Iratxe Fresnedaren “Tetuán”, hirugarren filmerako crowdfunding kanpaina bukatzear da
Iratxe Fresnedaren “Tetuán”, hirugarren filmerako crowdfunding kanpaina bukatzear da –
Iratxe Fresnedaren “Tetuán” film luzea finantziatzeko crowdfunding-a bihar bukatzen da. Migrazioa gai izango duen dokumental luzea babes dezakezu Verkami atarian, 10 eurotik hasita.
Ikus-entzunezko Komunikazioan Doktore, Iratxe Fresneda bilbotar zinemagilea eta Euskal Herriko Unibertsitateko Ikus-entzunezko Departamentuko irakaslea da 2004 urtetik, eta hirugarren egitasmoa du honakoa, aurretik “Irrintziaren oihartzuna” eta “Lurralde hotzak” zuzendu baititu; hiruren artean trilogia bat osatuko dute.
“Tetuán” pertsona migratzaileei buruzko filma da, non zinema, familia istorioak eta memoria, igaro leku eta nebulosa bezala batzen diren. Annemarie, Carmelo, Irina eta Mohamedek dantza, argazkilaritza eta bizitza istorio baten protagonista izango dira.
Egitasmoaren arduradunen hitzetan, “orainaldiko ikuspuntutik migrazio eta memoria bezalako kontzeptuak ikertzen dituen sorkuntza film dokumentala da “Tetuán”. Beste irudi eta diskurtso batzuk ikuspuntu antropologiko eta sozial batetik erakustea, eta migrazio eta truke kulturalaren alde positiboak erreskatatzea dira, besteak beste, filmaren helburu.
Arrazakeria erakusteko nahia eta natura ezberdineko estereotipoei aurre egitea dira “Tetuán” filmaren hasiera eragin duten benetako arrazoiak. Gaur egun, mundu mailan, premiazko gai politiko eta soziala izateak, arrazakeriaren normaltasuna hausteko dagoen beharrizan unibertsala berresten du.
Nola geratzen dira gure artean pertsona migratzailearen ahotsa eta oroitzapena? Zein gatazka borrokatzen ditugu pertsonok bizirauteko asmoz?
Alaba batek (zuzendaria bera), bere hildako aitaren (migratzailea) historiarenganako jakin-minak gidatuta, film honetan, iraganeko eta orainaldiko historien berreraikitze eta bilaketa bidaia bat hasiko du.
Bidaia honetan, “Tetuán”, Almería eta bere basamortua, Madrilgo kaleak, Pirinioak, Euskal Herriko txokoak eta Danubioren ertzean dagoen Errumaniako herri txiki bat izango dira kontaketaren lekuko”.
Covid-19aren egoerak uzten dien heinean, filmaketak 2021eko udaberri-uda bitartean egitea espero du Fresnedaren lantaldeak, eta udazkenean muntaiaz arduratu ostean, 2022ko otsail bueltan bukatu.
Filmaren mezenas egiten diren guztiak filmaren parte egin nahi dituzte, ekoizpenaren blog pribatuaren bitartez, eta bildutako dirua “Tetuán” filmaren ekoizpenaren finantzaketa beharrak asetzeko erabiliko dira: errodaia, teknikariak, bidaiak, muntaia, musika eta postprodukzioa.
Ekarpenak egiteko, klikatu HEMEN.
Iratxe Fresnedaren “Tetuán”, hirugarren filmerako crowdfunding kanpaina bukatzear da