Jatunkeria, bekatu izatetik gaixotasun izatera
Jatunkeria, bekatu izatetik gaixotasun izatera –
Asteburu honetarako Hara! sailera ekarri dugun Xolomo Sapiens-en beste idatzi bat, 2011an sukaleku.net blog-erako idatzitako sorta baten parte zena. Gozatu eta on egin! 🙂
…
Jatunkeria, bekatu izatetik gaixotasun izatera
…
Bizi ditugun eredu estetikoen bultzadaz —batez ere emakumeei ezarri zaizkien mehetasunaren kanonei esker—, JATUNKERIAK bekatu izateari utzi dio aspaldi. Bekatu txikiak sortzen dituen bekatu-iturri handiaren izaera abandonatu eta alde batera laga du horrela infernurako autopista azkarra izatearen kontua. Izan ere, JATUNKERIA gaur ez da bekatu, gaur gaixotasun da, beste gaixotasun batzuen sorburu beldurgarria.
Hala da, zinez. Inork ez du uste JATUNKERIA garaikidea bekatu denik. Ezin dut inor irudikatu bekatu hori apaiz bati konfesategian aitortzen: “Aita, Jaungoikoaren aurka egin dut bekatu gaur eguerdian…” Ez eta apaiza bera ere: “Anaia, Jaungoikoaren kontra egin nuen bart gaueko afaritan”.
JATUNKERIA gaur ez da Jaungoikoaren kontra egindako bekatua. Beste zerbait da, askozaz ere konplikatuagoa eta gaitzagoa. Infernurako kondena beharrean, zigor automatiko zabala dakar JATUNKERIAK: edertasun eta osasun patroien aurkako zerbait da, gainerakoengan errukia, atsekabea edo higuina pizten duen zerbait. Izan ere, JATUNKERIAK ageriko sintomak ditu, ezin ezkutatzeko modukoak.
Hori ez da gertatzen beste Bekatu Nagusi batzuekin. Esaterako, ALFERKERIAREKIN. Zu izan zaitezke guztiz alferra eta, horregatik, kalean txistuka paseatzen ibili lasai asko. Inor ez da konturatuko zure benetako izaeraz eta bekatuaren baitako duzun bizimoduaz. JATUNKERIAk jota bazaude, ostera, arau estetikoak pitzatuko dituzu eta infernua gutxi da, eraman beharko duzun penitentziarekin alderatuta: mespretxu soziala.
Lehengo batean ikusi nuen Frantziako telebistan ordubeteko dokumental ikaragarri bat: lana aurkitu eta normal bizitzeko zelako ezintasunak dituzten aitortzen zuten gorputz lodiko gizen morbidoek. Haietako batek, hala ere, Rabelaisen espiritua gordetzen zuen eta Parisen atsekabez begiratzen ziotela eta, ahal zuen guztietan hartzen zuen abioia Indiara oporretan joateko. Bi txartel ordainarazten zizkion, gainera, Air Francek, eserleku bakarrean sartzen ez eta.
Indian, antza, jainkotiartzat eta fortunaren gauzatzat dute gizentasuna eta etxean baino hobeto hartzen dituzte gizon eta emakume borobilak. Jakina, badira salbuespen fortunadunak ere, JATUNKERIAn bizi arren, sekula borobiltzen ez diren horietakoak eta gorputzari lerden eusten diotenak, baina gutxienak izateaz gain, loteria genetiko moduko bat egokitu zaie halakoei. Bejondeiela.
Esan bezala, orden gabe eta neurriaren gainetik jatea eta edatea da, beraz, JATUNKERIA eta bekatu honetan bizi denak gizartearen gaitzespena jaso ohi du, gehienetan. Erdi Aroko kondaira baten arabera, Juan de Beverley izeneko padar edo eremita bati aingeru bat agertu zitzaion. Aingeru gaiztoa, antza denez, ezen behartu baitzuen hiru bekatu larriren artetik bat hautatzera. Bat zen horditzea edo mozkortzea, bigarrena bortxaketa bat egitea eta hirugarrena, inguruko baten bat asasinatzea. Hiruetatik bat hautatu behar zuen derrigorrez.
Zein hautatuko zenuen zeu? Geratu irakurketa eta pentsatu une batez. Zein da hiruretan arinena zure iritzian? Asmatu duzu, Juan de Beverley-k bezalaxe: hiruretan arinena mozkortzea da. Halaxe egin zuen, ba, eremitak: mozkortu arte edan zuen.
Lastima izan zen, mozkortu ondoren arreba bortxatu eta asasinatu izana. Lasai, hala ere, kondaira honek ez dauka irakaspen argirik, baldin eta ez bada ondo jarrita dagoela JATUNKERIA Bekatuen artean, alegia, beste bekatu batzuk dakartzan bekatua dela berez.
Jatunkeria, bekatu izatetik gaixotasun izatera
sukaleku.net bloga – 2011