Inesa Gaxen pastorala, Bastidak eta Bardozek emanik
Inesa Gaxen pastorala –
Egun ederra zela, Bastidara abiatu nintzen Bizkaitik etorritako adiskidearekin Inesa Gaxen pastorala ikusteko asmoz. Hazparnetik barna ibili ginen autoz, hango bazter ederrez gozatuz, eta 10,30etarako Bastidan geunden. Ordurako dena txukun eta prest zeukaten. 11etan karrika üngürüari hasiera eman zioten, eta karrikaz karrika agertokia ezarririk zuten herriko plazaraino iritsi ziren: arizaleak, dantzariak, Pantxika Ürrüti errejenta, Itxaro Borda pastoral-idazlea, artzainak astoarekin eta artaldearekin, eta bukaeran, musikariak. Karriketan bazen jende ainitz ikusten eta txalotzen.
Plazara iristean geldiune bat egin zuten, eta musikariek dantza-jauzi zenbait, fandango eta arin-arin jo zituzten. Ikusleetako ainitz, ni barne, dantza airoso haietan aritu ginen gogo onez. Geroago, plazaren beheko aldean, agertokiaren parean, bigarren geldiunea egin zuten, ete lehenean bezala, dantzan aritu ginen. Horren ondotik, jendea barreiatu zen, batzuk bazkaltzeko asmoz, eta besteak sarrerak eta liburuak erosteko, edota ostatuetan zerbait edateko.
Ordubietan, jadanik, kadirak jendez betetzen hasi ziren. Eguzkiak gogor jotzen zuen arren, jendea ongi ikusteko tokia hautatzen zebilen. Guk ere gauza bera egin genuen, eta kapeluak buruan ongi ezarrita, gure kadiretan jarri ginen, ordurako esku artean genuen pastoral-liburua kuxkuxeatzen. Hiruretan, ttanko, pastoral martxa entzun genuen, eta gure gibeletik arizaleak, dantzariak, musikariak eta gainerakoak plazara sartzen hasi ziren. Pastoral saioa hasia zen.
1.- Inesa Gaxenen nondik norakoak
Inesa Gaxen 1566an sortu zen Baxenabarreko Bastida herrian, Arberoa eskualdean, Gaxen auzategian, hain zuzen, eta hortik datorkio deitura. Ttipi-ttipitatik belarren indarrak eta ahalmenak ikasten ahalegindu zen. Hori ez zen haren familiaren gustukoa izan, eta hamalau urte zituelarik, aitak etxetik igorri zuen eta Lapurdiko Hendaiara bidali. Hendaian bizi zela, sendabelarren jakintza zabaltzen eta praktikatzen jarraitu zuen.
Garai haiek korapilatsu samarrak ziren. Joana Albretekoaren semea, Nafarroako Henrike IIIa, Frantziako IVa bilakatua zen eta aginduak Parisetik ematen zituen, erresuma zaharra arras ahantzia. Henrike IIIa protestantismoan hezia izan bazen ere, Frantziako errege-kadiran eseri ahal izateko katolizismora bihurtua zen. Lapurdiko jauntxoak, Urtubiako eta Senpereko jaunak, hor zebiltzan heien boterea handitu nahian, eta Lapurdiko Biltzarraren aurka eginez, eta hori dela eta, Henrike III.ari Lapurdin sorginak nonahi zeudela jakinarazi zioten eta heien kontrako epaile bat igor zezala eskatu. Eta horrela egin zuen, Lapurdira De Lancre epaile fanatiko eta odoltsua igorriz. Datu zehatzik ez bada ere, badirudi epaile honek hiru mila pertsona inguru galdekatu eta torturatu zituela, eta pertsona ainitz, emakumeak gehien bat, su-metetan erre. Hainbat ikerlarik seiehun bat izan zirela diote.
Egoera politiko horretan kokatu beharra daukagu Inesa Gaxeni gertatu zitzaiona. Hendaiara iritsi bezain laster, haren belargile ospea berehala zabaldu zen. Herritarrek maiz harengana jotzen zuten gaitzen kontrako belar-urak eta ukenduak galdatuz eta bestelako faboreak eskatuz. Hastapenetatik Tristan Urtubia eta Altzate, Urtubiako jauna, gibeletik ibili zitzaion. Jauntxo honek erregearen esker ona bereganatu nahian, emakume ainitzen aurka egin zuen sorginak zirelakoan, eta horixe bera egin zuen Inesarekin. 1609an, Inesak hemezortzi urte zituela, atxilotu eta zulo batean preso eduki zuen. Torturatu ondoren Akizeko presondegira igorri zuen eta han Bordeleko Parlamentuak zuen epaitu. Harrigarria bada ere, ez zuten haren kontrako frogarik aurkitu eta libre utzi zuten. Hala eta guztiz ere, Urtubiako jaunaren aginduz egin zizkioten torturetatik ez zen inoiz ongi osatu, eta bizitza osorako aztarnak gelditu zitzaizkion.
