Zer pentsatzen du Hezkuntza Sailak?

sare-sozialak

Azken egunetan, behin eta berriz entzuten ari naiz Hezkuntza Saileko internet sarea gero eta okerrago dabilela, edo hobeto esanda, ez dabilela ia: eskoletan ezin dute sarea erabili, webgune batetik bestera pasatzeko konexioa blokeatzen da; mantso baino mantsoago dabil eta aurrera joan beharrean, behin eta berriz geratzen da trabatuta.

Itxuraz, Hezkuntza Sailak kudeatzen duen konexio multzo horretatik bisita gehiegi joaten omen dira sare sozialetara (facebook, twitter, tuenti…) eta hori eragozteko, Sailak iragazki berria jarri du. Eta iragazkiak eragingabe bilakatu ditu ditu eskoletako internet konexioak.

Gogoan dut gure agintariek Lehen Hezkuntzako ikasleei ordenagailu eramangarriak eman zizkietenean, ahoa betetzen zitzaiela eskola 2.0 proiektuak ekarriko zituen berrikuntzak eta onurak aldarrikatzen. Web 2.0-k iraultza ekarriko zuen gure ikastetxetara. Orain, berriz, frenoa jarri diote sareari. Eta zer da web 2.0 sare sozialik gabe? Zer da weba konexiorik gabe?

Ulertzeko zaila den jokaera horri arrazoiak bilatu nahian, bururatu zaidan lehena da aldarrikatzen dutena berdin zaiela: benetan axola zaien bakarra komunikabideetan bere eraginkortasunaren publizitatea egitea dela, eta hori ederki asko lortu zuten ikasleei ordenagailu bana eman zieten garaian.

Edo nork daki, baliteke ere izatea seguritatearen agintepean bizi direla: nahiko luketela aurrerapausoak eman, baina denak ematen die beldur, segurtasun beharrak kikilduta daudela, alegia.

Are gehiago, izan daiteke ere ez dutela inongo konfiantzarik gugan, herritarrengan: ez dute konfiantzarik irakasleengan, ez zuzendaritza taldeengan, ez ikasleengan, ez familiengan… eta erantzukizunean eta heldutasunean hezitzeko tresnak eskaini beharrean, nahiago dutela debekatu. Eta ez bagara herritar arduratsuak izateko gauza, zein izango da gu babesteko emango duten hurrengo urratsa?

Hiruren artean azkena da, dudarik gabe, kezkagarriena!

hezkuntza, hezkuntza-saila
Arantza San Sebastian

ITSASGORAN - Irakaslea ofizioz, Idazlea afizioz

2 pentsamendu “Zer pentsatzen du Hezkuntza Sailak?”-ri buruz

  • Segurtasuna dela eta EAEko ikastetxe publikoetan interneten Windowsen nabigatzea zaila bada ere Linuxetik egiteak oraindik oztopo gehiago ditu: “portal cautivo” delako prozedura batez egin behar da non konektatzen zaren aldiro hainbat pausu eman behar dira eta identifikazioa eta pasahitza sartu behar da. Ikastetxetatik konektatzea ez da eskubide bat, mirari bat da.

  • Arantza San Sebastian

    Ez dut egiaztatzeko aukerarik izan, baina inguruko irakasle gehienek hori adierazi didate, eskoletan pairatzen ari diren egoera penagarria dela.
    Ikasleentzako ordenagailu eramangarriak ekarri zituztenean, prozesua nola egin zen ikusita, nire jarrera kritikoa azaldu nuen, baina sinistu nahi nuen benetan aurrera eraman nahi zutela eskola 2.0 ekimena.
    Orain gertatzen ari denarekin nahastuta nago: dirutza gastatu dute tresna gure eskuetan jartzeko, eta eskuak lotu gero. Ulertezina da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude