Ipar Amerikako jatorrizko herrien erramoldeak

Ipar Amerikako jatorrizko herrien erramoldeak –

XV. mende bukaeran, europarrak Ameriketara iristean, hasi zen hango lurralde zabaletan bizi ziren jatorrizko herrien sufrikario eta tragedia. Europarrak basak, bihozgabeak, urrezaleak, berekoiak inolako eskrupulurik gabeak ziren, eta ez zituzten errespetatu ez hango jendeak eta ez hango kulturak. Bi kontinenteak (Ipar eta Hego Amerikak) arpilatu, zakuratu eta odoleztatu zituzten, etengabeko anbizio itsuak bultzaturik. Soldaduak, apaizak, kargu zibil eta politikoak, epaileak, borreroak… ibili ziren, inolako gizatasunik gabe, hango biztanleak ustiatzen eta odolusten. Hango herriak erasotuak, lapurtuak, torturatuak, bortxatuak, erailak, kolonizatuak, ebanjelizatuak eta minorizatuak izan ziren.

Gaur, bi Ameriketan, ez da jatorrizko herri bat ere libre edo independentea dena, estatu edo errepublika guztiak kolonizatzaile basati haien ondorengo diren kriolloen eskuetan baitaude. Salbuespena Groenlandia izanen da independentzia atzematen badu.

Ni, haur garaietatik, amerikar jatorrizko herrien miresle eta defendatzaile izan nauzue, beharbada euskalduna naizelako, eta ttikitandik badakidalako zein den gure Herria kanpokoen esku izatea. Beharbada, hortik datorkit betidanik amerikar indioekiko sentitu dudan miresmena. Baliteke!

Artikulu honetan, Ipar Amerikan, hau da, Zelai Handietan bizi izan ziren herrien erramolde eta atsotizak biltzen, antolatzen eta euskaratzen ahalegindu naiz, erramolde horietan, herri noble haien jakituria, izadiarekiko begirunea, familiarekiko atxikimendua, ehizarako eta defentsarako prestutasuna eta bestelako baloreak nabarmen agertzen direlakoan.

Apatxeak, siuxak, komantxeak txeieneak, delawareak, mohikanoak, navajoak, xoxonak, seminolak, txerokiak, hopiak, arapahoak, oin beltzak, huroiak, irokesak, kiowak… eta gainerako herri miresgarriak ditut gogoan, baita kolonizatzaile azal zuriei, armekin eskuan, aurre egin zieten buruzagi adoretsu eta handiak ere: Hiawatha, Powhatan, Metakomet, Wabasha, Pontiak, Tekumseh, Makataimeshekiakiak (Belatz Beltza), Sekuoia, Shi-Kha-She (Kotxise), Tasunka Wuitko (Zaldi Eroa), Tatanka Iyotanka (Zezen Eseria), Smohalla, Goyathlay (Geronimo), Wovoka… Beraientzat nire gogoeta, errespetu eta miresmena!

Ipar Amerikako jatorrizko herrien erramoldeak

Erramoldeetan gordetzen den jakituria edo filosofia hobeto aztertzeko zenbait multzo edo ataletan sailkatu eta antolatu ditut. Horratx:

Adiskidetasuna.

– Adiskidetasuna ez da erosten, norberak bilatu behar du. (sauka)

– Gauza guztiekin eta gauza guztietan senide gara. (siuxa)

– Adiskidetasuna da indarrik handiena. (siuxa)

– Ez dago arrazoirik eztabaidan aritzeko. (hopia)

– Abiatu maiz zure lagunarengana doan bidetik barna, belar luzeak bidea oztopatu baino lehen. (apatxea)

Animaliak.

