Irati Bilbao: “Jazzak zeure ahotsa garatzeko askatasun handia ematen dizu”
Irati Bilbao: “Jazzak zeure ahotsa garatzeko askatasun handia ematen dizu” –
Mendebaldetik sartu eta ekialdetik joan, jazz ufada epel batek zeharkatzen du Euskal Herria uztailean. Horrexegatik, hilabete aproposa begitandu zaigu gure jaialdi nagusiak zapalduko dituzten nazioarteko izarrez gain, gurean ere jazza jorratzen duten musikariak badirela gogoratzeko.
Urpeko Bonbardan, horietako hiruren diskoak aurkeztu genituen orain gutxi, Irati Bilbaoren “Begin”, Haizea Martiarturen “Folketik Jazzera ensemble” eta Ainara Ortegaren “Onin”. Orain, bertako elkarrizketak dakartzagu idatzira, astero bat, Errabal diskoetxearekin “Begin” debut lana argitaratu duen Irati Bilbao kantariarekin hasita (1992, Durango).
Nagusitan elektrizista izan nahi zenuela esan ei zenion behin Imanol kantariari, txikia zinela.
Halaxe da bai, txikitako idoloa aita nuelako, elektrizista bera (kar, kar). Baina egia esan, txikitatik zerbait egin nahi nuen artearekin; nerabezaroan aktore izan nahi nuen, eta bizitza osoa musika ikasten eman eta saltsa guztietan sartuta egon arren, ez zitzaidan burutik pasa musikaria izatea. Artearen Historia ikasi ostean Irlandan eman nuen urtea izan nuen mugarri, bertan konturatu bainintzen faltan gehien botatzen nuena kantatzea zela. Bueltan, Musikenen hasi nintzen, ahotsa ikasten.
Nola heldu zinen jazz musikara, noiz harrapatu zintuen?
Ez dut betidanik ezagutu izan, nire etxean ez baita jazzik entzun. Gehiago entzuten nuen rock edo soul musika, eta kasualitatez heldu nintzen jazzera, neure kabuz, Aretha Franklinengandik Ella Fitzgeraldengana. Ikusi nuen jazzak askatasun handia ematen dizula garatzeko, instrumentalki zure ahots pertsonala garatzeko, eta neure buruaren islada ikusi nuen. Abesti bat kantatzen dudan bakoitzean nire sentipenak azaleratu ditzaket, mugarik gabe, eta sentitzen martxan jartzen garen bakoitzean zerbait ezberdina eskaintzen dugula, musikari bezala oso aberasgarria dena, horixe baita gure asmoa, musikarien arteko komunikazioa.
Musikenen ikasia zara. Aurkeztuko zeniguke?
Goi Mailako musika ikastegi bat da, lapiko erraldoi bat non pila bat musikari dagoen bakoitza bere kontuekin. Unibertsitatera joatea bezalakoa da, nahiz eta ez den berdin kontsideratzen, ez dakit zergatik. Karrera sakrifikatua da baina oso zoriontsua izan naiz han ikasten, 24 ordu musikariz inguratuta, hartueman horretan jotzen eta entzuten; bertan pasa ditut nire bizitzako lau urte politenak. Egia da handik kanpo ere asko ikas daitekeela, eta gehien ikasten den tokia eszenatokia dela, argi dago. Baina niretzat oso aberasgarria izan da, lau urtetan ikasi dut konposatzen, moldaketak egiten, beste instrumentuentzako idazten, apur bat pianoa jotzen, estilo ezberdinak abesten, teknika, gorputzaren postura zuzentzen… eta batez ere, asko ikasi dut ikaskideengandik. Oroimen politak ditut eta faltan botatzen dut giro hori. Gainera penatxoa ere badut, ezin izan nuelako karrera azken kontzertuarekin bukatu, pandemiagatik.
Ikasketak bukatu eta debut diskoa plazaratu duzu baina, “Begin”.
Debut lan bat da, bai, baita hasiera eta amaiera bat ere. Musikeneko lau urteen emaitza da, ikaskide izan ditudan lagun musikariekin sortua (Eva Alcaide gitarran, Jorge Fernández pianoan, Carlos Montull baxuan eta Aitor Bravo baterian). Oso disko pertsonala da niretzako -jazz estandarrez eta kantu propioz osatua-, ez bainuen guztiz espero disko bat gauzatzea; sorpresa bat izan da. Taldeak pisu handia izan du moldaketa eta proposamenetan, gure arteko hartuemanetik sortu da. Oso pozik nago emaitzarekin, nire espektatibetatik gora gelditu da, eta eskertuko nuke aukera oholtzara eramateko.
Oharkabeko diskoa izan dela ere esan duzu. Nolatan oharkabeko?
Karrera amaierarako kontzertua prestatzen genbiltzala, entseguak egiten-eta, aukera ikusi nuen grabaketa egiteko, eta proposamena egin nien musikariei, gauzak ondo ateraz gero disko bat plazaratu genezakeelakoan… ea zer gertatzen zen! Gero, egia da burugogorra naizela, eta guztiok jarri genuela gure arima bertan. Eta Mecca estudioetan, gogoan daukat bukatu eta musikariek esan zidatela: “disko bat egin dugu!”. Horregatik oharkabekoarena.
Panorama gaizto samarra duzue orain, zuzenean aurkezteko.
Saiatzen naiz baikorra izaten eta ez da batere erraza, badakigu momenturik txarrenean atera dugula diskoa. Pasa den urtetik kontzertu gehienak galdu ditugu, eta oso frustrantea da. Gaur egun ohituta gaude musika edonon entzutera, oso eskura eta doan izatera gainera, eta musikariari eskatzen zaio musikaz aparte instagram aditu, bideo editore, manager eta beste izatea, denetarik egitea. Oso zaila da gauzak aurrera ateratzea. Kontua da gure lana asko maite dugula, irrikitan gaudela oholtza gainean elkarrekin jotzeko, barruan duguna atera eta publikoarekin harremana izateko, eta horrek gure alde eta kontra egiten duela, gure mundua prekarizatzen laguntzen baitu. Baina tira, uda honetan zuzenean jotzeko aukera izateak ilusio handia egingo liguke, eta energia osoa jarriko dut horretan, saiatuko naiz.
Begitantzen zaigu, gainera, jazz musikari ez zaiola jaramonik egiten jaialdietatik at.
Kultura masentzako zeozertan bihurtzen ari gara, eta zirkuito txikiagoak desagertzen dabiltza. Uste dut dinamika gero eta arruntagoa dela, ez bakarrik jazzean. Uztail eta abuztuan kontzertu erraldoien aukera piloa dago, baina kultura haratago doan zerbait da, eta urtean zehar horren inguruko pedagogia egitea falta zaigu, horretan artistok dugun erantzunkizuna onartzetik hasita. Jazzaren kasuan, 30eko hamarkadan swing-a zen garaiko erregetoia, baina egun aldendu egin da publikotik, nahiz eta pop edo rock musikarekin gertatzen den bezala, jazz musika ere oso anitza den. Pedagogia egin beharra dugu eta espazioak lortu, publiko zabal batengana erraz heltzeko moduko musika baita, gertu egon eta entzunez gero gustatzen dena.
Irati Bilbao Irati Bilbao Irati Bilbao