Izenorde guztiak
Izenorde guztiak –
Historikotzat nekez har daitekeen argazkiaren erdian agertzen den neskatoa idazten ari da, zer eta izenorde zerrenda bat: ni, zu, hura, gu, zuek, haiek. Beherantz begira egonik, neskatoaren begirada nolakoa den antzeman ezinik gelditu naiz ni.
Argazkilariaren lanari soraio, zu, poliki eta artezki, tentuz eta kontuz bururatzen ari zara lana, zeren ez zaizu eginkizun erraza suertatu zurea ez den hizkuntza batez izenorde horiek guztiak zerrendatzea: ni, zu, hura, gu, zuek, haiek. Baina protagonista zara zu.
Basamortuko argiak natura erreal eta metaforikoak sortzen ditu liburutegian, Bubisher izeneko txoriaren habian, basamortuko liburutegietako batean. Argiak mahaiko orrialdea argitzen du: ni, zu, hura, gu, zuek, haiek, eta orrialde zurian beltz, orrialde zuriko izenorde beltzak, berriz errepikatzera ez noan goiko zerrenda hura.
Gainerakoa, hormak, ateak, leihoak, liburuak, arasak, harlauzak, apalategiak, aulkiak eta beste altzariak argazkilariaren fokutik at gelditu dira, garrantzitsuena neska idazten ari delarik jasotzea baita: argazkilariaren atzeko aldean, ikusten ez diren Bubisher proiektuko Ricardo Gomez eta Palma Aparizio, baita Saharako Kabiak-eko Koro Azkona nafarra ere, teatralitatetik kanpoko keinuak egiten ari zaretenak, duela egun gutxi kanpamentuetan egon zareten zuek.
Eskuinean, jaka militar zahar batez jantzitako zaindari bat atzeraka doa, adierazi nahiko balu bezala ez dela nor argazki horretan agertzeko. Ezkerrean, melfa atontzen ari den liburuzain bat, neskatoaren lanari erreparatuz harrotasun puntu batekin. Bibliobuseko txoferra, garbitzailea, beste liburuzainak… bertan egon arren, argazkitik kanpo gelditu dira haiek.
Argazkiko neskato hura idazten aritu dadin eta argazki hori egin ahal izateko, izenorde guztiak behar-beharrezkoak dira: ni, zu, hura, guk, zuek eta haiek.
Denok jarraitu behar dugu lanean, zeren eta denon artean osatzen den Bubisher proiektuak harrotasunez betetzen gaitu gu.
Agian historikotzat nekez har daitekeen argazkia izanik ere, saharar herriaren historiaren zati bat da.