Jaietarako musika
Jaietarako musika –
Duela gutxi Izaki Gardenak Zumaiako jaietan izan ginen jotzen. Larunbat batean, karpan, Anarirekin batera. Gauez. Ez dizuet gezurrik esango, poztu eta harritu ginen bi taldeon kontzertua programatzea erabaki zutelako, festa giroan, larunbatez. Pentsarazi zidan twitter mezu bat jaso genuen horren harira. Txiolariak gutxi gorabehera esaten zuen bi taldeon oso zalea zela, baina arraro egiten zitzaiola gu testuinguru horretan ikustea, eta zorte ona opa zigula, desio zuela jendeak musika errespetatzea eta kasu egitea, baina juerga giroan…
Jakina, gurea eta Anarirena ez baitira jaietarako musika, oso barneratua dugu hori. Barneratua dugun bezala zein diren txosna girorako doinu eta erritmo egokiak, ezta? Diodan bezala, jasotako txio horrek pentsarazi egin zidan, ez ote ditugun bilakatu gure jai eredu alternatiboak, hain justu apurtzaile eta berritzaile behar luketenak, uste baino kontserbadoreago.