta guzti.

Ez nadin bidetik aldendu: 250 ale erosten ditu Jaurlaritzak euskaraz argitartatzen den liburu bakoitzetik, horixe zuzeneko laguntza politika bakarra. Omen. (Gutun bat daukat mahai gainean: 600€ ordainduko dizkit Espainiako Kultur Ministerioak, “Frantzian”, Donibane Lohitzuneko lizeo baten, alegia, ikasleekin literatur tailer batean parte hartzeagatik. Frantsesera itzulita dagoen Inesaren Balada nire eleberritxoaren karietara. Bi egunetan, ordubeteko saioak edo. Eskerrak ematen dizkidate, gainera, Del placer de leer a la alegria de escribir “nazioarteko” programan eskuartzeagatik. Bidaiak aparte).

Noan, baina. Mekauentz zotz, akabo orain arte balio izan digun adibidea! Idazleak ez ditu saldu mila ale. Editoreak ez ditu saldu mila ale. Banatzaileak ez ditu banatu mila ale. 750 bakarrik izan dira. Akabo gure kontuak! Liburudendakoaren adibidea bakarrik geratu da zuzen, berak bai, berak hamar saldu baititu. Hankaz gora gure kalkulo guztiak, 750 ale baizik ez baitira joan komertzioaren bide arruntetatik. Hainbeste lan kontuak ateratzen eta gero hau! Jaurlaritzak erosten dituen 250 aleak, gainera, ez dira erosten 15 eurotan. Bai zera! Prezio erdian erosten ditu, alegia, 7’5 eurotan. Eta beste gauza bat, jakin ahal izan dudanez, aurten BEZik gabe eskatzen ditu, nahiz eta editoreak ondoren BEZ hori ordaindu beharko duen. Ederra asuntua. Bikaina politika. Hara hemen boteprontoko konklusio batzuk:

1- Ez da larriena, baina, lehenik eta behin, hemen orain arte erabili ditugun gure kontu guztiak pikutara joan zaizkigu, anormalitatea txertatzen baitigu Jaurlaritzaren liburu-politikak. Esan bezala, akabo gure kalkuloak.
2- Zenbat diru ematen diote prezio erdian erositako 250 ale horiek idazleari? 187 euro? Idazle profesionalek (?)  haur eta gazte literaturara eta bestelako ekintzetara (hitzaldiak, agerraldiak, kontzertuak…) jotzen dute usu, nonbaitetik dirua behar eta.
3- Zenbat editoreari? 300 euro inguru? Eta berak, Jaurlaritzak ez bezala, ordaindu beharreko BEZa eta gero? Hala ere, euskal editoreak beti dabiltza original bila. Urteko jarduera egin ahal izateko, liburu asko atera behar dituzte, bakoitzarekin gutxi irabazten dute eta.
4- Banatzailea eta liburudendakoa ez dira sartzen kontu honetan, baina gehiago saldu eta banatuko lukete liburutegietara eramango ez balitz. (Ez diot hala behar duenik, baina hala litzatekeela bai).
5- Liburutegi publikoak euskal liburuz hornitzea ez al zaio merke irteten Jaurlaritzari? Ez ote litzateke hobea, laguntzarik eman ez eta liburutegiak hornitzeko behar diren liburuak merkatu-prezioan erostea?
6- Batere irizpiderik gabe “laguntzen” dira liburuak. Denak eta kitxo. Eta hala, berdin “laguntzen” da politika horren batere beharrik ez duen obra bat (Atxagaren bat kasu), eta hori baino askoz gehiago behar lukeen bat (poeta ezezagun batena, kasu).
7- Kalitaterik ez du inork neurtzen, editoreak ixilik geratzen dira, Jaurlaritzakoekin eta beste apur bat saltzearekin, galdu ez baitute galtzen, eta hala, nolanahiko liburuen inundazioa dago (Denak datoz bat hori dela gure gaitz nagusia esaterakoan: liburu gehiegi, dauden irakurle apurrentzat).
8- Baina non kristo daude hemen Plan Vasco de Culturako doktoreak?
9- Etc. Etc.

Amaitzera noa. Painelu bat behar dut malkoak eta, batez ere, muki hauek gainetik kentzeko.

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

10 pentsamendu “Jaurlaritzaren diruak”-ri buruz

  • Iturri, Sonia, Bastarrika, Joseba, Felipe, Joxemi, Inko, Morrosko, Asier, XL, Aitor, Potrozorri… Non demontre sartu zarete? Oihartzuniki gabe tristea da gero kantua!

  • Lagun batek, honako zehaztapenok igorri dizkit. Kasu egin, otoi, nik baino askoz gehiago daki eta. Ez da zaila.

    Jaurlaritzaren diruak dela-eta… galdera batzuk dauzkak idatziak hire artikuluan.Hauxe lehenik: “Zenbat diru ematen diote prezio erdian erositako 250 ale horiek idazleari? 187 euro?” Eta erantzuna da = EZ. Erantzuna da = idazleari eman behar zaizkio beti ale bakoitzeko salmenta prezioaren %10. Beraz, hire kasuistikan liburuaren prezioa baldin bada 15 euro, idazleari beti emango zaizkio 1,5 euro (tira, exaktamente horrela ere ez da!, ze idazleari emango zaio BEZ gabeko prezioaren gainean %10, eta gero gainera IRPF zergaz %15 gutxiago, azken zati hori editorialak Ogasunari emango baitio… baina hire kasuan ez zagok %15 hori ere… baina enfin, hori obiatuko diagu). Laburbilduz eta hire kasuistikako numeroi jarraiki, Jaurlaritzak 250 ale erosi ditik (adibidez) hire liburu batetik, eta beraz, 250 x 1,5 = 375 euro izango dituk hiretzat (eta ez hik galdetzen duana: 187, ez-ez!).

    Eta beste galdera hau ere egiten duk:”Zenbat editoreari? 300 euro inguru?”. Editorialari dirulaguintzatik zer geratuko zaion esplikatzea erraza duk: liburuaren prezioa baldin bada 15 euro, editorialak batuko ditu 250 x 7,5 euro = 1875 euro. Zer egingo du 1875 euro horiekin? Aurrena egileari pagatu berari dagokiona = 375 euro, eta aparte, BEZ ordaindu (%4) = 1875 euroren %4 = 75 euro.

    Eta orduan operazio honetan editorialak eramango du? 1875 ken 375 = 1500. Eta gero BEZ ogasunari eman = 1500 ken 75 euro = 1425 euro. Eta gutxi gorabehera inprenta gastuak aleko direnez 2 euro = 250 x 2 = 500 euro, ergo 1425 euro ken 500 euro = 925 euro. Editorialak eskuratuko ditu 250 liburu-aleren truke 925 euro.

    Eta gero… kontu hauek “inposibleraino” konplikatzeko… 950 euro horietako batzuk inputatu beharko litzaizkieke bestelako gastu batzuei: maketazio gastu zati tipi bat, portada gastu zati tipi bat, zuzentzaileari pagatuko dion zati tipi bat, editorearen lanaren zati tipi bat, promozio gastuen zati tipi bat, garraioak eta gastu ordinarioen zati tipi bat, eta abar tipi… baina konputatzen oso zailak direnak… eta konputatuko ez ditugunak.

  • Diosss azkarregi idazten duk nik azken bolada honetan daramadan irakurketa erritmorako.

    Segi kontuak ateratzen…

  • Non sartu garen? liburuak irakurtzen trenean goazela!! ;-P

    Pelikula amaitu arte itxaron nahi nuen! egia esateko, asteburuan begiratu egin nuen ea amaitu zenuen diruen kontua; eh!, zale bat izan duzu behintzat telenobelan!