– Animalia guztiek guk baino gehiago dakite. (nez perzea)

– Azeria maingu delarik, untxia jauzika dabil. (oklahoma)

– Txori guztiek maite dute beren kantua entzutea. (arapahoa)

– Ez aldatu zaldiz, ibai erdian zabiltzanean. (apatxea)

– Gose den gizonak otsoekin ere janen luke. (oklahoma)

– Zaldia errekara eraman dezakezu, baina ezin duzu edaten behartu. (komantxea)

– Koiotea zain dago eta beti gose. (navajoa)

– Igelak ez du bizi den putzutik edaten. (siuxa)

– Zizareek ez dute txantxangorriaren kantua maite. (apatxea)

– Zakurrekin lo egiten dutenak, kukuxuekin esnatzen dira. (oin beltza)

– Sagurik ttikiena ere haserre daiteke. (siuxa)

– Ez dago gauza beldurgarriagorik kriskitin-sugearen isatsa baino. (navajoa)

– Idi alferrak ur zikinetik edaten du. (apatxea)

– Gauean katu guztiak lehoinabar dira. (zuñia)

– Jan ez duen hegaztiak ezin du hegan egin. (omaha)

– Gizona izan behar da sugea bezain jakintsua eta usoa bezain otzana. (txeienea)

– Bisontea bezain indartsua izan nahi baduzu, ez jan bisonte haragirik, berak jaten duena baizik. (apatxea)

– Zure bidean mofeta bat ateratzen bazaizu, ez atera bidetik kiratsa ez dela zurea ziurtatzeko. (paiutea)

– Kontuz mintzatzen ez den gizonarekin eta zaunka egiten ez duen zakurrarekin. (txeienea)

Armak.

– Lantza bat edukitzea ardura handia da. (navajoa)

– Norberak bere geziak egin behar ditu. (omaha)

– Pentsamenduak gezien antzekoak dira, behin abiatuz gero, helmugara iritsiko direnak. Ongi zain itzazu, bestela zure aurka ere itzul baitaitezke. (navajoa)

Ipar Amerikako jatorrizko herrien erramoldeak

Bakea.

– Zeru ateria eta lur berde emankorra biziki onak dira, baina gizon-emakumeen arteko bakea askoz hobea da. (omaha)

– Ez da  bakeagatik negar egin behar, bakea landu behar da eta bakean bizi behar da. (shenandoaha)

– Bakea gizakiaren bihotz sakonetik dator. (lakota)

– Herrien arteko egiazko bakea etorriko da gure bihotzetan bakea dugunean. (siuxa)

Bizitza.

– Bizitza hasieratik bukaera arte bizi behar duzu. Inork ezin du zure ordez bizi. (hopia)

– Goxoa eta atsegina izan bizitza duen guztiarekin.  (siuxa)

– Bizi ezazu zure bizia, mendiak bezain gogorra izanez.  (apatxea)

– Bizitza ematea eta jasotzea da.  (mohawka)

– Bizidunak errespetatzen ditugunean, haiek ere gu errespetatzen gaituzte. (arapahoa)

– Zer da bizia? Ipurtargi baten distira gauean, bisontearen hatsa neguan, arratseko ilunetan zelaietan barna galtzen den itzala. (oin beltza)

Ipar Amerikako jatorrizko herrien erramoldeak

Buruzagiak.

– Historia kontatzen duenak mundua gobernatzen du. (hopia)

– Buruzagi onak beti ematen du, ez du inoiz kentzen. (mohawka)

– Ez ibili nire atzetik, beharbada, ez bainaiz buruzagi ona. Ez ibili nire aurretik, beharbada, ez dudalako zure atzetik ibili nahi. Zatoz nire aldera eta elkarrekin eginen dugu bidea. (utea)

Denbora.

– Iraganean gertatu zena ezin da aldatu eta ez da oroitua izan behar. (pawnea)

– Bada lekua eta denbora gauza guztientzat. (txerokia)

– Gaur arrakasta duenak atzo ametsa izan zuen.  (marikopa)

– Ez utzi iraganak orainaldirako denbora ken diezazula.  (txerokia)

– Ezagupena iragana da, jakituria geroa. (lumbeea)

– Eguna eta gaua ezin dira elkarrekin bizi. (duwamisha)

Eguzkia.

– Gorde ezazu eguzkiaren berotasuna zure bihotzean. (komantxea)

– Eguzkiak zure gorputza indarrez bete dezala, eta ilargiak gauean pausa eman diezaiola.  (siuxa)

Euria.                                                                                                                    

– Eurite bakarrak ez du uholdea sortzen. (siuxa)

– Eurite bakarrak ez du uzta hazten.  (kreolea)

– Ez otoitz egin euria ari duenean, ezta eguzkia zeruan denean ere. (siuxa)

– Euriak zuzenak eta okerrak bustitzen ditu. (hopia)

– Euriak zure kezka eta arrangura guztiak eraman ditzala. (siuxa)

Ipar Amerikako jatorrizko herrien erramoldeak

Familia.

– Aurpegi ederrak ez du senar ona egiten.  (omaha)

– Seme-alabak ez dira zureak, Izpiritu Handiak utzitakoak baizik. (mohawka)

– Seme-alaba asko dituen gizonak edo emakumeak, baditu ere etxe franko. (lakota, siuxa)

Gerla giroa.

– Adoretsua behin hiltzen da, koldarra askotan. (iowa)

– Erraza da urrunetik adoretsua izatea. (omaha)

– Indarrak, ezkutuan bada ere, erantzuteko aukera ematen du.  (lakota)

– Gerlari ona, behatzaile txarra. (txeienea)

– Gure indarra etsaiaren ahuldadean datza.  (txeienea)

– Koldarrak, begiak itxita, tiro egiten du. (oklahoma)

Gizatasuna.

– Errespetatu den-denak, baina burua makurtu gabe.   (shawnea)

– Ez epaitu zure lagun-hurkoa, bi ilargitan bere oinetakoekin ibili arte. (txeienea)

– Pertsona oro bere epailea da.  (shawnea)

– Gizonak ardura du, ez botererik.  (tuskarora)

– Jan aitzin, bedeinka itzazu jan-edanak.  (arapahoa)

– Ez dago sekreturik, ez misteriorik, bide zuzena baino. (anondaga)

– Ez epaitu begiekin, erabil ezazu bihotza. (txeienea)

– Aztertu zure urratsak, besteen akatsak ikusi baino lehen.  (sauka)

– Su-piztailearen bidea arantzez betea da. (umpqua)

– Gure lehen irakaslea bihotza da. (txeienea)

Heriotza.

– Ez da heriotzarik, munduz aldatzea baizik.  (duwamisha)

– Gibelean utzi genituenak ez daude hilda, gure bihotzetan baizik. (tuskarora)

– Hiltzen zarenean, zutaz mintzatuko dira, zeruetan direnak izarrez  mintzatzen diren bezala. (yuroka)

– Hau heriotza da, beraz. jaiotzen ari naiz.  (hopia)

– Arimak ez luke ortzadarrik, begiak malkoak ez balituzke.  (apatxea)

– Bizitzaren tragedia ez da heriotza, bizirik garelarik  gure baitan hiltzen dena baizik.  (hopia)

– Gertaera horrek ez bazaitu hiltzen, zoriona ekarriko dizu.  (komantxea)

– Bizitza eta heriotza ez daude berezirik, nahiz eta guri horrela iruditu.  (oin beltza)

– Zahartzaroa ez da heriotza bezain ohoretsua, baina jende askok maite du.  (apatxea)

– Hil diren guztiak berdinak dira.  (komantxea)

– Eraman itzazu zurekin oroitzapenak, urratsak utzi bakarrik. (sukuamisha)

Ipar Amerikako jatorrizko herrien erramoldeak

Herri jakituria:

– Ez joan lotara haragia sutan utzirik. (oin beltza)

– Ibil zaitez goi-goian, zuhaitzen pareko.  (seminola)

– Amets guztiak iturburu beretik datoz. (hopia)

– Entzun ezazu, edo bestela, zure hitzak erotuko zaitu. (siuxa)

– Erantzun eza ere bada erantzuna. (hopia)

– Utz ezazu nolakoa zaren ezagutu dezaten. (huroia)

– Jakin-minak ezagupena dakar. (arapahoa)

– Ezin da iratzarri gezurrez lotan dena.  (navajoa)

– Ezin da harri bat altxatu atzamar bakar batez.  (hopia)

– Ez mintzatu gaizki aurrean ez daudenez.   (hopia)

– Ez gorrotatu zure auzoa, bera ez baitabil gaizki, zu baizik. (pima)

– Ez izan negar egiteko beldur, negarrak zure pena guztiak ezabatzen lagunduko baitu.  (hopia)

– Ustekabeak gizon onenari ere gerta dakizkioke.  (omaha)

