INUN kantariaren “Da nola”, erotismoa eta delitua
INUN kantariaren “Da nola”, erotismoa eta delitua
INUN bakarlari zornotzarrak “Da nola” argitaratu berri du, hainbat euskal idazleren poemak musikatuta osatu duen bigarren lana, 2014an “Berreginez” argitaratu eta gero.
Kantariak 2015 eta 2016ko Gutun Zuria jaialdian hartu du parte, baita iaz Bernardo Atxagak egindako “Egunak ba doatsi” emanaldiarekin ere; “eta horietarako musikatu nituen poemak osatzen dute disko hau”. Horixe ei du, hain zuzen ere, berezitasun nagusia diskoak, “euskal idazleen poemetan oinarrituta daudela”, INUNek dioenez, emanaldi literarioen fruitu baitira.
Gutun Zuriak gai orokor bat proposatzen du urtero; iaz “Eros”, eta aurten “delitua”. “Beraz, disko honetan badaude erotismoarekin harremana duten sei kanta, delitua oinarri duen kanta bat, eta horrez gainera, Atxagaren bi poema”.
Musikatu ahal izateko, poema guztiak moldatu egin ditu INUNek. “Diziplina bakoitzak bere arau eta egiteko moduak ditu; abestiak eta poesiak, bakoitzak bereak. Poema bat abesti generoaren barruan integratzeko batzuetan moldaketa txikiak egin behar izaten dira. Hori bai, poema bakoitza melodia egokiarekin uztartzen saiatu naiz, moldaketak eginez baina poema bakoitzaren esentziari eutsiz”. Poeten lanak musikatzeak, “gauzak adierazteko beste modu bat erakutsi dit, nirea ez den beste bat. Bestetik, plazera: nireak ez diren hitzak neurri batean neure egin eta horietatik melodiak loratzen direla sentitzea gozamen hutsa da”.
.
Hitzak lehenengo
Gainera, ohi izaten denaren kontrako bidea egin du, musika baino lehen hitzak izan baititu honakoan. “Normalean, abestiak sortzen ditudanean abiapuntua musika izaten da. Behin melodia erdi garatuta dudanean hasten naiz hitzekin kanta osatzen. Kasu honetan lana alderantzizkoa izan da, hitzak aldez aurretik izan ditut eta horiek musikarekin janztea izan da lana”.
Hitzak bere egiteko orduan, “Bi aspektu izaten ditut kontuan. Alde batetik, musikalitatea, poema irakurtzean erritmo bat sentitzea, melodia batekin janzteko erraztasuna nabaritzea. Bestetik, poemak emozioa eragitea, barruak mugitzea. Niretzat bietatik izan behar du poemak musikatu ahal izateko”.
Bakarlari gisa ibilbide laburra duen arren, eskarmentu handiko musikaria da INUN, euskaraz baino lehen gazteleraz kantatzen hasi zena. “Lehen ez nintzen kontziente euskara sustatzeak dakartzan gauza on guztiez. Euskara sustatzea nork berea zaindu eta transmititzea da, txikia zaintzea. Hori eta askoz gehiago da euskaraz egin eta abestea. Lehen ez nintzen horren jabe; orain, zorionez, bai”.
.
Poemak
“Da nola”, lanaren izenburua
Karmele Igartuaren olerki batetik dator, “Itsasoa etorrian”. Melodia gozo batekin konbinatu nahi izan dut, bere hitzak itsaso bare baten erritmoarekin josi. Poeman agertzen diren irudiak erotismora garamatza, edo behintzat norabide horretan bideratzen gaitu, baina gozotasun baten barruan, erakutsi baino iradokiz. Magia hori ez apurtzen saiatu naiz. Olerkian egiteko moduari ematen dio garrantzia Karmelek. Diskoari izenburu hori jartzea ideia polita iruditu zitzaidan, nik ere disko honetako poema bakoitza melodia egokiarekin uztartzeko moduari eman baitiot garrantzia.
.
Jon Miranderen “Oianone” (bere garaian Zaramak moldatua)
Poema elegantea da, onirikoa eta aldi berean lizuna, basatia… denetarik dauka. Musika biziagoa irten zait poema honekin, beti ere Mirandek lizunkeria azaltzeko zuen elegantzia mantentzen saiatuz. Mirandek ez du larru jotze soil bat deskribatzen, fantasia erotiko kolosal bat baino, hasierako prestaketa eta azken suziriekin. Kantan zehar, poeman dagoen mailaz mailako kitzikapen horri jarraitzen saiatu naiz.
.
Jon Aranoren poema bihurri eta demoniozkoa
Hitzak “Arnoz eta pornoz” poematik datoz, hildako Karen Lancaume aktore pornoari eskainitakoak dira. Olerki zoro eta zikina, baina leuntasuna eta samina ere aurki daitezke bertan. Nik pasarte horiek aukeratu ditut. Olerkiaren hitz mingots eta sakonak melodia geldo eta ilunago batekin uztartzen saiatu naiz.
.
“Zure sahetsean”, Itxaro Bordarena
Itxaroren poema erotiko bikain honek bi energia ezberdin ditu, mailakatuak direnak. Hasieran iradokitzailea da; bukaeran, bortitza bezain beroa. Kantan ere hori nabaritu daiteke, lasai hasten da eta bortitz bukatu, beti ere poemak duen erotismoaren magma hori mantentzen saiatuz.
.
“Gatza zure elurrean”, kontraste bitxiak…
Miren Agur Meaberen “Plaisir D´amour” poematik ateratako kanta da. Hemen kontraste txiki bat dago hitz eta melodiaren artean: poemak badu malenkoniatik, eta musika, berriz, arinagoa da, erritmo biziagokoa. Desioa adierazten da olerki honetan eta posible ikusi nahi nuen desio hori gauzatzea. Ezinaren tristezia baino itxaropena islatu nahi izan dut kanta honetan.
.
Atxagaren poema bi: “Egun Finlandiar bat” (Garik aspaldi moldatua)
Poema hau irakurtzean atmosfera dentso eta malenkoniatsua, espazio natural erraldoiak irudikatzen ditut. Musikarekin ere horrelako irudiak transmititu nahi izan ditut; erritmo eta akorde pisutsuen bidez, soinu espazial batekin konbinatuz.
.
Eta “Harea”…
Bernardo Atxagaren poema honek esperantzarik gabeko espazio suntsitu eta arrotz batera eramaten nau. Abestian zehar, kantatzeaz aparte errezitatu ere egiten dut, poemaren errima aldakorrak eta hitz mistikoak hala eskatu baitidate. Kanta sakon eta hipnotikoa egiten saiatu naiz, poemaren berbei bere pisua ematez.
.
“Kentzaileak”, tonu errepikakor eta jostalaria
Bai, Castillo Suarez kontzeptuak kentzen doa poema honetan, modu errepikakorrean, maitasunaren esentziara heldu arte. Nik ere errepikapen horrekin jarraitu nahi izan dut, estribilloak saihestuz eta kantaren melodia-aldaketak leunduz.
.
Bertso zahar bat, zarratzeko
“Estudiante kondenatua” du izena, bai. Izenbako bertso-sorta honetan heriotzara kondenatua dagoen gazte baten istorioa kontatzen da, lehen pertsonan. Bertso-sortak aurrera doazen heinean istorioa gehiago gordintzen da eta nik apurka-apurka hasten eta handitzen doan doinu berri batekin jantzi dut. Istorio gordin eta triste hau modu epiko baten egiten saiatu naiz.