Hendaiara itzuli zelarik, Bidasoa ibaiaren beste aldera iragatea deliberatu eta egin zuen. Hogei urtez Irunen bizi izan zen. Geroxeago Hondarribira pasatu zen, eta bertan Pedro Sanz soldaduarekin ezkondu. Honekin alaba bat izan zuen. Hondarribian zazpi urtez bizi izan zen. 1611ko maiatzaren 6an, atxilotu zuten, berriz ere. Aitzineko urtean Logroñoko auzia izan zen Zugarramurdiko sorginen aurka, eta hori herritarren gogoan ongi sustraiturik zegoen. Jendeak bekaizkeriaz, gorrotoz edota diruzalekeriaz auzoak salatzen zituen, sorginak zirelakoan, eta hori gertatu zen Hondarribian aipatu urtean. Salatuak bost emazte izan ziren: Maria Etxegarai, Maria Garro, Maria Illarra, Katalina Bereasarra, Maria Oianguren eta Inesa Gaxen. Horietako hiru Iparraldean sortuak ziren.
Zortzi, hamar eta hamahiru urteko hiru haurren testigantza inozoaren arabera, emakume hauek Jaizkibel mendiko akelarreetan parte hartzen zuten, eta Hondarrikiko ume zein heldu ugari, sorgindurik, bilkura horietara eramaten omen zituzten. Akelarreetan azti-hitzak egiten zituzten eta horien erruz, hondoratu omen ziren hainbat itsasontzi Pasaiako badian eta arrantza kostaldetik urrundu. Gainerako emakumeek heien kontrako salaketak onartu zituzten, su-metako garretatik libratu ahal izateko. Garai hartan, damutuz gero ez zituzten jadanik erretzen, bestelako zigorrak ematen zizkieten. Hala eta guztiz ere, Inesa Gaxenek haren kontrako salaketei uko egin zien beti, asmazioak zirela garbiki erranez.
Hondarribiko epaileek auzia Logroñoko Inkisizioaren esku utzi zuten. Hilabeteak behar izan ziren epaiketa egiteko eta bitartean, Hondarribian preso eduki zituzten ziega batean era guztietako umilazioak eta torturak eginez. Hilabete luze batzuen buruan, Alonso Salazar, Espainiako Inkisizio Burua Hondarribira joan zen eta Inesa eta gainerako emakumeak zituen itaundu. Inesa Gaxenek garbi aitortu zion belarrekin sendagaiak, ukenduak eta pozoiak egiten zituela, baina sorgina ez zela argi eta garbi erran zion. Inkisidoreak sinetsi eta libre utzi zuen.
Hondarribiko agintari eta herritarrek ez zuten ongi hartu inkisidorearen erabakia. Sekulako haserrea piztu zen herrian eta azkenean, 1611ko urrian, sei emakumeak gabarra batean sartu eta Hendaiara bidali zituzten. Horietako bat, Maria Garro, hurrengo urtean itzuli zen Joanes Lizardi senarrarekin bizitzeko. Preso hartu zuten eta kartzelan sartu. Bertan hil zen emandako torturen eraginez.
Inesa Gaxeni dagokionez, arrastoa galtzen zaio gabarraz Hendaiara igorri zutenean. Ez dakigu deus gehiago emazte adoretsu horretaz. Non bizi izan zen hortik aitzina? Bildu ote zen senarra eta alabarekin? Guretzat erantzunik gabeko galderak dira. Beharbada, ikerlari gazteen eskutik, datu berriak atzemanen ditugu hortik aitzina Inesa Gaxenekin gertatu zena jakiteko. Bitartean, hementxe bukatu behar dugu gure kontakizuna. Euskaldunok badugu zer ikasi eta zer gureganatu halako emakume kementsu baten aitzinean. Agur eta ohore Bastidako Inesa emazte libre eta adoretsuari! Ongi merezi zuen pastoral baten süjeta izatea, non eta Bastidan, bere herrian!
2.- Pastoralaren zenbait berri eta ezaugarri
Inesa Gaxenen omenez egindako pastorala Bastidako eta Bardozeko herritarrek eskatua eta jokatua da. Bi herri hauek, Arberoako beste zenbait herrirekin batera, xarneguak dira, hau da, euskaldunak eta gaskoiak bertan bizi eta nahasi izan dira mende luzetan. Oso ohikoa izan da xarneguen artean, bi mintzairetan naturaltasun osoz egitea. Pena bada ere, frantses mintzaira eskoletan eta administrazioan inposatu dutenez geroztik, aipatu bi mintzaira horiek arrunt gibelatu dira. Gaur egun, badira ikastolan trebatu diren belaunaldi berriak, gure hizkuntzari esperantza berria ekarri diotenak. Gaskoieraren aldetik berriz, galera handiagoa izan delakoan nago, eta calendretetan bultzatzeko behar handia dagoela uste dut.