    Pentsatzen jardun nintzen, eta lagun batek utzi zidan Don Quijoteren edizioa etorri zitzaidan burura. Bertan, liburuaren tasa agertzen da, ez dakit zenbat marabedi, liburuaren sarreran. Hori gogoratzean esan nuen: Kontxo! erdi arotik negozio honek ez duela bilakaera askorik izan iruditzen zait!
    Aurretik idatzi ditudan iruzkinak kontutan hartzen baditugu, esan beharrik ez dago software librearen munduan eta lizentzia libreen munduan sartuta nagoela.
    Software librearen garrantzia eta hedapena datuetan bilduta dago, Estremadurako administrazioan Linux, Firefox nabigatzailea, Open Office… Musika munduan ere gero eta talde gehiagok erabakitzen du internet bidez hedatzea bere musika Creative Commons lizentzia baten menpe, kopiak egin eta banatzen edo saltzen uzten dutelarik.
    Liburuen munduan zer gertatuko litzateke horrelako zerbait eginez gero? Ea, pentsa dezagun jaurlaritzak web orri batean creative commons lizentziapeko liburuak zentralizatzen dituela. Liburu horiek, elektronikoki merke erosi era gero (edo doan jarrita…), ordenagailu bertan irakurri edota inprimatu eta banatu genitzazke. Noski, behin norbaitek liburu bat duela, doan banatu lezake P2P sarean edo bere web-etik. Liburu dendetan saltzeko eta liburutegietan jartzeko paperezko liburu bertsioa ere egin beharko litzateke, trenean irakurtzen dugunok zerbait txukuna eduki ahal izateko, irakurgailu elektronikoak hobetu eta estandarizatzen diren bitartean (http://www.jinke.com.cn/compagesql/English/embedpro/prodetail.asp?id=20). Sarean erraz banatu badaiteke, agian itzulpen batzuk egitea komeniko litzateke, euskal liburu baten kasuan, gaztelera, frantsesa eta ingelesera adibidez.
    Laburbilduz, zer edukiko genuke: liburu bat doan lortzeko aukera formatu elektronikoan, liburua liburutegitik hartzeko aukera, eta dendan erosteko aukera.
    Orain nik ez dakidana da: Nola geratuko lirateke diruak kasu honetan? oraindik arazo berarekin ginateke? okerrago? hobeto? Agian salmentak berak jaitsiko lirateke, baina idazlearen izena gehiago banatuko litzateke horrek ekarri ditzaken onurekin? Edo salmentak jaisteaz gain idazlea oraindik ere anonimatuan geratuko litzateke?
    Guzti honen inguruan hasi naiz ikertzen interneten eta badira eta idazleak liburuak elektronikoki ezarri dituztenak lizentzia libreekin (alegia, liburu horiek kopiatu eta banatzeko askatasuna ematen duten lizentziekin). Ez dakidana da txaleta erostea lortu duten edo ez… Zerbait zehatzagoa dakidanean idatziko nuke han edo hemen.

  • Jaurlaritzaren laguntzen asuntuak tontelduta utzi nau. Dena den, zergaitia ulertzen dudala uste dut…

    Liburuak idazteari utzi behar duzuela eta internet bidezko eleberriak idazten hasi! Gainera, ingurugiroaren ikuspegitik, papera gutxiago erabilo litzateke….

    Honela eginez, behintzat, diru-laguntzak zertxobait handiagoak izango lirateke. Alde batetik diputazioaren laguntzak eta bestetik jaurlaritzarenak…

    Ez ideia baztertu!

  • Aitor, Inko eta konpainia, nire liburu guztiak sarean jarrita daude aspaldi. Hortxe dituzue, eskuman eta goian, LIBURU ARGITARATU GUZTIAK izenarekin. Ez pentsatu panazea denik. Aurki aterako den ITURRINO HANDIA ere, blog honetan sortu izan dut, guztion agerian. Iruzkin bat bera ere ez dut jaso. Lau katu baino ez dira bertan ibili. Liburuak sarean jartzea deliberatu banuen, ahalik eta irakurle kopuru txikiena dezepzionatzeko izan zen. Sarean mokokatu eta gustuko badu, liburua eskutan hartuko duela pentsatuz. Ez dago gauza tristeagorik irakurlea dezepzionatzea baino. Hala ere uste dut sarea ez dela egokiena literaturarentzat. Liburuak liburu behar duela izan oraingoz. Horregatik argitaratzen ditut, Bi idazkera arras ezberdin eskatzen baitituzute pantailak eta liburuak. Literatura Handia, lagunok, oraindik liburuetan bizi da. Pantailakoak zizka-mizkak baizik ez dira.

