Itsasoa euskal mundu-ikuskera zaharrean

Itsasoa euskal mundu-ikuskera zaharrean –

Paleolitotik datozkigukeen euskal sinesmen zaharrak oso lotuak daude oinarrizko lau osagaiekin, hau da, lurra, ura, sua eta aidearekin, eta baita izadi edo naturako indarrekin ere. Hastapenetan gure sinesmen zaharrak naturalistak izan ziren eta geroago animistak ere bilakatu zitzaizkigun. Hasieran, lurra, ura, zuhaitzak, oihanak, ibaiak, errekak, mendiak, bortuak, leize-zuloak, tximistak, euria, ilargia, eguzkia… ziren elementu sakratuak, gizaki zaharrak gurtzen zituenak, eta geroago, neolitoan, aditu askoren ustez, animismoarekin, aipatu leku edota elementuen baitan ziren izaki magikoak agertu ziren; Mari lurraren pertsonifikazio gisa, Sugaar tximistarena, Ostots trumoiarena, Inguma loarena, Eate haizearena…, eta abar.

Itsasoa euskal mundu-ikuskera zaharrean

 

1.- Euskaldunen mundu-ikuskera zaharra

Mundu-ikuskera zahar horretan bizitza eta heriotza aipatu paisaia magikoan sortzen eta hedatzen ziren. Hasierarik eta bukaerarik gabeko kosmos-ikuskera zen, dibinitate sortzailerik gabea; horregatik ainitzek diote euskal kosmogoniarik ez dagoela, inork ez baitzuen nehoiz mundua egin eta nehoiz inork ez baitio amaierarik emanen. Kosmosa, mundua… bazen, bada eta izanen da, etengabeko aldatze prozesuan murgildurik.

Europa zaharrean zabaldu zen mintzaira euskara zen, eta euskaldunak, neurri handi batez, naturako hotsak imitatuz sorturiko hizkuntzaz mintzo zirenak.  Europako toponimia eta hidronimia zaharrak horren berri ematen digute.

Euskal gizaki zaharrak bere burua osotasun sakratu baten barruan ikusten zuen bere burua, harriekin, landareekin, animaliekin, beste gizakiekin eta izaki magikoekin batera. Dena bat zen, bakarra eta anitza, ber denboran. Osotasun hori aurkako indarrez osatua zegoela ikusi zuten, hau da, den guztiak bere kontrako zuzena dela. Hauxe da euskaldunen manikeismo zaharra, aurkako dualismoetan oinarritzen dena. Lurra eta ura, eguzkia eta ilargia, bizia eta herioa, euskara eta erdara, euskaldunak eta erdaldunak… eta mundu magikoan gauza bera: Mari eta Sugaar, Atarrabi eta Mikelats, Eki eta Ilazki…

Lehen erran bezala, dena osotasun baten antzera ikusten zuten, lurra, ibaiak, itsasoa, zerua… den-dena bat eginik zegoen, baina halaber baziren elkar osatzen zuten dualismoak: Lurra (Mari) eta zerua (Egu, Ortzi) adibidez. Lurrean baziren ur zirripak, latsak, errekak, ibaiak… eta baita itsasoa edo ibai zabal-zabala. Hor ere, nolabaiteko kontrakotasuna igarri liteke lurraren eta itsasoaren artean, hau da, mundu magikora ekarrita, Ama Lur eta Ama Itsasoren artean. Elkarren segida dira, lotuak daude, ez dago etenik bien artean, osotasun beraren aldeak ditugu…, baina denbora berean, nolabaiteko dualismoa osatzen dutela erranen nuke nik.

Itsasoa euskal mundu-ikuskera zaharrean

 

2.- Itsaso zabala gure aurrean

Gura arbasoen ustez, ibaiek mugatzen zituzten lurralde zabalak, horrela gure leinu zaharrek ere ibai batetik bestera zuten hedalekua, eta itsasoa, ibai zabal-zabala izanik, bazen denbora berean, euskaldunok iparraldean genuen muga handi bat. Ortzadarrak ere bi ibaietan iturri zuela pentsatzen zuten, edo alde batean ibai bat eta bestean itsasoa edo ibai zabala. Baina muga bazen ere, lurraren jarraipena zenez, haratago joan zitekeen, zeharka zezaketen urrun zegoen beste ertzetara joanez, hau da, nabigatuz.

Jakin badakigu gaur, Brontze Aroan, eta agian lehenagotik ere, zergatik ez, gure arbaso zaharrak nabigatzen zutela urruneko lurretara, Kasiteride Uharteetara (gaurko Britainiar Uharteak) esate baterako, eztainuaren bila joateko, behar-beharrezkoa baitzuten kobrearekin nahasiz brontzea egiteko. Pentsatzekoa itsas bidaia horietan Euskal Herritik hainbat produktu eramanen zituztela horien truke eztainua erosi ahal izateko. Baziren hainbat portu gure kostaldean, horietako bat Jaizkibel mendiko Ixkulin izeneko portu neolitiko zaharra dugula. Baina nolakoak ziren ontzi haiek? Zer egitura zuten? Kanoa edo belari ttipi modukoak zirela pentsa dezakegu, baina egia erran, gauza handirik ezin dugu aipatu.

Beraz, hor izan dugu beti itsasoa, gure mundu magikoan eta gure mundu errealean, gure aitzinean, bide eta lur berriak seinalatuz, eta euskaldunok aro zahar-zaharretatik itsas bide horietatik barna ibili ginela baiezta dezakegu.

Horretaz gain, kostaldea eta itsasoa ere baziren elikagaien iturri gizaki zaharrentzat. Kostaldeko kobazuloetan egindako indusketek argi erakutsi digute gure arbaso zaharrek itsaskiak jaten zituztela, oskol pila handiak aurkitu baitituzte. Eta arrantza ahantzi gabe, ibaietan eta itsasoan. Makil luze zorrotzak erabili zituzten hasieran, eta sare modukoak gero. Arrantza izan zen, zalantzarik gabe, euskaldun zaharrek itsasoratzeko izan zuten arrazoietako bat.

Itsasoa euskal mundu-ikuskera zaharrean  Itsasoa euskal mundu-ikuskera zaharrean  Itsasoa euskal mundu-ikuskera zaharrean

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

Zer duzu buruan “Itsasoa euskal mundu-ikuskera zaharrean”-ri buruz

  • Ez dut dudarik, ezta txikiena ere, euskaldun gehienek ez zutela sekula ere itsasoa ikusi. Eta behar da gero estainua lortzeko Britainia Handira joan behar zutela. Nonbait, euskaldun bati halako batean bururatu zitzaion’: joanen naiz irla handi horretara eta bueltan hasiko gara brontzea egiten, zer hemen ez dakagu estainurik, kobrea ere apenas, baina auskalo nola, beno, garai hartako euskaldunek ez zuten auskalo esaten, a buscarlo baita, eta gaztelania sortu gabe ezin esan, txalupa pare bat egin eta brontze Aroa hasi zen zuenean. Kagatxen zara. Ohar ttipi bat’ Ortotsa bai, eta Hodei eta bere maila, burrunba!