Pastorala egiteko xarnegu nortasuna kontuan hartu dute, eta horregatik, euskaraz gain, zenbait bertset eta kantu gaskoieraz ere, entzuten ahal dira. Agertokiko goiko aldean, euskal ikurrinarekin batera, Gaskoiniako bandera ere ezarria zuten.
Pastoral honentzat lau saio prestatu dituzte, lehena ekainaren 15ean, larunbatarekin, eta bigarrena 16an, igandearekin. Biak Bastidan. Bigarren hau da nik ikusi eta gozatu nuena. Irailerako beste bi saio antolatu dituzte, 21ean eta 22an, baina Bardoze herri auzoan. Horretaz gain, eta entzun dugunez, Hondarribian ere, beste saio bat egiteko asmoa omen dute.
Lehen erran bezala, errejenta Pantxika Ürrüti izan da, eta aitortu behar zaio pastorala jakituria handiz gidatu duela. Idazlea Itxaro Borda izan da, testu eder eta zehatza egin duena. Ivan Bareyrek egin ditu gaskoierazko pasarteak. Kantu arduraduna Manon Irigoien izan da, Allende Izal dantza arduraduna, Garbiñe Aizpitarte koreografoa, Bruno Delavigne dantza maisua, Patrick Calvet musika arduraduna eta Katti Etxebeste, jostunen arduradun nagusia.
Pastorala 21 jelkaldiz eta zazpi edo zortzi kantuz osatua da. Horretaz gain, lau borrokaldi edo guduxka ditu bere barnean. Erabilitako euskara batutik gertu den baxenafarrera entzuten da nagusiki, satanek xiberotarrez egiten badute ere.
Agertokiko ateak, ohi den bezala, hiru izan dira: zuria erdian, eskuinean gorria eta ezkerrean, urdina izan beharrean, berdea ezarri dute.
Eta erran behar dugu ohitura hau pittaka-pittaka zabaltzen ari dela. Aipatu beharra dago, ate gorri gainean deabrüa azaldu dela, Margaret Tartachuk Xiberotik ekarria, eta momenturik gaiztoen eta lazgarrienetan, baita satanen dantzekin batera ere, dantzan, besoak eta zangoak, pozaren pozez mugituz, aritu izan dela. Badira bost bat pastoral, deabrürik gabe egin dutenak eta Bastidan ikustea ustekabe pozgarria handia izan zaidala aitortu behar dizuet. Ea etorkizuneko pastoraletan ere, berriz ikusteko parada dugun.
3.- Pastoralaren zenbait pasarte eta aipamen
Hasi orduko, Joel Lordak eta Paul Labordek lehen peredikua eman zuten, airoski eta ederki: 1.- Egun on zuei lagunak / guregana etorriak, / Inesa hain ezagunak / gida gaitzala guziak!. // 7.- Inesa Bastidakoak / ukan zuen bizi latza, / auzi bi izandakoak / hurbil zuen akabantza. // 8.- Behin hogei bat urtetan, / gero andretu bitarte: / sorgin izena batetan / eraman zuen hil arte.
Horren ondotik sataneria dantzan eta bazterrak nahasten hasi zen:
13.- (Azkazal satana) Hori güzia ejerra dün / Beneta debrü lagüna. / Hiru orenez behar dün / egiaz aspertü lagüna. // 14.- (Beneta satana) Zer üste düe direla / oro-jakitün horiek? / Sorginak hor dütün beti / ez zütüen denak erre! // (Beneta satana) Süfri dezatela süfri! / Ez dügü besterik nahi!
Lehen lau jelkaldietan Nafarroako Erresumako zenbait berri aurkeztu ondoren, Inesa Gaxenen familiaren berri ematen digute. Horren ondotik, Umezurtzen kanta izenekoa: Aitak hil dizkigute / borroka zelaian / umezurtz egin gara / gerlaren ezbaian: / Abereak bezala / elkar jan nahian / ari dira guziak, Jainkoen epaian!
Zortzigarren jelkaldian, Urtubiako jauna eta beste zenbait jauntto igotzen dira agertokira. Botere nahiaz aritzen dira hizketan, sorginen kontu faltsuak zabalduz, giroa gezurrez berotuz, jadanik ordurako Frantziako errege ere baden Nafarroako Henrike IIIak (Frantziako IVa) epaile bat Lapurdiko lurraldeetara igor dezan: 76.- Berotzen doaz bazterrak, / sorginak denetan dira. / Puxanten kontrako herrak / pizten ditu gure hirak!