  • Hasier, nere ideiak ez zuen ideia ona izateko intentziorik, bromatxo bat izan nahi zuen.

    Izan ere, pantaila batean 1000 hitz jarraian irakurtzea ia ezinezkoa baldin bada, liburu oso bat irakurtzea guztiz ezinezkoa da. Ordenagailuak irakurketa arinak egiteko daude, ez liburuak irakurtzeko.

    Dena den, egia da ere, diputazioek eta jaurlaritzak euskararen erabilera IKT-etan sustatzeko diru-laguntzak ematen dituztela eta “ciber-eleberria” proiektua lagunduko zutelakoan nago. Beraz, seguru edozein idazlek diru-laguntza gehio lortu dezakeela aipaturiko laguntzetatik egun jaurlaritzak euskal literatura bultzatzeko ematen dituen laguntzetatik baino.

  • Kontxo!! ez nuen susa-literatura ezagutzen… nire ezjakintasuna alde batera utzita…

    Jabetza intelektualaren legeari buruz irakurri eta ulertu dudanaren arabera, zure liburu bat inprimatu (unibertsitatean 100 orrialde 3€tan egin dezakedala uste dut), eta beste norbaiti utzi diezaioket. Baina ezin dut, adibidez, web orri batean ezarri eta lanaren difusioa egin, diru truk izan EZ arren, legearen ikuspuntutik zure baimenik gabe libreki doan hedatzen badut, huts bat (ez delitua) egiten ari bainaiz. Guzti hori esateko suposatu dut behealdeko “Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5” lizentzia ez zaiola zure liburuei aplikatu.
    Aukera al dut zure liburuak parte naizen elkarteko web-ean zintzilikatzeko? egin al duzu halakorik? non? Halakorik nahiko zenukete idazleok?

  • Benino edo Benito 2007-02-09 14:02

    Aupa Inko,

    Zuk diozunaren inguruan, Eremulauak web guneko foroan eztabaida izan genuen (baita Zabaldu, Sustatu eta beste leku batzuetan ere). Laburbilduz, kontua da zenbaiten ustez Creative Commons, eta batez ere Ez Komertzial klausula problematikoa dela. Hemen jartzen dizut linka pazientzia eta gogoa baduzu begiratu bat eman diezaiozun: http://www.eremulauak.com/foroa/viewtopic.php?id=5

  • Kaixo Benino!

    Ez naiz ari gauza beraz. Lizentzia libreen inguruan bakoitzak bere filosofiak dituk, batzuek ez dute uzten beste baten lanetatik dirua ateratzen, beste batzuek bai. Baina ez nintzen horretaz ari.
    Lan baten hedapenaz ari nintzen. Copyright-ak ez du onartzen beste norbaiten lana baimenik gabe, doan izanda eta dirurik lortzeko nahia izan gabe ere, web batean zintzilikatzea edo beste moduetan mundu guztiarentzat eskuragarri uztea. Gaur egun, espainiar legediak P2P sareek legedian duten zuloa oraindik estali ez duenez (eta nik nahiago dut horrela), hori da copyright-ari nolabait iruzur egin diezaioken modu bat.
    Beraz, nik Hasierren baimenik gabe, ezin dut bere libururik nire web-ean zintzilikatu, adibidez. Eta nire galderak ziren: egin al duzu halakorik? non? Halakorik nahiko zenukete idazleok?
    Bere lanak beheko CC lizentziapean egongo balira, nik hori egin ahal izango nuke. Kontua da, komeni zaie halakorik idazleei? zer uste dute beraiek? Nik uste dut onuragarria dela.