Jarduna eten behar izan du Nafarroako Antzerki Eskolak
Latza izaten ari da Nafarroako kulturarentzat 2012 hasiera hau. UPNk eta PSNk aizkora sartu dute aurrekontuan, eta bereziki kaltetua izaten ari da kultura arlo guztia. Krisi garaiotan hezkuntza eta kulturan inbertitu beharko litzateke, aberastasuna sortzeko bide berriak bilatuz. Tamalez, bide horretatik urrun dabiltza Barcina eta Jimenez. Murrizketen zerrenda hagitz luzea da, baina oihartzun handia izan duena, ezbairik gabe, Nafarroako Antzerki Eskolaren jardunaren etena izan da. Laguntzak guztiz murriztuta, 25 urtez Iruñean erreferente izan den eskolarenak egin du, oraingoz bederen.
1985-86 ikasturtean sortu zen. Orain dirulaguntza ukatu dion Nafarroako Gobernuko Vianako Printzea Erakundeak bultzatuta sortu zen. Antzerkiko profesionalak sortzea eta hauen prestakuntzan sakontzea izan zuen xede nagusietakoa. Eskola arautuak eta arautu gabeak eman ditu urteotan guztietan. Horrekin batera, 25 urteotan antzerki programazio independentea eta erreferentea eskaini du Iruñeko alde zaharrean. Bere programazioan euskarak bertze inongo erakundetan baino leku gehiago izan du. Zuzeneko 40 lanpostu izan ditu, 22.000 ikusle pasa dira 2011n, antolatutako 137 emanaldietan.
Abenduaren 9az geroztik bere jardun ia osoa eten du, behin behinekoz. Aurrekontuaren erdia inguru Nafarroako Gobernuaren laguntzen bidez jaso izan du azken urteotan (425.000 euro 2011 urtean). Laguntza hori %90an murriztuta (43.000 euro 2012an), ia erabat eten du bere lana, eta langileei ere Enplegu Erregulazio Espediendea ezarri diete. Soilik Udalekin eta bertzelako instituzio batzuekin hitzartuta dituen ekitaldiak mantentzen ditu, eta eskolan berean arratsaldez ematen dituen hastapen taldeak. Nafarroako Gobernuak gainerako kultur erakundeei bezalako tratamendua emanen dio aurten, hitzarmen bidez laguntza eman beharrean dirulaguntzen deialdi irekietara jo beharko du Antzerki Eskolak. Edonola ere, nekez izanen du orain arteko laguntzarik, deialdi horrek muga ezartzen duelako talde batek lor dezakeen gehienezko kopuruan.
Baina bada datu erranguratsu bat, ezkutatzen dena. Eskolak Nafarroako Gobernutik 425.000 euro jasotzen ditu laguntzetan. Kopuru horren %60a (261.000 euro) bueltan jasotzen ditu Gobernuak, Gizarte Segurantzaren, Zergen eta BEZaren bidez.
Zergatik iritsi gara egoera honetara? Nafarroako Gobernuaren Kultura aurrekontuek odolhuste etengabea pairatu dute azkeneko bi legegintzaldietan. Corpas Kultura Kontseilari zela murrizketak etengabekoak izan dira, eta egin den politika atzerakoia, iparrik gabea eta herrialdeko eragileei bizkar emanez egin da. Eta Gobernuaren kontroletik kanpo sortutako kultura oro ito egin da. Kontseilaria aldatu bada ere (ez alderdia, ordea), politikak gibeleka segitzen du. Ez da krisiaren aitzakia, lehendik zetorren politika baten segida baizik, UPNk, PSNren laguntzarekin, Nafarroako kultura desegiteko hartu duen bidean sakontzea baino.