Hauxe da «2016aren» benetako legatua

Hauxe da «2016aren» benetako legatua –

Mikel Iturriak Harrikadak blogean.

Gremiokoa, kultur gremiokoa, den lagun batekin ari nintzen telefonoz. Ez dela ezertara iristen. Asko kostatzen zaiola zerbaitetan eta norbaiti sinestea. Erabat ados ni. Ez ote dugun jada gezurrak esateko gure ahalmena nabarmen gainditu. Simulakroan bizi gara?

Hauxe da «2016aren» benetako legatuaDuela ia hogei urte, mezu elektroniko bat idatzi nuen, bi pertsonari zuzendua. Ahaztu egin zait zergatia, baina oso gogoan dut mezuaren izenburua: ¿Semos (sic) tontos o qué? (Tontuak gera o zer demontre?). Geroztik, dezente okertu da egoera.

Tonto aurpegia 2016ko kultur hiriburutzarekin geratu zitzaidan: mugarria izan zen. Eta orain ordaintzen ari gara lan egiteko modu bati zilegitasuna eman izana.

Donostiako historia hurbilean izan dugun urterik luzeenak egutegian zenbakia erakutsi baino bizpahiru hilabete lehenago Tabakalera izeneko Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa inauguratu zen (2015eko irailaren 11n). Traba asko eta ugariak izan ditu, baina nagusia, guztia biltzen zuen benetako proiektua baldin bazegoen, ez dela inondik agertu edo ez dutela errespetatu. Eta horrela ez dago kruzero abiadura hartzerik.

Aste honetan bertan uko egin dio karguari Ane Rodriguezek, kultur zuzendariak, eta liburutegiko (UBIK) langileriaren gehiengoa greban da, lan baldintza kaskarrak direla medio.

Larunbateko Berrian Haizea Barcenillak zioen Rodriguezek duen artearen ikuspegia zokoratua izan dela «hirien festibalizazioaren» marko (paregabearen) baitan.

Donostian turismoak agintzen du eta, denen gainetik, ostalaritza ikusteko modu batek. Benetako agintea dutenek ondo baino hobeto dakite ze tekla jo, noiz eta nola, agendan gabonetako argiak eta noria bezalako gaiak egoteko. Aspaldi Saizarbitoriak esan bezala: ea esertokiak urdinez, txuriz edo txuri-urdinez margotu behar ditugun bezalako eztabaida txatxu horiek. Eta horri buruz ari garelarik, ez ditugu beste gauza batzuk jorratzen.

Baina egi borobila da hemen ez garela letra larriz idatzitako Kulturaren zaleak. Hemen postureoak agintzen du.

Garai hauetan ez du hainbeste inporta zer egiten dugun, baizik nor den aita edo ama. Hau da, laguna bada, zoragarri. Gainerakoa, kaka, putza eta zikina.

Dena ondo lotuta dagoela dirudi. Baina izan daiteke itxura(keria) eta uste baino sueltoago egotea, arazoaren muina agintedunak antolatuta egotea baita eta gu, hemen eta orain, ez. Eta ez dago askoz ere gehiago esateko.

Tira, badago azken kontu bat, bai: ez ote den denbora eta dirua amaitzen ari.

Feliz falsedad!

.

P. S.: nik gaur Rekalde tabernari buruz idatzi nahi nuen baina hau atera zait.
Hauxe da «2016aren» benetako legatua Hauxe da «2016aren» benetako legatua

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.