Ikusi arte Berri Txarrak II
Ikusi arte Berri Txarrak II –
Zorionekoa izan den lagun batek bidali dit sarreraren irudia jakinda garrantzitsua dela niretzako… honengatik:
Milaka argazki egin ditut azken 5 urteetan eta denbora aurrera joan ahala ohartu naiz zein garrantzitsua den traszenditzea. Musikariak bilatzen du kanten bidez, margolariak artelanen bidez edo idazleak hitzen bidez. Neure kasuan milaka argazki sareetan zabaldu dira eta momentuan izan dute sarritan oihartzunen bat, baina konturatzerako badoaz Interneteko zurrunbilora eta akabo. Badira hala ere gutxi batzuk, dela diskoetan edo beste euskarrietan argitaratu direlako, dela agertzen diren pertsonentzako garrantzistuak direlako… haraindikotasun hori lortu dutenak. Azkena da sarrerako hau.
Aurreko astean kasualitatez ahizpen arteko Olentzero opari batentzako eskatu zidaten irudia eta bi egunetara heldu zen BTX lantaldearen mezua ere. Neska batek Gabon Gauean jasoko du maitasun osoz eta 10.000 pertsonek jaso dute honezkero bere e-mailean. Ikuspegi kritikoz aztertua ez da sekulako irudia; ez dago niri gustatzen zaidan bezain garbi behintzat. Alabaina, zerbait atzeman diote eta pozten naiz horregatik. Teknika egokia ez duen argazki inperfektua egokiena izan daitekenaren teoria baieztatzen da, beste behin ere. Nabarmentzekoa ere diseinatzailearen lana bikain uztartuz elementu guztiak eta zentzu orokorra emanez.
Muinera bueltatuz. Noizbehinka Facebook-en ezagunen batek orain dela 20 edo 30 urteko sarrera baten irudia igotzen du, askotan pezetetan ordaindua, urrea balio balu bezala gordeta. Paper soila da… eta aldi berean bizitzako momentu ahaztezin baten oroigarri ordainezina. Ziur nago BTXn sarrera hau ere askok gordeko dutela/duzuela gau ahantziezin baten egiaztagiritzat. Izan ere, ez da kontzertu bat gehiago izango, hamarkadako kontzertu esanguratsuena izan daiteke, akaso.
Ez dakit zergatik aukeratu duten nire argazkia, benetan… baina atzean dagoen horrenbesteko esfortsu eta sakrifizioei zentzua ematen diote horrelakoek. Horregatik, espero hurrengo azaroaren 23an milaka argazki egitea, posible den heinean, traszendenteak.
Agurreko kontzertuaren kartela, BECen atera nien argazkiarekin