Irimendi – duela milaka urteko herri euskalduna

Irimendi –

J.M. Martinez Txoperena arkeologoa da, Eusko Ikaskuntzako eta Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea. Ekimen ezberdinetan hartzen du parte, mota askotako indusketak barne. Sakanan aurkikuntza oso berezia egin dute.

Irimendi
Irimendi – Bakaiku, Nafarroa

Bakaikuko lurretan Burdin Aroko hiribildu baten arrastoekin egin dute topo, eta aztarnategiko eremuak Irimendi du izena; ez kasualitatez. Txoperenaren iritziz Irimendi boteregune esanguratsua izan zen protohistorian, eta etorkizunean kultura dinamizaziorako gunea izan behar luke eskualdean. Dena den, Txoperenak ohartarazi du altxor hau AHT-rentzako aurreikusi duten ibilbidean dagoela.

Hiribildu baskoi honek informazio asko eman dezake, garai historiko haren lekukotasun gutxi baitago Nafarroan. Aztarnategia haien egoera onean izatea mirakulua da Txoperenarentzat, gizakiak inguruan 2000 urte inguru igaro eta gero.

Baskoiak harresien barruan herriak eraikitzearen arrazoiaren atzean erromatarren etorrera zegoen. Garrantzitsua eta bakarra egiten duena, ordea, bere erroan dago, ez baita erromatarren influentzia kulturalaren ondorioz bertakoek eraikitako zerbait, baizik eta eraikuntza osoki baskoia. Arkeologoen lanak esango digu, lehenago edo beranduago, baskoiek Irimendi borondatez utzi zuten, ala bortxaz.  Oraingoz badakite hiribilduaren egitura gehienak beste eraikuntza batzuk egiteko aprobetxatu zirela, historikoki ohikoa den bezala. Oso posiblea da Sakanako zenbait etxe bertako materialak probestuta egin izana. Tamalez, frogatuta dago 90. hamarkadan inguru horretatik atera zutela lurra autobidea egiteko.

Bakaikun ikusitakoa beste aztarnategi batzuekin alderatu du Txoperenak, Els Vilars de Arbecakoa kasu, Lleidan (Herrialde Katalanak): hiri handia, harresi sendoa, lubakiak, mendeetan zehar bizi izandako eboluzioa (775-325 K.a.)… Azpimarragarria da Lleidakoa Bakaikukoa baino txikiagoa zela.

Irimendi
Els Vilars de Arbeca

Nafarroan ere bada beste adibide bat, Cortesen, “Gurutzearen Muinoa” deritzona. Cortesekoak ere etengabeko eboluzioa jasan zuen Brontze Aroan zehar (850-350 K.a.), adobe eta egurrarekin eraikia, eta hau ere Sakanakoa baino dezente txikiagoa.

Irimendi
“Gurutzeko muinoak” izango lukeen itxura

Erromatarrek aracelitani deitu omen zieten baskoi batzuei. Ez dago erabat garbi nongo baskoientzat zen izen hori, baina Txoperenaren ustez Irimendiko gotorlekuaren inguruan antolatu zen komunitate handi bati egiten dio erreferentzia, Ziorditik hasi eta Oskia eta Aizpea arte, Aralar, Urbasa eta Andia barne.

Ea lan honek fruituak eman eta laster Bakaikuko “alde zaharra” bisitatzeko aukera daukagun.

Irimendi