Ireki da 7. Etxepare Itzulpengintza Sariaren deialdia
Ireki da 7. Etxepare Itzulpengintza Sariaren deialdia –
Ireki da zazpigarren Etxepare – LABORAL Kutxa Itzulpengintza Sariaren deialdia
Hautagaiek ekainaren 25era bitarte (hau barne) edukiko dute euren itzulpen lanak aurkezteko aukera.
Sari banaketa honek euskaratik egindako itzulpengintza balioan jartzea du helburu.
Etxepare Euskal Institutuak eta LABORAL Kutxak elkarlanean sortutako itzulpengintza sariaren deialdia ireki da eta hautagaiak aurkezteko epea ekainaren 25era bitarte izango da zabalik. Ekimenak jatorriz euskaraz idatzitako literatura-lanen itzulpenak saritzea du xede, itzulpenak baitira euskal idazleak eta euren lanak nazioartean ezagutzera emateko zubia.
Nazioarteko itzultzaile eta argitaletxeak aurkeztu daitezke sarira, betiere ondorengo baldintzak betetzen badituzte: aurkeztutako liburua jatorriz euskaraz idatzitako eta argitaratutako literatura-lan baten itzulpena izatea, eta itzulpen hori 2020. urtean argitaratutakoa izatea. Eskabideari dagokionez, itzultzaileak berak, argitaletxeak edota liburugintza, literatura edo itzulpengintzaren arloko beste eragile batek egin dezake.
4.000 euroko sari bakarra emango da, itzultzaileak eta argitaletxeak erdibanatzekoa. Izan ere, irabazleak nortzuk diren erabakitzeko orduan aintzat hartzen dira bai itzulpenaren kalitatea, baita literatura-lana argitaratu duen argitaletxeak egindako sustapen plana ere. Halaber, 2.000 euroko laguntza jasoko dute irabazleek saria jasotzera Euskal Herrira etortzeko edota literatura-lana argitaratu den herrialdean sustapen lanarekin jarraitzeko, hau da, aurkezpenak, publizitate kanpainak, etab. burutzen laguntzeko.
Sari banaketa ekitaldia Itzultzaileen Nazioarteko Egunaren inguruan (irailak 30) egingo da, Etxepare Euskal Institutuak eta LABORAL Kutxak aurrerago adostuko duten lekuan eta egunean. Epaimahaia, berriz, itzulpengintzaren arloko, Etxepare Euskal Institutuko eta LABORAL Kutxako hainbat ordezkarik osatuko dute.
Sariaren oinarriak www.etxepare.eus webguneko ‘Deialdiak’ atalean aurki daitezke gaurtik aurrera.
.
Aurreko urteetan itzulitako lanak:
2015
Isaac Xubín eta Kalandraka argitaletxea
Tempo de exilio (Joseba Sarrionandia)
Poesia antologia
Galegoa
2016
Nami Kaneko eta Hakusuisha argitaletxea
Mussche (Kirmen Uribe)
Eleberria
Japoniera
2017
Yaroslav Gubarev eta Anetta Antonenko
Behi euskaldun baten memoriak (Bernado Atxaga)
Eleberria
Ukrainera
2018
Amaia Gabantxo eta Center for Basque Studies (University of Nevada, Reno)
Harri eta Herri eta Maldan Behera (Gabriel Aresti)
Poesia
Ingelesa
2019
Ainara Munt Ojanguren eta Pol·len Edicions
Hilda dago poesia? (Joseba Sarrionandia)
Poesia antologia
Katalana
2020
Eider Rodriguez, Lander Garro eta Literatura Random House
Bihotz Handiegia (Eider Rodriguez)
Narrazioak
Gaztelania