Ikasgela eta bertsolaritza, uztarri berean

MjIyMQ==

Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak Zarauzko Udaleko Euskara Zerbitzuarekin batera antolatzen duen “Ahozkotasuna eta Bertsolaritza” proiektuan parte hartu duten Zarauzko ikasleek, ikasturte amaierako jaialdia izango dute hilaren 12an, asteazkenean, Aritzbatalde pilotalekuan. Bi txanda izango dira, bata 17:30ean, eta bestea 19:00etan. Lehen Hezkuntzako 3., 4., 5. eta 6. mailako 392 ikaslek parte hartu dute aurten bertsolaritzaren bitartez ahozko komunikazioa lantzea helburu duen egitasmo honetan, hau da, iaz baino 45 gehiago. Astearteko jaialdia lan horren erakusgarri izango da, beti ere umore onari leku eginez.

2004-2005 ikasturtean ekin zitzaion Zarautzen proiektua lantzeari herriko hainbat ikastetxetan. Bertsotarako zaletasuna pizteaz gain, haurren eta gazteen aurrean euskara prestigiatzeko eta erabiltzeko motibazio pizgarri da ikastaroa. Ikasleen euskararen erabilera maila eta kalitatea handitzea ere lortzen da horrela. Gainera, bertsogintzak eskolarako tresna didaktiko gisa duen potentzialtasuna azpimarratzen dute antolatzaileek: ahozko adierazpidea hobetzeko, komunikazio estrategia eraginkorrak baliarazteko, hizkuntza aldetiko sormena bultzatzeko, jendaurrean egoteko eta hitz egiteko oztopoak gainditzeko, ideiak ordenatzen laguntzeko eta komunikatzaile onak hezteko, besteak beste.

Metodoa ondorengoa da: bertsolari batek ordubeteko eskola ematen du hamabostean behin gela bakoitzean, eta tarteko astean ikastetxeko irakaslea arduratzen da programa haurrekin lantzeaz. Irakaslea bertsolariarekin batera egoten da gelan, batetik zubi lanak egiteko eta bestetik proiektuaren jarraipena egiteko. Gaztea izanagatik, plaza zein txapelketetan maila bikaina erakutsia duen Jokin Uranga azpeitiarra izan dute Zarauzko ikasleek maisu. Hark lagunduta, hainbat gai landu dituzte: bertsogintzaren historia, irudimena eta sormena, bertsoak egiteko teknikak, ideien antolaketa, memorizazioa, entzuten ikastea, talde lana eta jarrera parte hartzailea… Hori guztia, helburu nagusi batekin: hizkuntzarekin jolasean aritzea eta gozatzea.

Beste horrenbeste egingo dute asteazkeneko jaialdian. Saio bakoitza ordubete ingurukoa izango da, eta ikasturtean parte hartutako ikasle guztiek abestuko dute bertsoren bat taldeka. Ikastetxe bakoitzeko ikasle talde bakoitzak bost minutu inguruko emanaldia prestatu du Jokin Urangaren eta ikastetxe bakoitzeko irakasleen laguntzarekin. Antzerkiarekin ere uztartuko dute. Saio guztiak ikasleen lanaren ondorio dira, hau da, emanaldiko ideiak zein bertsoak neska-mutilek landu  eta sortu dituztenak izango dira, eta eurak izango dira protagonista oso eta bakarrak. Festa polita eta giroz beterikoa izango da. Oso motibagarria da haientzat ikasi dutena jendaurrean aurkeztea. Taldeka bideratutako proiektuaren emaitzak taldeka gozatzea eta konpartitzea ere oso aberasgarria da, antolatzaileen esanetan. Gurasoek eta gertukoek, berriz, zenbat aurreratu duten ikusi, eta haien ahaleginari esker ona adierazteko parada bikaina izango dute. Jaialdiarekin batera, liburu bana emango zaio ikasle bakoitzari ikasturte amaieran.

Liburuak Bertsometa izena du, eta Gipuzkoan dabiltzan talde guztiak biltzea du helburu. Talde bakoitzaren argazkia eta eurak egindako bertsoak topatuko dituzte bertan. Izan ere, 8.000 ikasletik gora izango dira aurten Gipuzkoa osoan zehar maiatza eta ekainean egingo diren herri mailako 70 jaialdietan. Euskal Herri mailan, berriz, 15.500 ikasle batu ditu egitasmoak. Zarauzko ikastetxeak oso  gustura daude programa honekin: La Salle, Orokieta, Antoniano eta Salbatore Mitxelenak datorren ikasturtean ere proiektuarekin jarraitzeko asmoa adierazi dute. Beraz datorren urtean ere Zarauzko ikastetxeetako 17 taldek landuko dute proiektua. Jada badaramatzate urte batzuk Bertsozale Elkartearekin elkarlanean, eta ikasleen, irakasleen, zein parte hartzen duten bertsolarien balorazioa oso positiboa da. Ikastetxeen lana eta dedikazioa eskertzekoa da eta ekimen hau aurrera eramateko jartzen duten gogoak euskara eta euskal kultura hedatzeko duten konpromisoa erakusten du, beste behin. Hori dagoeneko ez da albiste berria.

Irudia | Zarauzko bertsolari berriak. | Imanol Lasa | Creative Commons By SA