– Ametsak gizon-emakumeak baino jakintsuagoak dira.  (omaha)

– Begiek ahoak ahoska ezin ditzakeen hitzak kanporatzen dituzte.  (apatxea)

– Sinesten duguna egia da. (anishinabea)

– Galdetu bihotzez, eta bihotzetik erantzungo dizute.  (omaha)

– Aurreikusitako arriskua, erdizkako arriskua. (txeienea)

– Gezurti bati entzutea eta ur beroa edatea alferrikakoak dira.  (apatxea)

– Pertsona batzuk jakitunak dira, nahiz eta zuk ez jakin.  (xoxona)

– Bere buruaz sinesten ez duen herriak ezin du luzaz iraun.  (hopia)

– Entzun ezazu bihotzez, ikas ezazu bizipen berriekin, eta zaude prest bide berrietatik barna abiatzeko.  (txerokia)

– Gauza handiak egin nahi dituenak besteen laguntza beharko du. (seneka)

– Asko erori dira, botila eskuan. (lakota)

– Utzitako urratsei begira ezagutuko gaituzte.  (lakota)

– Sortu zinenenan, negar egin zenuen eta denak poztu ziren, hiltzen zarenean, zutaz eginen dute negar eta zu pozik abiatuko zara.  (txerokia)

– Guk gainerako guztiek baino hobeto ikusten dugu gure burua. (assiniboinea)

– Badira zenbait gauzak zure begirada gatiba dezaketenak, baina jarraitu beti zure bihotzari.  (siuxa)

– Hobe da ogi puska zuhaitz baten gerizpean, sekulako oturuntza presondegiko itzalean baino.  (navajoa)

– Pentsa ezazu nahi duzuna, baina gogoan izan egunero bizi behar duzula zure pentsamenduekin.  (lakota)

Ibaia.

– Ibaia gure senidea da, gure kanoa bultzatzen baitu. (apatxea)

– Zango bat kanoan baduzu eta bestea lurrean, azkenean ibaira eroriko zara.  (tuskarora)

– Ibaiak ezin dira sorburura itzuli, baina sorburua badute. (siuxa)

Ilargia.                                                                                                                   

– Ilargia ez da zakurren zaunkaz lotsatzen. (siuxa)

– Ilargiari ez dio zakurren zaunkak traba egiten. (southwesta)

– Ilargiak gauero lasaitasuna ekartzen digu.  (siuxa)

Izpiritu Handia.                                                                                                 

– Izpiritu Handiak bakoitzari bere kantua ematen dio. (utea)

– Seme-alabak ez dira zureak, Izpiritu Handiak utzitakoak baizik.  (mohawka)

– Jakituria iristen zaigu bilatzeari uzten diogunean, eta Izpiritu Handiak prestatu digun bidean bizitzen hasten garenean.  (hopia)

– Pobrezia gizateriaren urkamendia da eta errespetu falta sortzen du bai Izpiritu Handiarekiko eta bai gizakiarekiko.  (siuxa)

– Ortzadarra gauza guztietan den Izpiritu Handiaren seinalea da.  (hopia)

– Gizon-emakume helduek haurrengandik ikasi behar dute, haurrek atxikitzen baitute Izpiritu Handiak emandako araztasuna.  (siuxa)

Landareak.

– Landareek hitz egiten digute, eta arreta jarriz gero, entzun diezaiekegu. (arapahoa)

– Zain goxo guztiek ez dituzte landare goxoak ematen. (omaha)

– Landareak eta zuhaitzak beti hizketan ari zaizkigu. (arapahoa)

Lurra.

– Har ezazu behar haina eta utz ezazu lurra zegoen bezala. (arapahoa)

– Harriz betetako lurrak ez du otoitzik behar, pikotx zorrotza baizik. (navajoa)

– Ondo zaindu lurra, ez baita gurasoek emana, seme-alabek utzia baizik.(siuxa)

– Lurra ukitzea naturarekin harmonian izatea da.  (siuxa)

– Udaberrian goxo ibili, lurra ernai baitago.  (kiowa)

– Gizakia lurrarena da, baina lurra ez da gizakiarena.  (siuxa)

– Ama-lurrak egin gaitu eta Ama-lurrera itzuliko gara. (shenandoaha)

– Zerua zure aita da, Lurra zure ama, eta gainerako gauza guztiak zure  senideak. (siuxa)

– Zure zainetako odola itsasora itzultzen denean eta zure hezurren hautsa lurrera itzultzen denean, ongi oroituko duzu Lurra ez dela zurea, zu zara Lurraren umea. (siuxa)

Natura.

