Iñaxi Urbiztondoren bertso galduak

Iñaxi Urbiztondoren bertso galduak –

Askotan ez ditugu ongi baloratzen inguruan dauzkagun pertsonak, eta urteak  pasata, gure artetik joan direnean, haien balioa etortzen zaigu gogora. Berantegi! jadanik gure artetik joanak baitira eta haiekin batera, haien altxorra eraman dutelako.  Hori da guri familian gertatu zaiguna amaren aldeko birramonarekin.  Adin handikoa zen gu gaztetxoak ginela, eta eguna bertsoak kantatzen ematen zituen, pandero baten laguntzaz. Bertso zahar asko zekizkien eta horiek buruz kantatzen zituen, bat ere okertu gabe. Baina horretaz gain, tarteka, berak gaztetan egindako bertso xortak ere kantatzen zituen. Bertso haietan berari gertatutako momentu berezi eta gogoangarriak kantatzen zituen. Zoritxarrez inork ez zituen grabatu edo transkribatu.

Iñaxi Urbiztondoren bertso galduak
Iñaxi eta Joxe Batixta bi alabarekin

1.- Iñaxi Urbiztondoren nondik norakoak

Iñaxi Urbiztondo Maiza Ataungo Aintzaundieta Txiki baserrian jaio zen 1881eko uztailaren 31n, eta Joxe Batixta Etxeberria Goikoetxearekin ezkontzean, senarraren Azarola (edo Azaola) baserrian finkatu ziren. Bost seme-alaba izan zituzten: Anttoni, Pakita, Joxepa, Juan eta Migel, horietako bat nire amona izan zena, Anttoni Etxeberria Urbiztondo.  Zenbait senide Ataundik urrundu ziren haien habiak egin ahal izateko. Migel semeak elikagai-denda bat ireki zuen Herreran, Oleta auzoan, eta han egon zen Iñaxi, luzaz, semea eta haren familia laguntzen. Tarteka, egonaldi luzeak egiten zituen Amarako gure etxean. Ez zekien erdaraz, eta jakin nahi ez; kartetan jokatzen aritzen zen maiz, pasio handiz gainera. Eta beste zaletasun handia, arestian erran dudan bezala, bertso zaharrak kantatzea zuen.

Bazituen berak egindako bertso xortak, luze-luzeak, bizitzan gertatutakoak kontatzeko eginak zituenak. Anttoni amonak, horrela eskatuta, kantatzen zituen maiz. Ez dakit zenbat bertso eginda zituen, haien oroitzapena berarekin batera beste mundura eraman baitzuen, baina argi eta garbi oroitzen ditut bi. Lehena, gaztea zela birikeria harrapatu zuen eta botikaren bila Iruñeraino joan zen Joakin anaiaren heriotza kontatzen zuenekoa. Bertso hauek kantatzean, negar malkoak irristan zebilzkion masailetatik beheiti; eta bigarrena, ezkondu zenean, Azarolara gurdian arreoa eta guzti zihoazela, artzain gazte batekin gertatu zitzaion kontua azaltzen zuenekoa.

Historia politak ziren biak eta nik, hamazazpi-hemezortzi urte nituela, narrazio moduan idatzi nituen. A zer astakeria nirea! Bertso haiek transkribatu beharrean, narrazio txepelez kontatzera ausartu bainintzen. Nire bizitzan barna ergelkeria franko egin ditut, baina iruditzen zait hura bizitzan egin dudan handienetako bat izan dela.

Amona Iñaxi arrunt euskalduna zen, eta Franco gorroto zuen. 1975eko azaroaren erdi aldean, diktadorea hiltzen ari zela zabaldu zenean poz handia hartu zuen eta belarria irratira itsatsita izaten zuen berri ona izateko prest. Zoritxarrez, diktadorea, azaroaren 20an hila zela zabaldu zutenerako, Iñaxi ez zegoen jadanik bizidunen artean, hil bereko17an hil baitzen, 94 urte zituela. Franco hiltzean denok edan genuen xanpaina dastatu gabe eraman zuen Heriok. Pena! Berak ere gustura edango baitzuen xanpain pixar bat berri ona ospatzeko, zalantzarik gabe!

 

2.- Lehen bertso xorta: Elurretan hil zitzaion anaiarena

Lehen xorta horretan, Aralarren, elurretan betiko lotan gelditu zen anaiari egindako bertso saminak ziren. Ederrak, zinez, bihotzetik sortuak. Nik hemezortzi urterekin, bertso horietatik abiatuta honako narrazioa egin nuen. Hau pena! Bertsoak oso ederrak ziren, eta oraindik haien oihartzuna belarrietan dabilkidala sumatzen dut tarteka. Historia ez da galdua, baina bertsoak bai, tamalez. Nik “Joakintxoren harmonika”  izenburua ezarri nion narrazioari. Horratx:

 

Joakintxoren harmonika

Negu oro izaten dira hotzak eta elurtsuak, baina 1891ko negu hura berezia izan zen. Hotz ikaragarri handiak gure geografia osoa zigortu zuen eta etxeak, bideak eta zelaiak elur geruza lodi batez estalirik izan ziren luzaz. Ataun, Gipuzkoako Goierriko beste herriak bezala, elurraren zuriaz jantzirik zegoen. Aintzaundieta Txiki baserria ez zen salbuespena, eta egunak joan eta egunak etorri, soineko zuriz batez jantzirik zegoen.

Hotz ikaragarri handiak bazter guztiak kolpatzen zituen eta kanposantu zuri hartan ez zen aipaturiko baserrian bizia igartzen. Etxeko tximiniatik irteten zen ke-hats  zuria zen barnekoen bizia salatzen zuen bakarra. Baina barruko goxoan dena ez zen poza. Baziren bizpahiru egun etxeko zortzi seme-alabetako bat, Iñaxi horaila, gaitzak harrapaturik zegoela. Azken orduak eldarniotan emanak zituen. Ama eta amona ohe ondoan eserita zeuden eta tarteka konketa bateko ur epelaz kopetako eta paparreko izerdi hotz etengabea goxatzen zioten.

  • Badatoz, badatoz! —esan zuen ozenki semeetako batek.

Baserriko atea kanpotik zabaldu zuten eta adin ertaineko bi gizon sartu ziren. Biak arropa lodiaz jantzirik zeuden eta burua txapel beltzaz estalirik zeramaten. Etxeko bi alaba agurtzera azaldu zitzaizkien.

  • Egun on aita, egun on sendagile jauna! jaungoikoak egun on eman diezazuela! —esan zieten etorri berriei, eta ondoren sendagile jaunari begira— Eskerrik asko etortzeagatik!

Gero, bi gizonen berokiak eta txapelak jaso eta sarrerako ezker aldean zegoen zurezko kutxaren gainean laga zituzten. Aitak sendagile jauna gidatu zuen gaixoa zegoen gelara. Eskailera igo eta berehalaxe bertaratu ziren. Ama irten zitzaien atera.

  • Egun on doktore jauna, eskerrik asko etortzeagatik!
  • Baita zuri ere, etxekoandre!  Zer moduz dago Iñaxita? —erantzun zion sendagileak, neskaren ohera hurbilduz.
  • Gaizki jauna, gaizki. Kalentura handiak jota dago eta azken orduak eldarniotan eman ditu.

Sendagileak gaixoa behatu zuen eta ondoren…

  • Iñaxita birikeriak hartuta dago. Ez dizuet egia ezkutatuko. Oso larri dago.

Amonaren negar isil batek sendagilearen hitzak lagundu zituen.

  • Bai, oso larri dago —jarraitu zuen sendagileak— eta hilko da baldin eta ez badiogu botika bat ematen. Zoritxarrez botika hori Iruñean erosi beharra dago eta bide guztiak itxita daude.
  • Joakintxo semea, Aralar zeharkatuta, bidaliko dugu! —erantzun zion amak— Artzain ibiltzen da mendietan eta bideak ongi ezagutzen ditu.
  • Baina eguraldi petral honekin…! —sendagileak.
  • Lasai, Joakintxok ekarriko du. Berorrek egin biezagu errezeta, faborez.

Sendagileak errezeta idatzi zuen eta amaren eskuan utzi ondoren gelatik urrundu zen. Baserriko sarreran etxeko alabek berokia eta txapela janzten lagundu zioten. Gero kalera atera zen.

  • Jainkoak gida bitza Joakintxoren pausoak! Agur! —esanaz, agurtu zen berarekin batera ateraino joandako guztiez.

Goiz samar izan arren Joakintxo bilatu zuten eta egin beharrekoaz ohartuta, Iruñerako bidea egiteari ekin zion. Beroki zahar moduko batez jantzirik zihoan, buruan txapela, eta oinetan artilezko galtzerdiak eta abarkak. Eskuan makila zeraman eta bizkarretik zintzilik zakotea. Bertan amak jarririko otorduak zeramatzan. Hamasei urte bakarrik zituen arren, ederki ezagutzen zituen Aralarreko bideak, askotan bertako mendietan artzain ibilia baitzen aitona zendu berriarekin. Gainera, bizpahiru aldiz Iruñera oinez joana zen eta ederki ezagutzen zituen hango bazterrak. Alkandoraren barneko sakelan medikuak emandako errezeta zeraman.

Haize hotz handiak jotzen zuen. Zuhaitzek eta belarrek izoztuta ziruditen. Bidea ere askotan hormatu samar zegoen eta kontu handiz ibili beharra zeukan ez erortzeko. Egun osoaz ibili zen ia atsedenik gabe. Eguerdi aldean atsedenaldi txikia egin zuen otordu moduko bat egiteko eta gauean lo egin zuen bospasei orduz Patxikuxaharren bordan. Hurrengo egunean gauza bera egin zuen, eta gauerdian Iruñeko lehen etxeetara iritsi zen. Berandu samar zen arren Nikolas Adurizen ostatuan eskatu zuen aterpe eta bertan lo egin. Goizeko lehen orduetan botika-dendaren aurrean zegoen. Hura zabaldu zutenean, botika erosi eta bat ere pentsatu gabe, itzultzeari ekin zion. Ezin zuen denbora galdu, Iñaxita arrebaren bizitza botika haren beharrean baitzen.

Elurte handi batek hartu zuen Aralarren. Hotza inoiz baino hotzagoa zen, eta ez zen metro batera ikusten. Hala eta guztiz ere, gazteak aurrera jarraitu zuen. Hango mendiak ongi zezagutzan eta ez zuen galtzeko beldurrik. Lehen eguna horrela eman zuen, elurrak estalitako bideei jarraiki. Ilunabarrerako Patxikuxaharren bordan egon nahi zuen, bertako goxotasunean gaua pasatzeko. Ilunabarra iritsi zen, baina bordaren arrastorik ez. Azkenik, gauaren iluntasunean, Joakintxok errealitatea onartu behar izan zuen: galduta zegoen!

Belztasun hartan ezin zuenez aurrera segitu, nonbait gelditzea erabaki zuen. Bi arroka handiren artean bazen aterpe moduko bat eta bertara sartu zen goxotasun bila. Baina hura ez zen Patxikuxaharren borda, eta nolabaiteko aterpea eskaintzen bazuen ere, elurra barrura sartzen zitzaion eta hotzak hezurretaraino kolpatzen zuen.

Nekeak eta goseak astintzen zuten. Zakotetik atera zuen amak jarritako otordua eta hari esker, gosea baretu zuen, baina eta nekea? Han ezin zuen lo hartu, hormatu egingo baitzen. Hala-hola, gau hura pasa behar zuen lo egin gabe eta goizeko lehen argiekin bidea egiteari berrekin. Jaungoikoak lagunduta, bidea bilatuko zuen eta gauerdirako etxean egongo zen Iruñetik ekarritako botikarekin. Gaua esna igarotzeko, gazteak zakotean zeraman harmonika atera zuen eta jotzeari ekin zion. Euskal doinu xarmantak gauaren isiltasunaz nagusitu ziren. Horrela aritu zen denbora luzez, baina begiak ixten zitzaizkion. Halako batean, mutilak harmonika ondoan zeukan harri handi baten gainean pausatu zuen. Gero,… loak hartu zuen betiko.

Aintzaundieta Txikin kezkaturik zeuden. Baziren bost egun Joakintxo baserritik abiatua zela eta oraindik itzuli gabe zegoen. Joan-etorria lau egunetan egitea espero zuten. Iñaxita gero eta okerrago zegoen eta Joakintxok ekarri behar zion botika guztiz beharrezkoa zen neska bizidunen mundura itzularazteko. Hurrengo egunean, aita, anaiak eta herriko beste hamar bat gizon gaztearen bila abiatu ziren Aralar aldera. Elur ekaitzak indar oroz jarraitzen zuen. Egun berean, arratsalde aldean, anaietako batek Joakintxoren harmonika topatu zuen harri handi baten gainean. Ondoan topatu zuten mutil gaixoaren gorpua. Elurrak erdi estalirik zegoen eta betiko loak hartuta. Aldamenean zegoen zakotean botika zeukan.

Handik hilabetera Iñaxita sendatua zen, Joakintxok ekarritako botikari esker. Orduz geroztik, mutila hil zen Aralarreko txokoan burdinazko xafla batek gaztearen heriotza oroitarazten digu:

“Hemen gelditu zen, elurren artean,

eta betiko lozorroan, Joakin Urbiztondo.

Jainkoak bere baitan har dezala”

Iñaxi Urbiztondoren bertso galduak
Iñaxi Urbiztondo birramona eta Anttoni Etxeberria amona

 

3.- Bigarren bertso xorta: Ezkondu zeneko arreoarena

Bigarren bertso xorta honetan ezkondu zirenean, idi-gurdian arreoarekin batera Aintzaundieta Txikitik Azarolara zihoazela, bidean  gertatu zitzaiena kontatzen zuen. Tamalez, nik bertso eder haiek transkribatu edo grabatu beharrean, narrazio bilakatu nuen. “Iñaxiren arreoa” izenburua jarri nion. Horratx:

 

Iñaxiren arreoa

– Tirri-tarra, tipi-tapa…, tirri-tarra, tpi-tapa…!

– Bagoaz etxera Joxe Batixta, laster egongo gara Azaolako su ondoan, eta elkarrekin, bizimodu berriari hasiera emango diogu, ondo merezi duen bezala, sagardotxo baso bana edanez.

– Bai, laztana, nire ama zain egongo da eta edatekorik ez zaigu faltako gaurko goiz sargoritsu honetan.

– Agur Aintzaundieta Txiki! Agur nire gurasoen sehaska! Agur nire gaztaroko habia!  —urrutian oraindik ikus zitekeen baserrirantz begira—

– Maitea! —Iñaxiren eskua estutuz—, badakizu gaurtik aurrera Azaola zure etxe berria izango dela, gu biona eta biharko egunean gure seme-alabena, baina horregatik ez diozu Aintzaundieta Txikiri agur esan behar, hurrengora arte baizik, bertan egongo baitira zure aita-amak eta gainerako senideak, eta nahiz eta azolan bizi, Aintzaundieta Txiki beti izango da gure bigarren etxea.

– Badakit Joxe Batixta, badakit, ez zazizu arrazoirik falta, baina hala ere gogorra egiten zait Aintzaundieta Txikitik urruntzea, bera beti izan baita nire gogo eta ilusioen aterpe, nire irribarre eta malkoen lekuko, nire  egunen lagun ixila…, eta orain bere babesa uztean, urruntzean, pentsamendu horiek guztiak gogoan korapilatzen zaizkit.

– Tirri-tarra, tipi-tapa…, tirri-tarra, tipi-tapa…!

Iñaxi Urbiztondoren bertso galduak
Azaolako argazki zaharra

Joxe Batxitaren idi-gurdia bazihoan estratatik barrena, Iñaxiren arreoa garraiatuz. Idi parea lasai zihoab, tapa, tapa, tapa…!  Beti aurrera, Joxe Batixtaren akuiluak gidaturik. Bero handia zegoen, sargoria, bero sapa…, ez zen haizerik mugitzen, eta den-dena geldirik zegoela zirudien: zuhaitzeko hosto eta adarrak, soroetako belarrak…, dena geldi-geldirik, aurrera, beti aurrera jarraitzen zuen Joxe Batixtaren gurdia izan ezik.

Bero izugarriak, sargori handiak bi ezkonberriak izerdi patsetan jartzen zituen. Bero ikaragarria, bero petrala goiz hartan Ataungo zelaiak eta pentzeak goritzen zituena. Eguzkiaren argitasunak dena estaltzen zuen, izadia piztu nahiko balu bezala. Estrataren bazterretan altxatzen ziren zuhaitz adaxken tarteetatik eguzki izpiak igarotzen ziren bidea zaurituz. Belardietatik txirrita eta kilkerren kantu ozenak, zaratatsuak… etengabeki entzuten ziren —txirri-txirri! txirri-txirri! kil-kir, kil-kir, kil-kir!—  senar-emazte berrien belarriak alaitasunaren magiaz gainezkatuz. Eta bidetik barna, Azaola alderantz, gorantz…, aurrera jarraitzen zuen gazteen gurdiak, estratako hauts lotiak astinduz, harri txintxarrak harrotuz, eguzkiaren izpi distiratsuak zeharkatuz…

Eta hala ere, —txirri-txarra! tipi-tapa…!— beti aurrera, etorkizuneko habirantz, ametsetako Azaolara. Gurdi barruan denetatik ikus zitekeen, maindire zuri garbiak, Iñaxiren jantzi umil urriak, mahai eta sukalderako erramintak, metalezko argi-mutil ederrak… , horrelakoa baitzen Iñaxik Aintzundieta Txikitik Azaolara zeraman arreo umil bezain baliosa, pobre bezain jatorra. Gutxi geratzen zitzaien Azaolako teilatu eta tximinia ikusi ahal izateko, azken pagadia zeharkatu eta azken malda zorrotza igo, besterik ez. Laster Azaolako sua, Joxe Batxitaren senideak, bizimodu berria…, hauexek ziren Iñaxiren burutik pasatzen ziren gogoetak.

Halako batean, danbateko handi batek Iñaxiren gogoeta eta pentsamenduak moztu zituen. Danbaaa!!!  Tiro hotsa zen. Makurtu, Iñaxi, makurtu zaitez! — esan zion Joxe Batixtak— idi izutuak zuzentzen ahalegintzen zen bitartean. Arre, arre…!!!  —agintzen zien, behin eta berriz—. Lehen danbatekoaren segidan, bi gehiago entzun zituzten, eta gurdira min egiten zuen euri moduko zerbait erori zitzaien.! Makurtu, Iñaxi, makurtu! —esan zion, berriz ere, Joxe Batixtak—.  Azken tiro batek senarraren bizkarrean jo zuen. Eneee, jo naute! –oihu egin zuen—.

Iñaxi negarrez, gurdi hondoan etzanda zegoen, maindire, arropa eta goilara eta sardexken artean, mugitzeko beldurrez. Senar gaztea kolpatua zela jakin zuenean, azkarki mugitzen hasi zen eta zutituz Joxe Batixtarengana hurbildu zen.

– Ondo al zaude?, baina ez al dizute tiro bat eman? Ez daukazu odolik inon!

– Ez, Iñaxi, ez! Tiro egin digute, baina gatzarekin.

– Baina nork ? eta zergatik?

Bide bazterretik xixpa eskuan zuen mutik gaztea honela esaten ari zitzaien: Egun on, Iñaxi! Egun on, Aintzaudieta Txikiko alaba! Joan Joxe  naiz, gazte-gaztetik zurekin uztartu nahian ibili den artzaina, ez al nauzu ezagutzen? Ez naiz harritzen, inoiz ez didazu kasu mikorik egin! Ez duzu sekula deus nahi izan nirekin. Artzainak gutxi gara zuretzat eta horregatik Azaolako semearekin ezkondu zara. Ondo dago, tira aurrera! Egina egina dago. Baina ez nuen zutaz agurtu gabe gelditu. Agur Iñaxi, agur betiko!!!

Iñaxiren begiak ahotsa ateratzen tokirantz zuzendu ziren eta han eskopeta eskuan, hogei urte inguruko mutila ikusi zuen.

Iñaxi Urbiztondoren bertso galduak
Azaolako argazki zaharra

– Zu al zara Joan Joxe? Ez dut uste honelako agurrik merezi nuenik, baina jadanik egina duzula, eskerrik asko, motel! Jaki ezazu ez naizela Joxe Batixtarekin ezkondu bere ondasunengatik, maite dudalako baizik, eta nahiz eta betidanik jakin dudan nire atzetik zenbiltzala, beti eroarena jo dut zure aurrean, ez dudalako inoiz ezer zuregatik sentitu. Sinestu ezazu esaten dizudana, eta abia zaitez zure bidetik!!!

– Bai, Iñaxi, honela egingo dut. Zeruak argia eman diezazuen bizitzaren bidean!

– Agur Joan Joxe, agur!!!

 

Tirri-tarra, tipi-tapa…! Tirri-tarra, tipi-tapa…! Gurdiak bere bidean jarraitu zuen azken pagaditik atereaz, eta azken malda zorrotza igoz. Berehala, Azaolako atarira iritsi ziren. Hantxe zeuden Joxe Batixtaren guraso eta gainerako senide guztiak harrera ona egiteko. Senar-emazte berrien bihotzak poz-pozik zeuden, maitasunezko ametsez gainezka. Bidean gertatu zitzaiena ez zen deus izan, sargoriaren printzak, iraganaren itzalak, artzain gazte baten pasio beroa…  baina haien bizitza osoan zehar, bai Iñaxik eta bai Joxe Batixtak beti gogoratu zuten goiz bero hartan gertaturiko pasadizoa.

Iñaxi Urbiztondoren bertso galduak  Iñaxi Urbiztondoren bertso galduak  Iñaxi Urbiztondoren bertso galduak  Iñaxi Urbiztondoren bertso galduak  Iñaxi Urbiztondoren bertso galduak  Iñaxi Urbiztondoren bertso galduak

Euskaltzalea eta irakasle-ohia