Jakes Ahamendaburu, olerkari ilauna gogoan

Jakes Ahamendaburu –

Jakes AhamendaburuGure artean izan dira gaztaroan euskaraz sortzaile izan direnak, eta gero bizitzaren bideetan zangopilaturik, betiko idazteari utzi diotenak. Iduriz, etorkizunerako promesa handiak ziren, distira handiko idazleak, eta, bat-batean, gure artetik desagertu dira, inolako arrastorik utzi gabe. Hortik aitzina anonimo bilakatu dira euskalgintzan. Hori bera da, Jakes Ahamendaburu baxenafarrarekin gertatu dena.

Jakes Ahamendaburu Nafarroa Behereko Eiheralarre herrian sortu zen 1961eko irailaren 7an, gazte-gaztetik euskaltzalea, inguruetako herri antzerkian ibilia eta trebatua. Ustekabean, 1988an, hogeita zazpi urte zituela, olerki liburu eder bat, Isilka misilka izenekoa, plazaratu zuen Maiatz argitaletxearen bitartez, eta bi urte berantago, 1990ean, Gauean ontuts izeneko bigarrena.

Ahamendabururen liburuek harrera ona izan zuten Iparraldeko euskal irakurleen artean, eta naturaz mintzatzeko zuen modua oso maitatua izan zen garaiko gazteen artean. Hegoaldera ere, olerkari gaztearen oihartzuna iritsi zen, eta horrela, 1989ko martxoaren 5ean, honelako aipamena egin zion  Dabil Zuazaldek Argia aldizkarian:

“Baxenafarroako herri-antzerkiaren munduari loturik ezaguna genuen Jakes Ahamendabururen izena, baina lirikotasunarekiko halako zaletasunik ez genion ezagutzen. Eiheralarreko seme honek, bere 27 urteren buruan, “Isilka misilka” estraineko poema-bilduma hau dendetaratu zuen Maiatz ezinetsituaren eskutik, duela ia hiru hilabete.

Zenbait xehetasunetan, Iparraldeko tradizio poetikoarekin bat egiten du Jakesek, halanola euskararen indar poetikoan. Esan nahi baita, Jakesentzat euskarak berak eskaintzen du indar poetiko haundi bat, hizkuntza menderatuz gero poemei atxikitzen diena. Hiztegiaren lirikotasunarekin batera, sintaxiaren malgutasuna du aipagarri.

Poetak ingurunea behatzen du, eta berorren erretratuak burutzen ditu poemaz poema. Ez dirudi askotan bestelako nahikunderik duenik: naturaren elemenduak, urte-sasoiak, denbora… eta bertsoz bertso hautsitako ispilu horren mila pusketan poetaren sufrikarioa isladatzen da. Horixe bait da poemotan agertzen zaigun poetaren irudia:”idazteak / inoiz atseginik / ez dakar…”. Herri-kulturaren osagaiak ere badira paisaia triste baina aberats horren erdian: gaiteroak, bertsolariak…

Irakurlea ez dadila liburu honetara modernotasun bila abiatu, arestian aipatutako koordenadetan oso eroso eta oso sortzaile on gisa ageri zaigun poeta baten bila baizik. Azkenik, hitzaurrean Lucien Etxezaharretak ohartarazten diguna ere azpimarratu behar da: euskara baturako esfortzua, euskalkiaren perlak onartuz baina aldi berean mugak gaindituz.”

Ahamendabururen olerkiak maila handikoak ziren, eta bazirudien izar gazte distiratsu bat piztua zela gure literaturan. Baina bizitzaren bideak ez zitzaizkion goxoak izan nolabait, eta zorigaitzek alde batetik eta irakasle lanbideak bestetik, Euskal Herritik eta gure literaturatik urrundu zuten betiko. Indar handiko izarra izan zen, baina izar ilauna, ziztu batean gure artetik pasatu eta aldendu zena.

Tarteka olerki batzuk plazaratu zituen Auxtin Zamora olerkari senpertarrarem gidaritzapean urtero argitaratzen den Hatsaren Poesia olerki liburuan, eta azken urteetan, Par tous les chemins izeneko frantses bilduman ere zenbait euskal olerki plazaratu zituen. Zoritxarrez, deus gehiago ez.