– Gizon-emakumeari, naturatik urruntzean, bihotza gogortzen zaio. (lakota)

– Entzun ezazu naturaren ahotsa, baditu altxorrak zuretzat.  (huroia)

– Azken zuhaitza mozten dugunean, azken ibaia pozoitzen dugunean, konturatuko gara ezin dugula dirua jan.  (kreea)

– Mundua bukatzen den tokian izan naiz, urak bukatzen diren tokian, zerua bukatzen den lekuan, mendi gailurren gainean…, eta horiek denak ez ditudala lagun ikusi dut. (navajoa)

– Entzun ezazu haizearen xuxurla, entzun ezazu isiltasunaren mezua, entzun  ezazu bihotzaren jakituria.  (siuxa)

– Natura ez da guretzat, gu gara naturaren zati. Zure familia eta mundu osoa ere, naturaren zati dira.  (siuxa)

– Eguzkiak egunero indar berria ekar diezazula; ilargiak gauero goxotasuna eman diezazula; eta euriak zure arrangurak eraman ditzala.  ((omaha)

– Haizeak indarra ekar diezazula, lurrean barna goxo ibil zaitezela eta zure bizitzaren egun guztietan naturaren edertasuna ezagutu dezazula.  (apatxea)

Pobrezia.

– Okerragoa da ohore gabea izan, pobrea baino. (anishinabea)

– Ebatsitako janariak ez du inoiz gosea kentzen.  (omaha)

– Gizon pobrea, zaldizko ona beti.  (omaha)

– Sabel gosetia, otoitzak labur. (paiutea)

– Pobrezia gizateriaren urkamendia da eta errespetu falta sortzen du bai Izpiritu Handiarekiko eta bai gizakiarekiko.  (siuxa)

– Inork ez du beti eskean dabilena maite.  (omaha)

– Pobreak izpirituz ere pobreak badira, pobre izanen dira betiko. (zuñia)

Zuzentasuna.

– Ongile izan eta ez bizi inoren beldur. (pima)

– Inork ez du ergelen alde negarrik isurtzen. (omaha)

– Alferkeriak desohorea dakar.  (omaha)

– Hobe da ahoan trumoi gutxiago izatea eta tximista gehiago eskuetan.  (apatxea)

– Bizi ongi, heriotzaren beldurra zure bihotzean sartu gabe. Ez eztabaidatu inoren sinesmenaz; errespeta ezazu besteen ikuspuntua, eta defenda ezazu beti zurea. (shawneea)

– Ez mindu besteen bihotza, egindako mina zuri itzuliko baitzaizu. (apatxea)

Ipar Amerikako jatorrizko herrien erramoldeak  Ipar Amerikako jatorrizko herrien erramoldeak  Ipar Amerikako jatorrizko herrien erramoldeak  Ipar Amerikako jatorrizko herrien erramoldeak  Ipar Amerikako jatorrizko herrien erramoldeak  Ipar Amerikako jatorrizko herrien erramoldeak  Ipar Amerikako jatorrizko herrien erramoldeak  Ipar Amerikako jatorrizko herrien erramoldeak  Ipar Amerikako jatorrizko herrien erramoldeak  Ipar Amerikako jatorrizko herrien erramoldeak  Ipar Amerikako jatorrizko herrien erramoldeak  Ipar Amerikako jatorrizko herrien erramoldeak

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

Zer duzu buruan “Ipar Amerikako jatorrizko herrien erramoldeak”-ri buruz

  • Ehortzi ezazue ene bihotza Wounded Kneen, Txalaparta, 2 edizio, irakurri dezakeenak irakur beza, idatzi dezakeenak idatzi, luze joko luke… Eskerrak aspaldi atera zuen Joxe Luis Aramendik, gure laguntzaz, ni naiz Jon Arano Aramendi

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude