Iñaki Salvador: “Jazzaldirik gabe, akaso ez nintzateke musikaria”
Iñaki Salvador: “Jazzaldirik gabe akaso ez nintzateke musikaria” –
“Jazzaldirik gabe akaso ez nintzateke musikaria -edo zehatzago- musikaria seguruenera bai, baina ez jazz musikaria”. Halaxe adierazi du Inaki Salvador piano joleak Donostia Jazzaldia saria jasotzear zela, pozez zoratzen. Izan ere, Salvadorren ibilbidean sekulako garrantzia izan du Donostiako jaialdiak, eta norbere hirian sari potolo bat jasotzea ez da ahuntzaren gauerdiko estula.
Gainontzeko musika jaialdi erraldoi gehienak bertan behera gelditu diren bitartean, Donostia Jazzaldiak ausardia erakutsi eta aurrera egin du, bere burua berrasmatuta. Eta pandemiak, beste gauza askorekin batera, hurbilekoak zaindu beharraren garrantzia azpimarratu digunez, festibalean gehien jo duen musikaria omentzea erabaki du aurten Jazzaldiak: 1982an talde lehiaketan parte hartu zuenetik, hogei inguru egitasmo ezberdin oholtzaratu baititu Salvadorrek Donostiako jaialdian, “nik neuk aurkeztutakoak batzuk, eta jaialdiak proposatutakoak beste batzuk”.
“Jazzaldiak eskuzabal jokatu izan du beti nirekin”, adierazi du donostiarrak, “beti eman izan dizkit aukera ederrak, sustagarriak, eta konfidantza izan du nigan”. Horregatik, Donostia Jazzaldia saria jaso lezakeen garrantzitsuena dela dio, “bereziena. Nire hiritik dator, eta Jazzalditik iristen zait”.
Donostiarrak elebitan egin ditu adierazpenak, euskaratik gaztelerara eta gazteleratik euskara etengabe salto eginez. Aurretik, argazki saioan, euskara ikastea jazz musika jotzea bezain zaila dela egin du txantxa, eta bere kasuan izan daiteke, jada gure hizkuntzan zeinen ederto moldatzen den ikusita.
Musikeneko irakasleak jakin badaki bizi dugun egoerak baldintzatuta helduko dela saria bere eskuetara, “jaialdi honek jazz legendak saritzeko joera baitu”. Baina hurbilekoari egindako keinu legez hartzen du, “eta polita da; nazioarte mailan izan ala maila lokalean, zirkulu kontzentrikoetan gabiltza, eta jaialdiak Euskal Herriko jazzaren historian garrantzitsutzat dituen artistak saritu nahi baditu… datozela gehiago”. Pandemiarekin jarraituta, gainera, gizarte bezala hausnarketa sakona egin eta orain arteko bizimodua berpentsatzeko premia dugula iritzi dio musikariak.
.
Jorge Pardo eta Chano Dominguezekin batera
Jazzaldiak aurten bere burua berrasmatu behar izan duela-eta, “zirraraz bizi izan dut prozesua -onartu du-. Duintasun eta kuraia ariketa bat egin behar izan du, eta poztasunez aldarrikatu du kultura. Krisi bat bizi dugu -humanitario, ekonomiko edo sanitario, sakonean denak balore krisiak direla deritzo-, eta kultura funtsezko elementua da krisietan, oso baliagarria, eraldatzailea baita”.
Iñaki Salvador, Chano Dominguez eta Jorge Pardorekin batera izango da omendua, Jazzaldiak aurten hiru sari banatzea deliberatu baitu. Aspektu honetan, “elkarbanatzea ederra da” esan du piano jotzaileak, horrek talde sena ematen baitio sariari, musikariak azpimarratu nahi izan duenez. Piano joleak zendu berria du anaia nagusia, eta berari gura dio eskaini saria, txikitan inspirazio izan baitzuen gerora musikari bihurtzeko.
Aurten bi hitzordu ditu Iñaki Salvadorrek Jazzaldian, berarekin batera saritu dituzten Chano Dominguez eta Jorge Pardorekin -azken honekin larunbata eguerdian, Victoria Eugenian-.
Prentsaurrera agertu ostean, hain zuzen ere, Chano Dominguez zuen zain, bideodeien bitartez prestatu duten emanaldiaren entsegu bakarra egiteko. Eguerdian entsegatu eta arrastian jendaurrean jo, horixe zuten plana, eskarmentu handiko bi jazz musikariri dagokien legez; “egundoko erronka!”. Eta bai gainditu ere, zuzeneko fresko, irudimentsu eta dibertigarria joz, zaleen gozamenerako.
Dena esatera, atzo euskal jazzak pisu nabarmena izan zuen Jazzaldiko egitarauan. Arratsaldean Iñaki Salvadorrek Kursaal aretoan jo bazuen, jaialdiko oholtzarik ikonikoenean, Trinitate Plazan, bi boskote eta bi Mixel izan genituen, Ducau Oreka TX-n eta Portal bere boskote berria gidatuz. Lehenek “Klokea” azken lana aurkeztu zuten, oso zuzeneko dinamikoan, sendotasun handiz. Bigarrenak, Michel Portal baionarrak, 2018an irabazi zuen Donostia Jazzaldia Saria, eta beraz, aurten Salvadorrek izan duen aitortza jaso zuen lehen euskalduna dugu. Oso emanaldi umoretsua eskaini zuen, bizi bizia eta iradokitzailea. Apartekoa, benetan apartekoa izan zen Oreka TX-k Michel Portal oholtzara gonbidatu eta elkarrekin jo zuten pieza. Izugarria!