Iñigok Oliverri begiratu zion unea

Zinemazale fidelak eta fan amorratuak hesiaren bestaldetik begira edo oihuka daude. Gauza asko ari da gertatzen.

Picachillako barraren ertzean kazetari pare bat elkarrekin ikusi duten azken filma komentatzen dabiltza. Batak besteari zuzendariak helarazi nahi zuen mezuaren funtsa ez duela ondo ulertu leporatzen dio. Miren kanpora doa hain juxtu une horretantxe, hurrengo sesioa hastear baita Victoria Eugenian, eta ez baita iritsiko lasterka ez bada. Kanpotar itxuradun batek, espaloi erdian oztopo, bi sarrera eskeini dizkio, baina Mirenek ez dio begiratu ere egin. Isaac izena du bidea oztopatzen dabilen gizonak, akreditaziodun aspaldiko lagun batek bi sarrera eman dizkio, eta sos batzuk aterako dituelakoan dabil bueltaka. Orduantxe Kursaaletik irtetzen ari den Juani tuit briliante bat otu zaio, eta idazteari ekin dio ahaztu baino lehen, prentsaurreko gelara bidea hartuta. Apunteak hartu ditu pelikulan zehar, kronika eder bat bidaltzeko gero erredakziora. Mikelen ondotik pasa da. Mikel Mariaren zain dago, honezkero badira 15 minutu hitzegin zuten ordutik. Mari Carmen, Joseba, Tania, Alicia eta Gorka, zine zuzendari famatu bat ikusteko geratu dira alfonbra gorriaren ertz batean. Eta haiek bezala beste ehun bat pertsona. Hesiaren bestaldean Beñat eta Irma daude lasaitzeko eskatzen jendetzari buzo beltza jantzita, borrak gerrian dilin-dalan. Mariak  haragi hormarekin egin du topo. Nazka ematen diote halako uholdeek. Berandu doa Mikelengana. Iñigo Oliverrekin aurkitu da aurrez aurre, eta miresmen irriparre batez begiratu dio. Bere filmak maite ditu. Oliverrek ez daki nor den aurrean duen tipoa, baina irriparre batekin erantzun dio, aktore baten plantank dituela ikustean. Ez dabil oso oker.


Zinemaldiak halako irudiak ere uzten ditu noizean behinka.

urkullu

Ekaitza bainuontzi batean