Eta jelkaldiaren bukaeran lehen guduxka erregearen soldaduen eta herritarren artean.
Bederatzigarren jelkaldian Urtubiako Jaunak preso hartu du Inesa Gaxen eta galdekatzen du: 96.- Neskatxa burugabea / zer dun orain errateko? / Hor daukan suzko labea, / noizbait amor emateko. // 97.- (Tristan Urtubiako) Mintza hadi neska tzarra, / aitor ezan bekatua: / hemen ez haiz hi bakarra/ burdin gorriz markatua! Jelkadiaren bukaeran entzuten den Inesaren dolorea izeneko kantuan, Inesa Gaxen süjetak egin dizkioten tratu txar eta torturen berri aditzera ematen du: 98.- Ikus ezazu jaun mutua / ene gorputz ubeldua, / baina ez naiz damutua / azkena ez baita oraino heldua!
Hamaikagarren jelkaldian, Tristan Urtubiakoak De Lancre Lapurdira ekartzeko gogoa aipatzen du, baita etortzeko gonbita luzatzeko nahia ere: 119.- Lagun bat badut Bordenlen / Rostegi (de Lancreren egiazko abizena) deitzen duguna, sorgin aferetan lehen / dena juje ezaguna! // 120.- Bazter hauek garbitzeko / gonbidatuko dut hona / gaiztaginak izutzeko / da gizonik hoberena!
Hamalaugarren jelkaldian, Inesa kartzelatik libre atera eta Gipuzkoara doa, Irunera hasieran, eta gero Hondarribira. Orduan ezagutzen du Pedro Sanz soldadua eta harekin ezkontzen da. Hamabosgarren jelkaldian Jaizkibelgo artzainak kantuz ari dira agertokian, artaldea eta guzti. Bukaeran taloak jaurti dituzte, ohitura den bezala. Inesak honela dio: 150.- Entzun ardien joareak / eta artzainen kantuak / ekarriz zazpi zareak / itsas belarrez hantuak.
Hamasei jelkaldian de Lacre Lapurdin dabil bereak eginez: 156.- Muga horren bi aldetan / egin gara gu nagusi, / bazterretan dabil kaldetan / eta ez zaigu itsusi! Hemeretzigarren jelkaldian, Inesa Gaxen, Hondarribiko Inkisizioaren epaitegira eramaten dute, sorgin izateaz salaturik. 190.- Bigarren aldikoz nago / sorginkeriz epaitua: / Jainkoa elkorrik dago / barkatzeko ez-gaitua! Harekin batera badira beste emakume batzuk epaitegian, eta torturen eraginez eta bizirik erre ez ditzaten, sorgin direla aitortzen dutenak. Inesak, berriz, ez du horrelakorik egiten, eta bere errugabetasuna defenditzen du azken momenturaino. 193.- Nik berriro dut ukatzen, / ez dut hoberenik hortan / ez bainazi ibili hurritzen / gainean zuekin txortan.
XX. jelkaldian, Salazar y Frias inkisidorea Hondarribira etorri, Inesarekin mintzatu eta errugabea dela dio. Hondarribiarrek ez dute epaia begi onez ikusten, eta kartzelatik ateratzean, Inesa eta gainerako andreak gabarra batean Hendaiara bidaltzen dituzte. Horren ondotik abesten duten Libertatearen dantza izenekoan Inesak hori aipatzen digu: 209.- Bagoaz orain hemendik urrun / ontzi batean kanpora / eraman dugun bizitza zurrun / dezagun beti gogora / desterruaren denbora.
Eta bukatzeko azken peredikua eta azken kantua. Aipatu pederikuaren azken bertsetan, Bastida eta Bardozeko xarnegu nortasunari esperantzaren leihoa zabaldu nahian, horrela diote: 223.- Calandreta, ikastola / gure kulturen geroa / segurtatzen dugu hola / etorkizun bat beroa. Eta azken kantuaren bukaerako bi koblek honela diote pastoralari amaiera emanez: Dantza, bai, dantza Bastida / biribilketa eroa! / Ospa dezagun partida: / gu gara zure geroa. // Denbora badoa lagun / ziztuan zure ondoan: / Herria maita dezagun / elkartasuna gogoan!
Egun ederra Bastidako pastorala ikustean pasatu genuena. Inesa Gaxenek horrelako pastorala merezi zuen, zinez, baita Bastida eta Bardoze herriek ere. Eta artikulu hau irakurtzean baten bati pastoral hau ikusteko grina pizten bazaio, gogora dezala irailean bi saio berri jokatuko dituztela Bardoze herrian. Biba bastidarrak eta biba bardoztarrak! Eta biba Ines Gaxen pastorala!