Ispilua
Antzezlan berri bat gure panoraman. Maitasunari buruz. Berriz??? Bai, berriro ere ispiluaren aurrean jarri beharrean gara. Ez dugu eta gure burua ezagutzen.
Herenegun Lugaritz-eko kultur etxean, estreinu mundial bat izan genuen. “Ispilua” antzezlanarena. Bertan 2 pertsonaik maitasuna eta gizartearen ereduaren kritika egiten dute. Nork erabakitzen du nor maitatu behar dugun. Guk? Gizarteak?
Eszenografia xume baten laguntza dute Ion Martinez eta Saioa Royo aktoreek. Mahai bat eta 2 aulki. Larruzko 2 txupa eta musika lagun, maitasuna ulertzeko modu bat ipintzen digute mahai gainean.
Gau batean ezagutzen duzun pertsona hori izango al da, zure bizitzako egun guztietan zure ohean ikusiko duzuna? Jabetzen al gara hortaz? Maitasuna deitzen al zaio? Beharrizana?
Galderak airean daude. Hausnarketa ikuslearen esku.
Gizartearen eredutik ihes egin ezinik dabilen bikote baten ibilerak plazaratzen dira. Gau batean ezagutu, mozkortu, txortan egin eta hortik aurrera bihotzaren erritmora jolas egin beharrean, EREDUAK momentu bakoitzean dioena egiten duten bikote klasea. Ezkondu, seme alabak eduki, familiako igandetako bazkarietara joan…
Haserako utopiak denborarekin nola higatzen diren marrazten digute. Denboraren joanak narrastu egiten dituela komunikazio bideak, urrutiratu ohekidea, aldendu maitasuna…
Puntu honetan ezkortasun laino bat zabaltzen da. Hala ere, antzerkilanaren tonoa ez da pesimista. Ondo eusten du enbata. Mezu apokaliptikoetatik urruti, maitasunari beste aukera bat ematen zaio, ametsak beti ateak irekita izango dituela iradokiz.
Barrerako tartea dago, halaber sentimenduak era bortitz eta sentiberan tartekatzen dira aldian aldian.
Hitz bitan, maitasunaren gogoeta bat. Arrosa koloretik urrundua, baina gutarragoa. Asfaltoko maitasuna.
Izan dezala ibilbide oparoa.