[Kafe Aleak] Iker Yurrebasok Danba
[Kafe Aleak ] Iker Yurrebasok Danba –
.
Danba
“Plataforman” (Tsunami, 1989)
.
Noizko?
…
Zer energia kontsumo behar dugu bizitzeko? Ondo bizitzea nahikoa al da, ala hobeto bizi nahi dugu, etengabean? Petrolioa errazionamenduan sartzen denean, orduan zer? Noiz jarriko ditugu martxan kutsadura murrizteko baliabideak? Benetan behar al ditugu hainbeste auto? Mugikortasuna mugatu behar al dugu? Gure erosotasun mailari uko egiteko prest al gaude? Elikadura-subiranotasuna posible al da? Nolakoa izan behar du industriaren eta nekazaritza, arrantza eta abeltzaintzaren arteko orekak? Monolaborantzak nor aberasten du? Patroiek zergatik irabazten dute horrenbeste? Zertan datza eskubide hori? Inor al dira langileak gabe? Lan intelektuala eta praktikoa bateragarriak al dira? Bata egiten duenak bestea ere egin al dezake? Administrazio edo zuzendaritzatik produkziora pasatzeko gai izan behar al dugu? Eta alderantziz? Arduren errotazioaren alde al gaude? Noiz arte egin beharko dut lan nik? Noizko jaia eta gero jaia? Noiz langilearen urtea eta ez bakarrik eguna? Noiz emango digute noiz sei hilabeteko oporraldia? Enpresariak, ideia berea dela esaten duenean, zer esan nahi du, jenio bat dela, ala kopiatzen oso ona dela? Zer portzentaje betetzen du armamentuaren industriak Euskal Herrian? Ezagutzen al da sozialki portzentaje hori, eta ados al gaude? Tankeak produzitzen ditugu? Eta fusilak? Banketxeen eskutan bagaude, seguru al gaude? Bidezkoa al da banketxeek horrenbesteko boterea izatea? Abiadura bizia kalitatezko abiadura al da? Errepide gehiago behar ditugu? Natura pribatua ala publikoa da? Eta etorkizuna? Lider bat sostengatzea fidagarria al da, politikari konkretu bat sostengatzea? Zergatik hartzen dira erabakiak goitik behera, eta ez behetik gora? Nork dio ez garela erabakitzeko gai? Boterera iritsi nahi dugu? Boterea justua al da? Elizak nolatan du hainbeste ondasun? Sexuarekiko buruko itxikeria hori bertutea al da? Bai? Garrantzitsuagoa al da azpiegituretan kulturan baino gehiago inbertitzea? Noizko gazteentzako lokalak? Noizko kanuto bat dohainik? Noiz inauteriak izango dira urte osoan? Noiz bukatuko dugu aprobetxategi guztiekin? Hezkuntza askea eta sortzailea al dugu? Nahi duguna ikasten dugu? Etorkinekin gorpuzten dugun harreman mota berdintasunezkoa al da? Nor da migratzailea, eta nor ez? Nola ziurtatuko dugu euskararen biziraupena, inguruko erdaren ondoan hizkuntza minorizatua dela kontutan harturik? Euskaraz bizitzea posible al da egun? Telebista osasuntsua al da? Ez al dago zabor gehiegi telebistan? Ez al dugu polizia gehiegi kaleetan? Eta ez al da bortitzegia polizia hori? Debekatzea debekatuko al zenuke? Droga guztiak legeztatuz gero, eta baita prostituzioa ere, adibidez, orduan mafiak desagertuko lirateke ala gehitu? Nork ez du indarkeria erabiltzen? Nor dago libre indarkeria gaitzestetik? Sendabelarrak monopolizatzeko eskubidea al du industria farmazeutikoak? Noiz zazpiak egingo dira bat? Noizko atea utzi zabalik? Noiz etorkizuna berdea eta ez iluna? Gorria eta ez iluna? Noiz arte egon beharko dugu sistema honen menpean? Noizko Euskal Herri euskalduna? Noiz arte iraungo dugu honela? Ohartzen al gara mundu globalean dagoen miseriaz? Ezikusiarena egitea humanoa al da? Berekoiak al gara izatez? Irabazleak eta galtzaileak egon behar al dute? Kritika hutsean geratzen denak zerbait egiten al du aldaketarako? Iraultzak beldurra ematen al digu? Iraultza bat beharrezkoa da, ala sistema gozoki aldatuko da? Zerbait egin dezakegu? Zerbait egin nahi al dugu? Sistema kapitalistaren morroiek aldaketaren aurrean era baketsuan jardungo al dute? Ala biolentziari beste izen bat jarriko diote? Garapenak muga bat al du? Muga horretatik gaindi al gaude? Sozialistak gara? Zer da sozialismoa egun? Eta anarkismoa, zer da? Idealistak al gara? Edo kapitalistak funtsean? Gozoak ala gaziak gara? Behean gaude ala goian? Imajinatzen duzu mundu berri bat? Izango zinateke gai mundu berri hori irudikatu edo esplikatzeko? Galdera hauek guztiek aztoratzen al zaituzte? Ala zuri bost? Beste galderarik bururatzen zaizu? Galdera gehiegi direla uste al duzu? Izango zinateke gai honako galdera hauei banan-banan erantzuteko? Nahiko zenuke gelditzea nire jarioa? Nor gara, eta nor ez? Zerbait ikasi al dugu? Badakigu nora goazen? Atzamarrari begiratzen diogu ala ilargiari? Bat guztiontzat, eta guztiok batentzat? Positibo ala negatibo? Ala biak?
.
Danba taldearen Plataforman diskoa, 1989. urtekoa.
Ezin esan ahalko da diskoa atzokoa denik, ezta atzo aurreko egunekoa ere…
Baina Noizko abestiaren letrak gaurkotasun kutsu bat badu…
Eta saxo hark hankak dantzarazten dizkit oraindik…
.
Iker Yurrebaso (Igorre, 1979) Musikazalea
.
.