Ispiluaren teoria

Ispiluaren teoria –

Gustuko musika taldeen lorpenak gure bezala bizi ditugu askotan. Ez agian futbol taldeekin gertatzen den neurrian, baina ia. Gure alter-ego talentudunago eta ausartago bat balira bezala gurtuz.

Ispiluaren teoria

Hori bai, huts egiten digutenean ez diegu barkatzen. Izan daiteke azken diskoan estiloz aldatu dutelako, jarraitzaileoi aurretiaz zirkular bidez abisatu eta iritzia eskatu gabe. Edo elkarrizketa batean iritzi erradikalegia (edo ez behar bezain erradikala) irakurri diegulako. Baita zirkuitu ideologikoki onargarrietatik ateratzen direnean ere, nahiz eta beraiek haien mezua eta musika jende gehiagorengana iristeko dela argudiatu. Diru eta ospe bila egingo dutela susmatzen dugu guk berehala.

Nonbait entzun nuen teoria psikologiko bat etorri zait burura honetan guztian pentsatzen ari nintzela. Dirudienez, gustatzen ez zaizkigun jarrerak edo izaera zantzuak gure parekoarengan ikusi eta deseroso sentitzen garenean, gugan ere horiek berak edo antzekoak identifikatzen ditugulako da. Gustatzen ez zaizkigun gure izaeraren parte horien isla direlako.

Premisa horretan oinarritzen da, gutxi-gorabehera Jaques Lacan psikiatra frantziarraren ispiluaren teoría.

Agian horregatik suminduko gaituzte hainbeste gure artista fetitxeen traizio txikiek. Idealizazioaren lilura hautsi eta  eurengan islatuta ikusten ditugulako geure inkoherentziak eta akatsak. Haien kontraesanak geureak ere badirelako.

Soinu banda: Kuraia – Ni ere

Ispiluaren teoria

Euskadi Irratiko "Zidorrean" eta Izaki Gardenak musika taldean.