Iñigo Iruin Auzitegi Gorenaren azken erabakiez [prentsaurrekoa]

Iñigo Iruin Auzitegi Gorenaren azken erabakiez [prentsaurrekoa] – 

Iñigo Iruin Auzitegi Gorenaren azken erabakien inguruan

Iñigo Iruin Bateraguneko bost auziperatuen abokatuaren eskutik Auzitegi Gorenaren azken erabakien inguruko irakurketa juridikoa

Iñigo Iruin: “Ez dago lege araurik bigarren epaiketa bat egiteko”

E.G. | EITB MEDIA

Abokatuak azaldu duenez, bost zigortutakoek hala eskatuta bakarrik zabaldu ahalko litzateke berriro auzia.

Auzitegi Gorenak Bateragune auziaren epaiketa errepikatzeko agindua eman zuenetik astebetera komunikabideen aurrera atera da Iñigo Iruin defentsa abokatua epaiaren irakurketa juridikoa egiteko. Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Arnaldo Otegi eta gainerako lau zigortutakoek izandako epaiketa justu eta inpartziala izan ez zela ebatzi zuen duela bi urte, eta horren harira etorri da Gorenaren ebazpena.

EH Bilduk Donostian duen egoitzan eskainitako prentsaurrekoan, oso kritiko azaldu da Iruin Gorenaren epaiarekiko. “Kalitate juridiko eskasekoa” iruditu zaio abokatuari Miguel Colmenero txostengileak emandako ebazpena, eta nabarmendu du ez dagoela “lege araurik bigarren epaiketa bat baimentzen duena”. Iruinen esanetan, Estrasburgoko Auzitegiak berak aipatzen du bere epaian auzipetuek bakarrik eskatuta errepikatu ahal dela epaiketa. “Argi dago guk ez dugula bigarren epaiketa bat eskatu”, gogorarazi du, eta horrenbestez, uste du Estrasburgoren “agindua urratu” duela Gorenak.

Arnaldo Otegi eta gainerako lau zigortutakoak atzean zituela, Iruinek iragarri du Auzitegi Konstituzionalean babes helegitea aurkeztuko dutela, babes judiziala izateko eskubidea urratu zaiela argudiatuta. Horrez gain, Europara ere joko dutela erantsi du. Zehazki, Europako Batzordeko Ministroen Kontseilura, erakunde hori baita Estrasburgoren epaiak betearazten direla egiaztatzen duena.

Beste zigor bat saihesteko “borroka luzea” aurreikusi du Iruinek. Abokatuaren ustez, Gorenak bide hori (zigor-epaiarena) erakutsi nahian dabil, bost buruzagi abertzaleek kartzelan igaro zituzten sei urteak “justifikatuko” lukeen epai bat nahi duelako. “Ez dugu onartuko”, argitu du.

Auzitegi Gorenaren II. Salako osoko bilkurak emandako “argudio formalistak” banan-banan aztertu ditu Iruinek, eta “juridikoki sostengaezina den erabaki bat defendatzeko zailtasunen ondorio” dela nabarmendu du.

 

Logotipo EITB Ikonoa

Iñigo Iruin Auzitegi Gorenaren azken erabakien inguruan

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.