Internetera sarbidea giza eskubidea da NBEren arabera

Interneten nabigatzenInterneteko informazio ozeano zabalean nabigatzea giza eskubidea dela aitortu du Nazio Batuen Erakundeak. Halaber, herritarrei internetera sarbidea mugatzea nazioarteko zuzenbidearen aurka doala dio.

NBEren azken txostenaren arabera, ezingo zaie erabiltzaileei interneterako sarbidea inola ere moztu pirateriaren aurkako neurri gisa, Frantziak eta Espainiak (nork ez du Sinde Legearen berri?) egin duten bezala. Izan ere, Frank La Rue NBEko Errelatore Bereziaren arabera, herritarren adierazpen askatasuna ez da sekula egile eskubideen menpe jarri behar, eta guztiaren gainetik babestu behar dugu, bai erregimen autoritarioetan eta baita demokrazietan ere.

Copyright legea urratzeagatik erabiltzaileei internetera sarbidea moztea  neurriz kanpokoa dela eta Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Paktuko 19. artikulua (3. atalean) urratzen duela dio.

Txostenak internetera sarbidearen inguruko puntu guztiak xehetasun handiz zehazten ditu, bai azpiegitura mailan eta baita edukien irisgarritasunaren inguruan ere.

Txostenak jasotzen duen bezala, “interneteko informazio fluxuan ahalik eta muga gutxien egon beharko luke, nazioarteko giza eskubideen zuzenbideak adierazitako salbuespenezko egoera berezi eta urrietan izan ezik”. Zenbait egoeretan, interneteko informazio fluxuaren mugaketa legezkotzat jotzen duela onartzen du txostenak; adibidez, ziber-erasoen kasuan. Gainera, horren harira gobernuek boterea gaizki erabili ohi dutela azpimarratzen du. “Kasu askotan, gobernuek mugatu, kontrolatu, manipulatu eta zentsuratu egiten dute interneteko edukia inongo legezko oinarririk gabe, edo lege zabal eta anbiguoetan oinarrituta, inongo justifikaziorik eman gabe”.

Gertu izango al dugu, bada, Sinde Legearen amaiera?

Txostena osorik irakurtzeko (PDF): Iritzi eta adierazpen askatasunaren babesa sustatzeko txostena. Frank La Rue, Errelatore Berezia. (Report of the Special Rapporteur on the promotion and protection of the right to freedom of opinion and expression, Frank La Rue)

 

UDAZKEN KOLOREAK