2022ko apirilaren 27an, hirurogeita bat urte zituela zendu zen Tarben, eta maiatzaren 3an ehortzi zuten Eiheralarren, familiaren hobian.

Bere liburuak oraindik eskura daitezke Maiatz argitaletxearen bitartez, edota Literaturaren Zubitegia izeneko web gunean, bertan baitaude bi liburuak oso-osorik, irakurtzeko eta deskargatzeko moduan. Basquepoetry.eus delakoan Ahamendabururen zortzi olerki irakur daitezke, eta Bertso eta olerkien hemerotekan  ere olerkari baxenafarraren olerki zenbait azaltzen dira.

Jakes Ahamendaburu

2022ko maiatzean plazaratu zuten Maiatz aldizkariaren 74. zenbakian, olerkariaren nondik norakoaren berri eman zuten, eta zenbait olerkiren bitartez, gorazarre ederra egin zioten. Nik ez dut Jakes Ahamendaburu ezagutu, baina 1988an, hogeita hamabi urte nituela, haren lehen liburua irakurri nuen, eta bi urte beranduago bigarrena, eta aitortu behar dut irakurketa hark sentimendu sakonak piztu zituela ene baitan.

Buka dezadan artikulu hau, Maiatzekoek egin bezala, hau da, Eiheralarreko olerkari distiratsu eta ilaunaren omenez eta oroitzapenez, haren hiru olerki  (Zaurian barna, Geu… gazteak eta Bizitzaren uhinak) lerro hauetara ekarriz.

 

Zaurian barna. 1988

Zeinek ongi dakike gu nor ote garen?
NOR izoztuen hotsa soil-soilik da urtzen
ni bezalako bazenik bazenekiten?
geroztik omen dira sagarrak umatzen… 

Alta… molekulen burbuila jostakinak
ditut neure barruan lauhazka sentitzen
zelula kiskalien firuri zoroak
uxatu egin guraz iratxoak deitzen…

Alta… gaur neure hizkuntzaren jarioan
dakuskit geure haritz errearen suak
neure herritasunaren goi baratzean
dantzuzkit geure pertsularien otoitzak… 

Sabel gorri batzu besterik ez ginela
ziotsan oi gaixo Emeri Piko zenak
orain baletor, lekuske beti gaudela
larre iratzea bezain iragangaitzak…

 

Geu… gazteak. 1988

Herrian lilitzen den lore xugunetik
ezin du gaur ere eki beltzak kiskali
labain zorrotzez sarbaskitu sabelerik
han ez dago… odolak baititu estali… 

Euskadi zaigu marguldurik geratu
jaun ator xuridunek gaituzte ireldu
arbuiatzekotz gero zertako maitatu?
hegoak baikaitu aspaldiko epeldu… 

Non zer haiz haurtzaroko adiskide merke?
Zertarako haiz hi ere okerreratu?
Hasmentan kalean genbiltzan ko eta ke
gero azkon maltzurra baihintzen bihurtu… 

Amaigabeko noraezean gozatsu
hutsan barna maiz herrestaka bagabiltza
bukaera gabekoa dela iraultza
orai dakigulakoan goaz baketsu…

 

Hirugarren olerki hau berezi samarra da, Jakesen emazteak eta seme-alabek Korsikako Ajacciotik igorri baitidate. Hil aitzin, idatzi zuen azkena. Bizitzaren bide labur eta azkarraz mintzo zaigu, baina ez edonolaz, bere euskara aberatsez ongi hornitua baizik. Olerkari handi baten bizitzaren eta heriotzaren misterioaz gogoeta ederra. Agur beroa, lerro hauetatik Jakesen familiari. Horratx:

 

Bizitzaren uhinak. 2022

 Gure bizitza uhinen gainez  

gaude, kukia bezala,   

aro joaira ezin geldituz,

sasoi oroitzapenen oihala

ihiz ta lastoz ongi josia,

ekiari su apala

dakigularik beti badator

biharamunen itzala.

Jakes Ahamendaburu

Jakes Ahamendaburu  Jakes Ahamendaburu  Jakes Ahamendaburu  Jakes Ahamendaburu

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude